Beasaingo Udalak bizikleta eta takilla adimendunen bidezko banaketa sistema jasangarria aurkeztu du, ingurumenaren alde eginez, tokiko merkataritza bultzatzeko eta herritarrek erosketak modu eroso eta errazean jaso ahal izateko
Beasaingo Udala, Bareak, BasqueCCAM, Normo eta Txita erakundeen arteko lankidetzaren ondorioz, tokiko saltokiek, azokako postuek eta online plataformek, 24 orduz erosketak entregatu ahal izateko zerbitzu-sarea erabili ahal izango dute
Udalerrian estrategikoki kokatutako takilla publikoez gain, etxebizitzetako atarietan jartzeko doako aukera eskainiko da bi urtez
Beasaingo Udalak "Tori!" jarri du martxan, etxeko erosketak entregatzeko sistema berritzailea, banaketa optimizatu eta isurpenik gabeko bizikleta banaketa zerbitzu berri bat eskainiko duena tokiko merkatari eta azokako ekoizleentzat. Espazio publikoan eta etxebizitzetako atarietan instalatutako takilla adimendunen sareari eta bizikleta bidezko banaketari esker, beasaindarrek modu malguan, seguruan eta jasangarriagoan jaso ahal izango dituzte erosketak.
Zerbitzu berria Zapatari kaleko 2. zenbakian aurkeztu da, erosketak jasotzeko takilla publikoak instalatuta dauden Beasaingo bost puntuetako batean. Leire Artola alkatea eta Adur Ugartemendia Lurraldea Saileko buruaz gain, Bareak, BasqueCCAM, Normo, eta Txita enpresa eta elkarteetako ordezkariak izan dira bertan.
Udalerri jasangarriago eta konektatuagorako urratsa
"Tori!" hiri logistikaren eraldaketa eta digitalizazioan aurrerapen esanguratsua da, erosketak eta fardelak entregatzeko alternatiba eraginkor eta ekologiko bat eskainiz. Hala adierazi dute proiektua abian jarri duten udal arduradunek. Banaketa, zamazko bizikleten bidez egiten da. Bizikleta horiek saltokian egindako erosketa jaso eta eskatutako takillan entregatzen dute. Sistema horrek behin egiten ditu entregak, modu eraginkorrean, bigarren saiakerak eta joan-etorriak saihestuz. Horrela, isurpenak murriztuz eta erosketak jasotzea erraztuz, zerbitzuak udalerriko bizi kalitatea hobetzen eta tokiko merkataritza bultzatzen laguntzen du.
Eredu berritzaile honek banaketa ibilbideak optimizatzea, azken miliako trafikoa murriztea eta hurbileko merkataritza sustatzea ahalbidetzen du, herritar guztientzako baliabide digital erraz eta irisgarri baten bidez.
Takillak, publikoak eta etxeko atarietan
Zerbitzua erabiltzeko, herritarrek aldez aurretik erregistratu egin behar dira Normo doako aplikazioan. Aplikazio horren bidez, gertuen duten takilla aukeratu eta beraien erosketak jasotzeko kode seguru bat jaso ahal izango dute.
Erosketa egin ondoren, sistemari atxikitako tokiko saltokiek eta online plataformek zuzenean bidaliko dituzte erosketak erabiltzaileak hautatutako takillara, eta erabiltzaileak egokien iruditzen zaionean jaso ahal izango ditu, etxean egon beharrik gabe eta ordutegi zehatzen mende egon beharrik gabe.
Beasaingo Udalak udalerrian banatuta dauden bost tokietan jarri ditu takilla publikoak; Zapatari kaleko 2. zbk-an, udaletxeko arkupetan, Antzizar kiroldegiko sarreran, Barrendain plazako etxolan, eta Ezkiagako frontoian. Horretaz gain, etxebizitzetako atarietan doan jartzeko aukera ireki du lehen 90 etxebizitzen komunitatetako bizilagunentzat . Bi urtez kostu eta loturarik gabe eskainiko da zerbitzu hau froga moduan. Jarraitu nahi izanez gero, harpidetza NORMO enpresarekin burutuko da eta urteko kostua 95 euro ingurukoa izango litzateke. Epe hau igaro ondoren zerbitzuarekin jarraitu nahi ez bada kosturik gabe erretiratuko dira takillak.
Atarian takilla bat nahi dutenek, Beasaingo Udalaren webguneko Tori! Takilla bat nahi dut! atalean agertzen den inprimakia bete beharko dute. Ezinbestean, eskaera bizilagunen komunitateko presidenteak egin beharko du.
Hiri logistika eta mugikortasuna eraldatzeko aliantza estrategikoa
Udalaren eta berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin esperientzia eta konpromisoa duten lau erakunderen arteko lankidetzari esker izan da posible “Tori!” garatzea:
- Bareak: Beasaingo Merkatarien Elkartea, tokiko merkataritzaren profesionalizazioaren eta lehiakortasunaren hobekuntzaren alde udalarekin elkarlanean diharduena, merkataritza dinamizatu eta sustatzeko ekintzak garatuz.
- BasqueCCAM: Mugikortasun Konektatu, Kooperatibo eta Automatizatuko Euskal Zentroa, tokiko erakundeak biltzen dituena, Euskadi mugikortasun adimendunaren abangoardian kokatzeko. Sentsorika sare bat zabalduko du takillaren software-an, banaketa bizikletan eta Beasaingo bide azpiegituretan Tori!-ren inpaktua neurtu eta hobekuntzak proposatzeko.
- Normo: Donostian 2021ean sortutako startup-a, auzotarren komunitateentzako postontzi adimendunen garapenean espezializatua, etxean egon beharrik gabe entregak emanez.
- Txita: ziklologistikan aitzindaria den enpresa, 2006tik hiri-banaketarako irtenbide jasangarriak eskaintzen dituena zamazko bizikleten bidez, bizimodu aktiboagoa eta osasungarriagoa sustatuz.
Erakunde hauen arteko lankidetza funtsezkoa izan da "Tori!" diseinatu eta ezartzeko, teknologia, tokiko merkataritzaren ezagutza eta irtenbide logistiko jasangarriak konbinatuz.
Zerbitzua erabili nahi duten herritarrak Normo aplikazioan erregistra daitezke, eta erosketak jasotzeko modu berri batez gozatzen has daitezke, erosoagoa eta ingurumena gehiago errespetatzen duena.