Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Udal eraikinen historia jasotzen duen liburua aurkeztu da

2025/03/14

Juantxo Unanuak eta Xabier Garmendiak duela ehun urte egungo Udaletxearen eraikuntzari buruz egindako ikerketa-lana jasotzen da liburuan, eta argitaratu gabeko dokumentuak eta irudi historikoak jasotzen ditu. Salgai dago 10 euroan, Jon Aranbururen liburudendan eta Mirentxu liburudendan

Beasaingo udaletxeko Batzar aretoa lepo egon zen, Juantxo Unanua Artolainek eta Xabier Garmendia Garciak, “1924-2024 udal-eraikinen mendeurrena/Centenario de los edificios municipales” ondutako liburuaren aurkezpenean. Leire Artola alkateak aurkeztu zuen ekitaldia, udal eraikinen ehun urteko historia oroitarazten duen argitalpen honen garrantzia azpimarratuz eta egileek egindako lan eskerga eskertuz.

Liburua efemeride honen harira Beasaingo bi autoreek egindako ikerketa sakon baten emaitza da. Ikerketa-lana urrian eskaini zen hitzaldian eman zen jakitera. Orduz geroztik, informazio berria bildu dute egileek liburuan. Dokumentazio historikoa eta hainbat garaitako argazkien aukeraketa batekin zabaldu da informazioa, baita udal artxibotik ateratako planoekin eta beste dokumentu batzuekin ere.

Udaletxearen eraikuntzaren historia kontatzeaz gain, argitalpenak udal eraikinak inguratzen dituzten beste elementu ikoniko batzuei buruzko informazioa ere jasotzen du, hala nola kioskoa, plaza, edota erlojua, finean Beasaingo hiri-paisaiaren funtsezko piezak.

Liburua Jon Aranbururen dendan eta Mirentxu liburudendan eros daiteke, 10 euroren truke. Ezinbesteko lana da herriko udal eraikinen historia eta bilakaera sakonean ezagutu nahi dutenentzat.

liburu100urteudaletxea 1