Legeak ezarritakoaren arabera, toki-erakunde bakoitzak bere langile guztiei aurrez zehaztutako baliabide tekniko eta defentsa-baliabideak eman behar dizkie, besteak beste, su-arma laburra
Udaltzainentzako zein segurtasun publikoaren prebentziorako tresna izango da
Beasaingo udaltzainek suzko arma eramaten hasi dira. Udaltzain guztiek armak erabili ahal izateko oinarria EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai batek ezarri zuen 2019an. Honela eta azken dekretuak agindutakoa betez, udaltzain guztiek derrigor ibili beharko dute suzko arma bere lan eta eginkizunen betekizunean, segurtasunerako eta prebentziorako tresna gehigarria izango dutelarik.
Protokolo zorrotza
Funtsezkoa da gogoraraztea udaltzainek suzko armak erabiltzea azken baliabidea izango dela beti, eta horren aplikazioak prozedura eta protokolo zorrotzak dituela. Udaltzainek suzko armak haien edo besteen bizitza edo herritarren segurtasuna «arrisku larrian» dagoenean, eta betiere «egokitasun, beharrizan eta proportzionaltasun» printzipioen arabera erabili ahal izango dituzte. Halaber, suzko armak erabiltzea «muturreko neurria» izango da, eta ez da baimenduko horiek «larderiaz erabiltzea», adibidez, airera tiro eginez ihesari ekiten dion pertsona bat atxilotzeko. Dekretuak pistolak segurtasunez zaintzeko protokoloak eta kalean erabiltzeko jarraibideak ezartzen ditu.
Autodefentsa eta mehatxu larriei erantzutea
Suzko armak tresna eraginkorrak izan daitezke udaltzainentzat beren burua defendatzeko eta arrisku handiko egoeretan herritarrak babesteko. Batzuetan, pertsona armatuei edo bortitzei aurre egiten diete, eta suzko armak beharrezkoak izan daitezke tartean dauden guztien segurtasuna bermatzeko.
Beste arlo positiboa disuasioa da. Udaltzain armatuen presentzia disuasio-elementu bat izan daiteke gaizkile potentzialentzat. Agenteek suzko armak dituztela jakiteak zenbait gizabanakori delituak egitea edo indarkeria erabiltzea galarazi diezaieke. Halaber, su-armei esker, udaltzainek modu eraginkorrean erantzun diezaiekete mehatxu larriei edo larrialdi-egoerei. Kasu horietan, erantzun azkar eta eraginkorra funtsezkoa da arriskua minimizatzeko eta herritarrak babesteko. Gaizkile armatuekin liskar-egoeretan, su-armek baldintza berdintasuna eman dezakete, eta mehatxu bati modu egokian erantzuteko gaitasuna eman, arriskua txikiagotuz, bai haientzat, bai herritarrentzat. Su-armek aukera ematen diote udaltzaingoari legea betetzera eta men egitera behartzeko, eta hori funtsezkoa da ordena publikoa mantentzeko eta komunitatearen segurtasuna bermatzeko.
Baliabide honen inguruko xehetasunei dagokionez, 9 milimetroko Parabellum kalibreko pistola ibili beharko dute, eta zerbitzuan dauden bitartean bakarrik, inoiz ez zerbitzutik kanpo. Babes txalekoak, girgiluak eta ebakien aurkako eskularruak ere eramango dituzte.