Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Ekitaldiz jositako egitaraua herriko zaindariaren eguna ospatzeko

2024/02/01

Beasaingo Odolkiaren kofradiak bere XXXVII. kapitulua ospatuko du eta Lemniskata elkartea eta Aitor Buendía kazetaria kofradiako ohorezko kide izendatuko ditu

Urbiberri gizarte zentroak, Isabel Aldaregia Latorre eta Jose Mari Orbezabal Rábanos bazkideak omenduko ditu bere jaiaren barruan

Urrezko binakako aizkolari txapelketa bezperan jokatuko da Dolarea parkean. Gainontzean, haurrentzako pailazoak, Murumendi pilota eskolako haurren partiduak, eta musika ibiltaria egongo dira

Beasaingo Udalaren helburua izan da Loinazko San Martin egunari garrantzi berezia ematea. Herriko zaindariaren heriotzaren eguna goratzeko, otsailaren 5ari esanahi berezia eman nahi zaio eta hartara, ekitaldiz jantzi dute aurten ere Udalak eta herriko hainbat eragile eta elkartek eguna. Aurten astelehena izan arren, nortasunarekin eta tradizioei lotutako ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte eta hauek aurkezten izan dira udaletxean. 

Agerraldian Leire Artola alkatearekin batera,  Elena Ruiz merkataritza eta kirol arloko zinegotzia, Juanjo Ganzarain eta Martin Urkiola odolki kofradiaren kideak, Carlos Posa Urbiberri gizarte zentroko ordezkaria eta Luis Mari Bengoa Egur Sport elkarteko arduraduna egon dira. Bakoitzak bere aldetik azaldu ditu ekitaldien xehetasunak. 

Alkatearen hitzetan, “herriko zaindariaren eguna ospatzeak Beasainen kultura eta historia erakusten du, eta beasaindarrak batzen gaitu. Hargatik, herritartasun hori indartu eta adierazi nahi dugu, esanahia eman nahi diogu. Ospakizun honetan, jaia, dantza, musika, eta gastronomia izan ohi dira protagonista eta aurkeztera gatozen egitaraua horren adierazpide da”. 

Elena Ruiz, merkataritza eta kirol arloko zinegotziak segidan, otsailaren 5ari lotutako ekitaldien berri eman du. Musikarekin lotuta, igandean, otsailaren 4an, Santa Ageda bezpera, Andre Mari jasokundearen parrokian 12:00tako mezan, Loinatz eta Narama abesbatzak abestuko dute. Kantujirakoak aldiz arratsaldean irtengo dira kopla kantari 18:30ean. Igandean jarraituz, herri kirolen ordua izango da Urrezko aizkolariekin.  

Urrezko binakako aizkolari txapelketa

“Urrezko” aizkolarien txapelketak ez du hutsik egingo aurten. Beasainen jokatuko den jardunaldia otsailaren 4an, eguerdiko 12:00etan hasiko da Dolarea parkean (euria egingo balu Antzizar kiroldegiko frontoian). Herri kirola zaindu eta bultzatzeko helburuari eusten dio Udalak ekitaldi honekin. Aizkoran lehian izango diren bikoteak ez dira nolanahikoak Luis Mari Bengoa antolatzaileak azaldu duenez, goi mailako izenez osatua dago Beasaingo saioko kartela. 

Honela, 2024ko urrezko binakako aizkolari txapelketa Eusko Label Saria lehiaketako jardunaldian nor baino nor ariko dira hiru bikote hauek: Iker Vicente eta Arkaitz Etxebeste, Julen Gabirondo eta Xabier Zaldua, eta Joxean Etxeberria eta Oier Kañamares. 36 enbor bost izakeratan moztu beharko dituzte. 

Gazte mailako banakako aizkolari txapelketari dagokionez, Isidro Velasco Markel Kortinaren aurka eta Aritz Oiarbide, Jakes Iruretagoiena “Izeta V” aurka arituko dira. Egitaraua osatzeko, Binakako gizonezkoen harrijasotze txapelketan, Aimar Galarraga eta Beñat Telleria ariko dira eta emakumezkoen banakako harrijasotze txapelketan Karmele Gisasola “Zelai III” jardungo da lanean. 

