“Zulo beltza” ikuskizuna Beasaingo DBHko hiru ikastetxeetara eramango da orain gazteekin gai hauek lantzeko
Herriko elkarte eta pertsonekin egindako prozesuaren emaitzak bikaintzat eman dituzte bai parte hartzaileek, bai Udalak eta baita Dar Dar gizarte ekimen kooperatibako arduradunek
Andramendi ikastola, Loinazpe institutua eta La Salle ikastetxea izango dira osasun mentala eta nahi ez den bakardadeari buruz sentsibilizatzeko ekimenean parte hartuko duten herriko ikastetxeak. Saioak bihar, otsailaren 27an hasiko dira eta martxoan amaituko dira.
Helduen sentsibilizazioa sustatzeko orduan egin bezala, buru osasuna eta bakardadearen inguruan “Zulo Beltza” ekimena bigarren hezkuntzako gazteei bideratuta egingo da.
Izan ere gazteen artean bakardadeak eta buru osasunak duen intzidentzia nabarmena da ikerketa desberdinetan argitara eman diren datuen arabera.
Ikuskizunak bi atal ditu eta jarraian gauzatzen dira 2 orduko saioetan: Antzerki emanaldi bat, non buru osasun egoera desberdinetan dauden pertsonaiak ikusten diren. Eta dinamika parte hartzaile bat, non gaiaren inguruan ikasleek dituzten kezkak, beldurrak, bizipenak azaleratzen diren.
Antzerkia, musika eta ikus entzunekoak uztartzen dituen emanaldi hunkigarria da “Zulo Beltza”, eta gaixotasun mentalak eta hauen inguruan gure gizartean dagoen tabua eta sortzen duten gizarte bazterkeriaren inguruko emanaldia da.
Emaitza bikainak helduekin
Herriko eragile eta herritarrek sentsibilizazio fasean parte hartu duten saioetan, 86 pertsonek parte hartu dute. Proiektuak ikuspegi inklusiboa du eta arreta berezia eskaini zaio egoera zaurgarrian egon daitezken pertsonen parte hartzeari. Hori horrela, parte hartzaileen %27a, egoera zaurgarrian dauden pertsonek edo hauekin harreman zuzena dutenek osatu dute.
Genero ikuspegitik, %75a emakumezkoak izan dira eta %25 gizonezkoak. Proiektuaren ikuspegi komunitarioa kontuan izanik, Beasaingo gizarte eta kultur eragileetako 27 erakundeetako ordezkariak izan dira parte hartu dutenak.
Ekimenaren balorazioari dagokionez, galdetegia erantzun dutenen aldetik ikuskizunari ia gehienek (hamarretik bederatzik) puntuaketa handiena eman diote. Ondorengo dinamika parte hartzaileari, hamarretik zazpik eman diote puntuaketa handiena. Honela bada, ekimen osoaren balorazioari puntuaketa handiena eman diote hamar pertsonatik zortzik. Idatziz jaso diren erantzunetan honelako ekimenen beharra, balioa eta eskertza adierazita geratu da. “Zulo Beltza” ekimenaren saio guztiak Aranealde eraikinean burutu dira.
Beasaindarren ongizate integrala ardatz
Egungo gizartean geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari den osasun emozionala zaindu eta prebenitzeko helburuaren baitan irailean abian jarri zen ekimen honek, pertsonen ongizate integralean eragin zuzena izatea da asmoa, Beasaingo Udalak lehentasun nagusitzat baitu herritarren ongizate integrala.
Dar Dar gizarte ekimeneko kooperatibarekin elkarlanean landutako egitasmo hau irailean abiatu zen eta 2025eko abendura arte garatuko da Beasainen. Gainera, Foru Aldundiak sustatutako “Adinberri-hariak” laguntzen deialdian hautauta izan da ekimen esperimentalen kategorian eta helburua kontzientzia soziala areagotzea eta errealitate horri aurre egiteko tresnak ematea da.