Udalei euskara hutsez aritzeko aukera zabaltzen dien 2016ko Udalen Legearen aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emandako sententzia salatu du udalbatzak, Alderdi Sozialistaren aurkako bozekin eta Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin
Oporren aurretik burututako azken ohiko bilkurako erabaki aipagarriena EAJ eta EHBildu alderdiek aurkeztutako adierazpen instituzionalaren onespena izan zen. Bi aldeek irakurritako adierazpenean, Euskalgintzako eragileekin batera bi alderdietako hautetsiek "Hizkuntza eskubideen aurkako epaiaren aurrean" sententzia honek eragindako kezka larria azaldu zuten.
Adierazpen instituzionala, EAJ (9) eta EHBildu (5) alderdietako ordezkarien aldeko boza jaso zuen. Alderdi Sozialistak (2) aurka bozkatu zuen eta Elkarrekin Podemos-eko zinegotzia abstenitu egin zen.
Alkatearen ahotan, “Kezkagarria eta larria da sententzia, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu. Euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du”.
“Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain baliogabetutako Udal Legea. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan”.
Osoko bilkuran aho batez onartu zen Goiekiko administrazio kontseiluan parte hartzeko ordezkarien izendatzea. Ordezkariak, Leire Artola, Hasier Agirre eta Eva Alvarez izango dira.