Ekitaldia ETBk grabatuko du arratsaldeko 16:00etan bere lehen katean eskaintzeko.

Lemniskata eta Aitor Buendía ohorezko kofrade berriak

Loinazko San Martin egunean protagonismo berezia izaten du Beasaingo Odolkiaren Kofradiak. Aurten 37. kapitulua ospatuko dute eta kofradiako ohorezko kide berriak izendatu. Aurten izendapen hori honako hauek jasoko dute: Lemniskata zientzia elkarteak eta Aitor Buendía kazetariak. Juanjo Ganzarain kofradiako kideak azaldu du 21 kofradietako 90 ordezkari izango direla Beasainen; 12 Hego Euskal Herrikoak, 1 ipar Euskal Herrikoa, 2 Galiziar, 3 Kantabriakoak, eta bana Errioxa, Valladolid eta Zaragozatik. Ekitaldi nagusia eguerdiko 12:00etan burutuko da Loinazko San Martin plazan baina aurretik eta ondoren kanpotik datozen kofradiei ongietorria egin eta desfilea, meza nagusia, zaindariaren estatuan lore eskaintza eta dantza, Zubimuzu plazan odolki dastatze herrikoia eta plazapean adiskidetasun bazkaria egingo dira. 

Goizeko ekitaldietan lagun eta gidari izango dituzte Goizeresi elkarteko txistulariak eta Loinatz Musika Eskolako banda. Eguerdian plazako kioskoan emanaldia eskainiko dute ekitaldi nagusiaren atarian.  

Urbiberrin omenaldia

Urbiberri gizarte zentroko ordezkari Carlos Posak, egoitzak antolatutako ekitaldien berri eman du. 1.000 bazkide inguru biltzen dituen gizarte egoitzan 13:30ean, bazkideentzako hamaiketakoa eskainiko da. Arratsaldeko 17:00etan Isabel Aldaregia Latorre eta Jose Mari Orbezabal Rabanos omendu ondoren, Aurtzaka dantza taldeak dantza-saioa eskainiko du. Ondoren 17:30ean Gurea abesbatzaren ekitaldia izango da. 18:00etan Urbiberri Gizarte Zentroko “Argi” dantza taldeak emanaldia eskainiko du eta ondoren dantzaldia 21:00ak arte luzatuko da. 

Musika, pilota partiduak eta pailazo ikuskizuna

Eguna borobiltzeko, beste ekitaldi batzuen berri ere eman dute udal arduradunek. Honela, Murumendi pilota eskolako neska-mutilen pilota partiduak arratsaldeko 16:30ean jokatuko dira Gernika pasealekuko frontoian. Etorkizuneko pilotariak ikusteko aukera ezin hobea. Musika ere kalez-kale barreiatuko du 18:00etatik aurrera “ Bentazaharreko mutiko alaiak” taldeak. Eta familia osoarentzat 18:30ean, Ekain pailazoaren "Slapstik" ikuskizuna Erauskin plazan. Euria egingo balu La Salle ikastetxean izango da.

Santageda jaiak Matxinbenta auzoan

Garai berean Santa Ageda jaiak ospatzen dira Beasaingo Matxinbenta auzoan. Duela bi urte ospatu ziren azkenekoz pandemia eta beste arrazoi batzuk medio. Aurten auzotarrek berriro heldu diote Santa Ageda jaiak ospatzeko ohiturari eta otsailaren 3, 4 eta 5erako egitaraua antolatu dute. Udalaren web-eko agendan aurkitzen dira ekitaldi guztiak adierazita, eta herri kirolak, bertso afaria, pilota partidak, eta musika ez dira faltako.   

Udal arduradunek, herriko eragile eta elkarteen lana eskertu dute otsailaren 5ari merezi duen garrantzia emateko egindako lanagatik eta herritar zein kanpotik etorriko direnei gonbidapena luzatu diete ospakizunetan parte hartu dezaten. 

otsailak5 aurkezpena 2