Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kirola

Emakumeen binakako pilota txapelketako jardunaldi erabakigarria jokatuko da Beasainen

2025/03/14

Txapelketako finalerdietarako postuak jokoan daude eta igande honetan erabakiko da Antzizar kiroldegian jokatuko diren bi neurketetan

Udalak kirolean ere berdintasuna sustatzeko, Euskal Herriko emakume pilotari profesionalei ikusgarritasuna eman eta afizioa sortzea du helburu  

Emakume pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketaren bi partida jokatuko dira igande honetan goizeko 11:30etik aurrera Antzizar kiroldegian. Emakume pilotari profesionalen txapelketa bakarra da honakoa eta Beasaingo Udala eta Ados pilota elkartearen lankidetzari esker, lehen mailako emakume pilotarien arteko neurketa bertatik bertara jarraitu ahal izango da. 

Antzizar kiroldegian burututako aurkezpenean Leire Artola alkatea, Elena Ruiz kirol zinegotzia, eta Ados emakumeen pilota elkarteko (emakume pilotari profesionalak biltzen dituen elkarte bakarra) ordezkariak izan ziren jaialdiaren berri ematen. 

Emakume pilotari profesionalak

Laugarren urtea da gutxienez emakume pilotari profesionalen binakako txapelketa Beasainen jokatzen dela. Leire Artola alkateak, nabarmendu duenez, Udalak bertako kirolak sustatzeko duen konpromisoaz gain berdintasun irizpideei jarraituz gizonezkoen pilota jaialdien antzera emakumezkoenak ere antolatu eta sustatzeko konpromisoa du udal gobernuak. Berdintasunaren aldeko bidea denok elkarrekin egin behar dugula normaltasunez erantsi du alkateak. Ildo horretan, emakume pilotariak profesional izateko lanean jarraitzen du Ados elkarteak eta Beasaingo Udalak ekimen honi eutsiz jarraitzen du. 

Finalerdiak erabakitzeke

Emakumezkoen binakako pilota txapelketan asteburu honekin 40 partidu jokatuko dira. Abenduaz geroztik abian dago lehiaketa eta 22 leku ezberdinetan jokatu da. Asteburu honetako partidak erabakigarriak izango dira finalerdietarako nortzuk sailkatuko diren jakiteko eta zein postuetan. Lehia estua da, ikusi besterik ez dago azken unera arte ez dagoela ezer erabakita. Maite Ruiz de Larramendi arduradunaren hitzetan “Lehen lau bikoteak zeintzuk izango diren jakitea ez da batere erraza”. Finalerdiak martxoaren 22an Donostiako Atano IIIan eta 23an Biarritzeko Plaza berrin jokatuko dira eta final handia Iruñeako Labriten 29an.

Beasaingo jaialdia igandean martxoaren 16an, 11:30ean hasiko da. Txapelketako bi partiduak hauek izango dira, Ruiz de Infante eta Orbegozo, Arrieta eta Galeanoren aurka, eta ondoren Oskoz eta Agirre, Barrokal eta Arrastiaren aurka. Antzizar kiroldegira igande honetan bertaratzeko deia egin dute azkenik antolatzaileek. 

 pilota emakume 1