Beasaingo Udalak iazko esperientziari jarraipena eman eta irailaren 11tik aurrera Partecar aplikazioaren erabiltzaileei hobaria emango die
Autoa partekatuz, pertsonei kontaktuan jartzeko aukera errazteaz gain, gastuak partekatu, denbora aurreztu eta trafikoa eta isurpen kutsatzaileak gutxitzea da helburua
Aplikazioari esker, orain arte 105.000 km baino gehiago partekatu dira desplazamenduetan eta 15.000€ euro inguru aurreztu dira erregaian
Urtea betetzear da Beasaingo Udalak, Hoop Carpool mugikorrentzako aplikazioarekin lankidetzan, ParteCar ekimena jarri zuela abian. Beasaindarrek tresna erabilgarri eta erraz baten bidez, egunero lanera, unibertsitatera edo beste helmuga batzuetara egiten dituzten joan-etorrietan autoa partekatzea da aplikazioaren helburua. Bai Beasaingo udal aplikaziotik edo zuzenean Play Store edo App Store bidez, Hoop Carpool aplikazioa mugikorrean deskargatu ondoren, erregistratu eta jarraian BEASAIN22N kodea sartu beharko da onurez aprobetxatzeko.
Ekimenaren helburua da herriko ibilgailu pribatuen okupazio-tasa hobetzea eta emisioak murriztea, jakinda garraio publikoaren sareak ez duela beti aukera eraginkorrik ematen beasaindarrak beren egunerokoan lanera edo ikasketa zentroetara joan ahal izateko. Gainera, Beasainen badira mugikortasunaren ikuspegitik zailtasunak dituzten landa-auzo batzuk, eta tresna honen bidez, beste aukera bat eskaini nahi zaie bertako biztanleei. Gastuak partekatzeko aukera bat ere eskaini nahi da, etxeko ekonomiei arnas pixka bat emanez.
Udal hobaria
Beasaingo Udala ingurumenarekin eta garapen jasangarriaren helburuekin konprometitutako erakundea da, helburu horiek eragin zuzena baitute guztion ongizatean eta etorkizunarekin. Hori lortzeko, mugikortasun jasangarriaren alde eginez, autoa partekatzeko egitasmo honi bultzada ematen jarraitzea du xede eta iaz bezala, berriro sarituko ditu aplikazioaren erabiltzaileak. Horregatik, ParteCar - Hoop Carpool aplikazioaren bidez, Beasain abiapuntu edo helmuga duten ibilbideetako gidariei zein bidaiariei, % 50eko hobaria emango zaie (gehienez 3 € ibilbide eta bidaiari bakoitzeko), sustapenak dirauen bitartean.
Ingurumenaren mesedetan
Beasaingo Udalak ezartzen duen ekintza bakoitzean, planeta jasangarriagoa, seguruagoa eta oparoagoa sortu nahi du herritar guztientzat. Hori horrela, egunero autoa partekatzean, errepideetako ibilgailuen kopurua murrizten da, aparkalekuen gaineko presioa arintzen da eta airearen kalitatea eta, ondorioz, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen dira. Halaber, hirietan eta periferian mugikortasun jasangarria bultzatzen laguntzen du, eskura dauden baliabideak modu eraginkorrean erabiliz. Eta, azkenik, CO2 isurketak murrizten dira.
Bertako erakunde batek Euskadin proiektu hau abian jarri zuen lehenengoa izan zen Beasaingo Udala. Honen bidez, antzeko errutinak dituzten pertsonei kontaktuan jartzeko aukera erraztu nahi zaie, eguneroko joan-etorrietan autoa partekatu ahal izan dezaten. Horrela, gastuak partekatuko dituzte erregaiaren kostuaren igoerari aurre eginez, denbora aurreztuko dute eta isurpen kutsatzaileak gutxituko dituzte.
Lehen urteko datuak
Partecar ekimenak orain arte 150 erabiltzaile baino gehiago izan ditu erregistratuta aplikazioan. Kopuruei dagokionez, orain arte 105.000 km baino gehiago partekatu dira desplazamenduetan, eta 15.000 kg CO2 eta 50.000 kg NOx baino gehiago eguratsera ez isurtzea lortu da. Guztira 2.300 bidaia baino gehiago partekatu dira eta 1.476 bidaiari-ibilbide eta 1.464 gidari-ibilbide argitaratu dira. Alderdi ekonomikoari dagokionez, ParteCar bitartez 15.000€ euro inguru aurreztu dira erregaian.
Mugikortasunaren inguruko Uda ikastaroa
Udal hobarien bidez ParteCar aplikazioari bultzada ematea mugikortasunarekin zerikusia duten ekimenei lotuta dator. Izan ere, iraila mugikortasunarekin zerikusi zuzena duen hilabetea da. Irailaren 16tik 22ra, Mugikortasunaren Europako astea burutuko da. Testuinguru horretan, Beasaingo Udalak EHUko Udako Ikastaroen Fundazioarekin lankidetzan antolatuta "Biharko mugikortasunaren gakoak" aztertuko dituen EHUko Uda Ikastaroa burutuko da irailaren 14an goizez Igartzako jauregian. Izen ematea zabalik dago.
Arratsaldean aldiz, pertsona orori irekitako “15 minutuko hiria” izeneko jarduera-saioa izango da, espazio publikoaren eta azpiegituren ezinbesteko transformazioaz hausnartu eta mugikortasun ohitura berriak sustatzea helburu duen tailerra.