Abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra piztuko dira tokiko merkataritzan eta saltokietako ekonomian eragin positiboa indartzeko
Erauskin plazan opari itxurako elementua, Kale Nagusian izardun apaingarri berriak, eta Iturriotz kalean eta Zaldizurreta kaleko plazatxoan argiztapena jarri da lehen aldiz
Antzerkia, musika, dantza, haur parkea, Kirol Sariak, San Silbestre lasterketak, eta Gabonetako ohiko ekitaldiek osatuko dute sasoi honetako egitarau berezia
Eguberriko argiteria bereziak kaleak apaintzearekin batera urte sasoi honen iritsiera adierazten du. Horri lotuta, merkataritzan eta saltokietako salmentetan eragin positiboa izatea du helburu. Garai honetan ohikoak diren erosketak Beasaindik irten gabe egitera gonbidatu nahi ditu Udalak tokiko ekonomia sustatzeko eta herri izaera indartzeko. Bertakoa babestu eta herrian erosteak eskaintzen dituen onurak zabaldu nahi ditu horrela. Xede horri lotuta burutzen duen ekimenetako bat da Eguberriko argiteriari behar duen garrantzia ematea eta Beasainen antolatzen diren ekitaldiak Gabonetako egitarauaren barruan txertatu eta jakinaraztea.
Jasangarritasuna, kalitatea eta aurrezkia
Eguberriko argiteriaren piztea abenduaren 12an egingo da eta urtarrilaren 6a arte egongo da funtzionamenduan. Energia aurrezpen irizpideak aintzakotzat hartuta, argiak piztuta egongo diren orduak erregulatzeko erlojuak instalatu dira, baina aldi berean argien ikusgarritasuna hobetzen jarraitzeko elementuak aldatu eta toki berriak apaindu dira.
Azken bi urteetan instalatu ziren gune berriak mantentzeaz gain, urtez urte pixkanaka toki berrietara hedatzen ari da argien instalazioa. Aurten Jose Migel Iturriotz kalean eta Zaldizurreta kaleko plazatxoan ere argiak jarriko dira. Horretarako Olaran parean gelditzen den ibilbideko kale-argietan kokatuko dira apaingarri berriak, baita Zaldizurreta kaleko 9-19 zenbakietako plazan daudenetan ere.
Bestetik, iaz Erauskin plazan zegoen 8m-ko altueradun konoaren ordez, argiz jantziriko 5m-ko opari-kaxa itxuradun elementu erraldoia jarri da. Kale Nagusian aldiz, argiztapen elementu ikusgarriagoak instalatu dira, izar irudi desberdinez osaturikoak.
Instalazioak duen erloju sistemari esker honako ordutegian piztu eta itzaliko dira argiak: astelehenetik ostegunera 17:30etik 22:00ak arte eta ostiraletan, asteburuetan eta jaiegunetan 17:30etik 01:00ak arte.
Eguberriko argiteriak Beasaingo Udalaren urteko elektrizitate kontsumo osoaren %0,06 soilik suposatzen du. Argiteariaren alokairua eta instalazioa ArgilineX S.L. enpresari esleitu zitzaion 40.499,99 € euroan (BEZ-a barne), egun indarrean dagoen kontratua betez eta jasangarritasun irizpideak jarraituz, kontsumo baxuko argiteria da.
Adin guztietara zuzendutako egitaraua
Abenduaren 17tik urtarrilaren 5era luzatuko dira Udalak antolatu eta Gabonetako egitarauaren barruan txertatu dituen 22 ekitaldi. Adin eta joera guztietako herritarrei zuzendutako ekitaldiak izango dira.
Hala nola, dantza, musika, antzerkia, erakusketak, ipuin kontaketa, tailerra, zine-kluba, eta Eguberriari hertsiki lotutako ekitaldiak osatzen dute egitarau. Eguberri kontzertua abenduaren 19an izango da Andre Mari Zeruratuaren parrokian 19:30ean. Goierriko artisten topaketaren erakusketa abenduaren 20tik urtarrilaren 12ra egongo da ikusgai Usurbe antzokiko erakusketa aretoan. Usurbe antzokian abenduaren 21ean izango da Ostadar dantza taldearen emanaldia. Loinazko basilikan abenduaren 22an Narama eta Loinatz abesbatzaren kontzertua, Gabonetako kartel lehiaketan saritutako lanak abenduaren 23an ikusi ahal izango dira plaza azpian eta gazteei zuzendutako Dj tailerra eskainiko da Urbietako gela balioanitzean urtarrilaren 2 eta 3an.
Ohi bezala, abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, joaldunen irteera, eta gabon eskea izango dira. 25ean Goizeresi txistulari elkartearen goizeresia eta 26an Haurrentzako Gabonetako parkea Antzizar kiroldegian egongo da eta iluntzean Beasain Kirol Sarietako gala izango da Igartzako jauregian. Urteko azken egunean San Silbestre txiki solidarioa eta Beasaingo San Silbestre krosa jokatuko dira. Hau, udalaren youtubeko kanaletik eskainiko da zuzenean. Urtarrilaren 5ean erregeen gutun bilketa eta zamalkada izango dira.