Hasi dira urtaro honetako lehen barazkiak agertzen, hala nola, porruak, pak-txoi aza, eskarola edo azalorea
Urriaren hasieran udazkeneko fruta eta barazkiak agertzen hasi dira. Larunbat honetako azokako postuak berrituko dira, eta urte sasoi honetako barazkiekin elikadura ona izateko aukerak ere bai. Hala ere, udako barazki batzuk ere oraindik begibistan izango dira, esaterako lekak eta piperrak. Dena den hasi berriak dira, porruak, pak-txoi aza, eskarola, edota azalorea.
Beraz, urte sasoi honetako fruta eta barazkiak ezagutzera gonbidatuta daude bezero eta erosleak hileko lehen larunbateko azoka berezian. Beti bezala, garaian garaiko eta bertako elikagaiak aprobetxatzea gomendatzen da.
Barazkiez gain, beste produktu batzuk saltzen dituzten postuak ere izango dira: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak eta haziak.
Tailer didaktikoaren orduan, Hazi ta Hezi establezimendua duen Jenny Cruzek, borlatxoekin baserriko animaliak egiten erakutsiko du.
Egitaraua
Larunbat honetako azokako egitaraua, hau izango da:
- 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.
- 11:30 Borlatxoekin baserriko animaliak egiteko tailerra Hazi ta Heziren eskutik
- 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.
- 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.
Bertakoa eta garaian garaikoa kontsumitu
Bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta kontsumitzaileek azoka eta bertako produktuak ezagutu eta horiek kontsumitzeak dituen onurak ezagutzera eman eta sustatzea da udalaren helburua. Era berean, bezero gazteak erakartzea eta harremanak sustatzeko topagune izatea ere bada asmoetako bat, azokak berarekin dituen onurek iraupena izan dezaten belaunaldi berrien artean.