Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Eraginkortasun energetikoa eta mugikortasun jasangarria sustatzeko LED kale argiteri berria

2025/02/21

Beasain jasangarriago baten alde, Ezkiaga auzoan, Bista-Alai, Erauskin, Fleming, Martina Maiz, Igartetxe eta Andra Mari kaleetan 206 led argi jarriko dira zaharren ordez eta %70eko aurrezpena lortuko da energia gastuan gune horietan 

Beasain-Ormaiztegi bidegorrian jarritako LED argiztapen berriarekin, mugikortasun jasangarriaren aldeko hobekuntza nabaria lortu da egunerokotasunean bide hau erabiltzen dutenen segurtasun baldintzak hobetuz

Irigoien industrialdetik, Beasain – Ormaiztegi bidegorrian led kaleargiak hornitu eta muntatzeko lanak amaituta daude.  Guztira 46 led argi-puntu berri jarri dira, zehaztu den bidegorriaren zatia behar bezala argiztatzeko. Asko dira egunerokotasunean bidegorri hau erabiltzen duten herritarrak goizean goiz edota eguneko azken orduetan lanerako joan-etorria bizikletaz egiteko. Baita ibilbide hau aisia garaian erabiltzen dutenak, korrika egin edo patinatzeko besteak beste.

Esku-hartze honekin, led argiteria jarrita jasangarritasun energetikoaren alde egiteaz gain, bizikleta eta oinezko mugikortasuna sustatzeko baldintza hoberenak eskaini nahi dira, ibilbidea atsegina eta segurua izan dadin. Lan hauek eskaripeko semaforo bat txertatzeko ere baliatuko dira, Ittola poligono parean, errepidea zeharkatu nahi duten oinezkoek segurtasun baldintza egokietan egin dezaten.

Kale argiteria jasangarriagora aldatu

Udalerriko kale-argiteria LED sistemara aldatzeko fase berria ere abiarazi du Udalak. Gobernu batzordeak, Ezkiaga auzoa, Bista-Alai, Erauskin, Fleming, Martina Maiz, Igartetxe eta Andra Mari kaleetako argiteria led sistemara aldatzeko kontratazioa onartu zuen. Guztira 206 argi unitate aldatuko dira eremu hauetan datozen hilabeteetan.

Aurrezpen energetikoa, ekonomikoa eta jasangarritasunaren aldeko helburuak betetzen jarraitzen du honela Udalak. Egindako kalkuluen arabera aipatutako eremuan egingo den aldaketarekin urteko kontsumo aurrezpena %70ekoa izatea espero da, 65.000kWh inguru, eta 169.800€-ko inbertsioa 7 urtetan amortizatuko litzateke.

Behin bigarren fase hau osatuta, 2026an hirugarrena  eramango litzateke aurrera erdiguneko kale argiteriaren %100 LED-era aldatzeko trantsizioa osatuz eta Udal Gobernuaren Legealdi Planaren lan ildoetako bat betez.

Kale argiteria LED sistemara aldatzeak energia aurreztea, CO₂ emisioen murrizketa, mantentze-gastuak txikitzea eta ingurumen-inpaktu positiboa dakartza. Horrek Beasain jasangarriagoa izatea ekarriko du eta energia-politika eraginkor eta ekologikoago baterantz aurrera egitea ahalbidetzen du. Beraz, LED argiteria sistema inplementatzea funtsezkoa da jasangarritasun energetikoa bermatzeko.