Beasaingo Udalak eta Goiurp Kirol Klubaren arteko lankidetzari esker kirol jarduera berri hau ezagutzera eman nahi da herrian
Urpeko bataioak eta ikastaroak Antzizar kiroldegian burutzen dituzte eta urtarrilean Cimasub itsaspeko zinemaren nazioarteko zikloaren presentzia izango da Beasainen lehen aldiz
Goiurp kirol kluba Beasainen dauden kirol elkarte berrien zerrendara gehitu da. Beasaingo Udalaren laguntzarekin, kirol elkarte berri honek Beasainera kirol jarduera berri eta askorentzat ez-ohikoa dena ekarri nahi du. Itsasoan burutzen den kirola bada ere, Antzizar kiroldegiko instalakuntzak kirol honetan lehen urratsak emateko erabiliko dituzte. Horretarako baldintza aproposak eskaintzen dituen igerilekuan egin dute aurkezpena elkarteko eta udaleko ordezkariek.
Udal agintariak gustora agertu dira herrian kirola egiteko eskaintza berri honen aurkezpenean. Leire Artola alkatea eta Elena Ruiz kirol zinegotziaren ustez urpekaritza Beasainen ezohikoa izan daiteken arren itsasoa gertu dugu eta Antzizar kiroldegiak kirol honen hastapenerako baldintza egokiak eskaintzen ditu. Igerilekuan modu seguruan egin daitezke lehen inmertsio saioak eta erabilera berri txertatuko da ur-instalakuntzetan. Elkarteak udako kanpainan kiroldegian burutu ziren udalekuetan parte hartu zuen gaztetxoekin eta lortutako emaitza onaren ondoren orain beraien jarduera publiko osoari ezagutzera ematea garrantzitsua dela adierazi dute. Hitzarmenaren baitan, elkarteak bere jarduerak burutu ahal izateko diru laguntzaz gain, instalakuntzen erabilera eta materiala gordetzeko kiroldegian areto baten lagapena eman dizkio.
Urpekaritza Beasainen
Kluba ofizialki duela bi urte sortu bazen ere, denborarekin bazkideak gehitzen joan da. Helburu nagusia urpekaritzaren aktibitatea sustatzea eta ezagutaraztea da. Gaur egun 28 bazkide dituzte eta horietako hiru, Pedro Becerril, Arkaitz Marteles eta Asier Martinez izan dira elkartearen dinamikaren berri eman dutenak. Azaldu dutenez, urpekaritzan lehen urratsak emateko hasierako ikastaroak edo bataioak egiteko Antzizar kiroldegiko igerilekuak erabiltzen dituzte, oso egokiak dira horretarako sakonera handikoak ez direnez toki segurua eta konfiantza ematen bait dute. Ikastaroa eta bataioak egiteko klubak uzten du materiala, gero jarduera egiten jarraitzeko norberak erosi beharko luke berea baina dena lortu arte eta erabilgarritasuna dagoen bitartean klubak alokatuko luke.
Ondoren garapen ikastaroak itsasoan, Getarian eta Pasaian egiten dira. Botilak betetzeko Pasai Donibanen Gipuzkoako Federazioak konpresorea du, eta bertan federazioak aldagelak eta irteerak egiteko ontziak uzten ditu.
Klubak bi kirol teknikari ditu, horietako bat instruktorea eta bestea instruktore ordea. Beste hiru instruktore laguntzaile badaude, eta Gipuzkoako Urpeko Jardueretako Federazioko partaide izanik honen laguntza du bai instruktoreak edo materiala behar izanez gero.
Ekintzak eta irteerak
Urtean zehar irteerak egiten dituzte euren kasa eta Federazioarekin, normalean udaberritik udazkenera bitartean, baina eguraldia eta itsasoa lagun badira neguan ere irtetzen dira. Aipatzekoa da klubaren bitartez urteko lizentzia edo segurua tramitatzen dutela, bai urpekaritza botilakin egiteko, apnean edo urpeko arrantzan aritzeko.
Klubaren bigarren urtean hasi dira ezagutzera ematen eta jarduerak egiten; froga gisa udan, kirol udalekuetako haurrekin bataioak egin zituzten eta urtarrilean CIMASUB Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa Beasainera ekarriko dute. Beasainen burutuko den lehen edizio honetan zine emanaldiak eta erakusketa izango dira. Xehetasun gehiagorekin urtarrilean aurkeztuko dute Beasainen burutuko den ekimen aitzindari hau. Harrera ona izango balu, hurrengo urteetan errepikatzeko aukera aztertuko dute.
Goiurpeko ordezkariek herritarrak eta interesa izan lezaken edonor animatu nahi dute kirol hau ezagutu eta praktikatzera. Horretarako harremanetan jar daitezke helbide elektroniko honetara idatziz