Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Udal hilerriko instalazioak eguneratu eta hobetu egin dira

2024/11/11

Beasaingo hilerrian hormigoi aurrefabrikaturizko 90 horma-hilobi berritu dira 

Esku-hartzea lurren egonkortasuna, euri-uren drainatzea eta zoladuraren egoera hobetzeko baliatu da, besteak beste

Erauskin auzoan, Usurbe mendiaren magalean dagoen udal hilerriko instalazioetan 2024ko otsailetik apirilera bitartean egin diren eraberritze lanak ikusgai daude. Esku-hartze honekin, hilerriak 90 horma-hilobi aurrefabrikatu berri ditu, zaharkituak zeudenak ordezkatuz eta espazio berritu bat herritarren eskura jarriz. 

Esku-hartzearen xehetasunak

Instalazioak hobetu eta eguneratzeko beharrari erantzuten dion proiektuaren baitan honako lan hauek burutu dira:

  • Eraispenak eta horma-hilobi berriak eraikitzea: horma-hilobi zaharren modulu bat eraitsi da, eta haren ordez, aurrefabrikatuen egitura modernoa ezarri da, iraunkortasuna eta mantenu lanak hobetuz.
  • Eustorma bat eraikitzea: Hormigoi armatuzko horma honek hilerriko kota ezberdinetan lurraren egonkortasuna bermatzen du.
  • Instalazioak birgaitzea: Euri-urak drainatzeko sistema eta kaltetuta zeuden argiak berritu dira, espazioaren baldintzak hobetuz.
  • Zoladura eta lorezaintza: Esku-hartzea burutzeko, kaltetutako eremuetako zoladura eta lorategiak zaharberritu dira, eta hilerriak bere itxura zaindu eta segurua berreskuratu du.

Inbertsioa eta konpromisoa

Eraberritzea udalak ordaindu du oso-osorik, eta 233.689,88 euroko inbertsioa suposatu du. Obra honekin, Beasaingo Udalak hilerriko instalazioak mantentzeko eta modernizatzeko konpromisoa berresten du, herritarren egungo eta etorkizuneko beharrak asetzen dituela bermatuz.

Beasaingo hilerria berrituta dago orain, eta kalitatezko zerbitzua eskaintzen die herritarrei, ingurune zaindu eta irisgarri batean.