Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Gizarte arloan lan egiten duten elkarteei laguntzak emateko oinarriak onartuta

2023/10/03

Udalaren helburua zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboen beharrei aurre egitea eta arazo espezifikoak konpontzen lagunduko duten ekintzak sustatzea da

Gobernu Batzordean, Loinatz futbol zelaiko harmailetako estalkian plaka fotovoltaikoak instalatzeko lanak, kiroldegian gimnasio berri bat egokitzeko lanak eta Igartzako jauregiaren ikusentzunezko ekipoen hornidurarako lanen esleipenerako baldintza pleguak onartu dira

Beasainen gizarte arloan lan egiten duten elkarteei laguntzak bideratzeko lehen urratsa eman du Udalak. 2024 urterako dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onartu dira urriko udalbatzaren osoko bilkuran eta dirulaguntza hauetara aurkezteko epea abenduaren 15ean amaituko da. Honela urte berria hasterako laguntzak elkarteen esku egotea ahalbidetu nahi da euren proiektuak aurrea eramateko eragozpenik izan ez dezaten. Proposamena talde guztiek onartu zuten aho batez.

Oinarri hauen xedea da Beasainen jarduten duten irabazi-asmorik gabeko eta arreta egoitza iraunkorra Beasainen duten elkarteentzako laguntzak arautzea, gizarte arloko programak garatzeko eta elkarteen funtzionamendu-gastu arruntentzat. 

Horretan oinarrituta, Udalaren helburua zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboen beharrei aurre egitea eta arazo espezifikoak konpontzen lagunduko duten ekintzak sustatzea da.

Ondorengo arloei loturiko ekimenek jaso ditzakete dirulaguntzak: eremu soziosanitarioko proiektuak; gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonentzako proiektuak; desgaitasuna duten pertsonentzako proiektuak; elkartasuna sustatzeko sentsibilizazio-ekintzetara zuzendutako proiektuak eta pertsona jubilatuei eta adinekoei zuzendutako proiektuak besteak beste.

Beasaingo Udalak urteak daramatza gizarte arloan lanean diharduten herriko elkarteekin elkarlanean, eta horretarako urtez-urte bere aurrekontuetan erakundeei diruz laguntzeko partida kontsignatzen du. Beasaingo udalerrian gizarte-arloan jarduten elkarteak diruz laguntzeko 2024. urterako aurreikusitako aurrekontua 95.000 eurokoa da.

Loinatz futbol zelaian plaka fotovoltaikoak

Udal gobernuak, ingurumenaren babesa bultzatu eta klima aldaketari aurre egiteko aurreikusitako neurriak gauzatuz jarraitzen du. Honela, Loinatz futbol zelaiko harmailetako estalkian instalazio fotovoltaiko bat jartzeko lanak kontratatzeko pleguak onartu dira Gobernu Batzordean, Beasaingo udal eraikinetako energia beharrei aurre egiteko eta udalerriko jasangarritasun energetikoan aurrera pausoak emateko. 

Beasaingo Udalak 2030 urtera begira Euskadik dituen helburu energetikoak bere egiten ditu, beharrezkoak izango diren inbertsio eta proiektu estrategikoak aurrera eramanez. Helburu hauekin bat, hamarkada honen amaierarako erakunde publikoek beraien energia kontsumoa %35ean murriztu beharko dute eta kontsumitzen den energiaren %32a iturri berriztagarrietatik jaso beharko dute. Lan hauek ildo horri jarraituz burutuko dira.

Udal kirol instalazioen hobekuntza 

Beasaingo Udalak kirol instalazioen eta eskainitako zerbitzuen kalitatean eta segurtasunean jarrita du begia betidanik. Etengabeko hobekuntzekin erabiltzaileak eta bereziki bazkideak fidelizatzea helburu hartuta, Antzizar kiroldegiko gela bat power-pisu praktika libreetarako egokitzeko obrak esleitzeko baldintza pleguei onespena eman zaie. Erabiltzaileen beharrei erantzunez eta zerbitzuen eskaintza handitzeko helburuz burutuko diren lanak izango dira. 

Ikusentzunezko azpiegitura berriak jauregian

Ildo beretik jarraituz, Igartzako jauregian ikusentzunezko azpiegiturak hobetzeko eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharra atzemanda, ekipo berrien hornidura eta instalazioa burutzeko lanak kontratatzeko baldintza pleguak ere onartu dira. Helburua, jauregiak hitzaldi, kongresu  eta bestelako kultura ekitaldiak hartzeko dituen baldintza teknikoetan aurrerapauso bat ematea da. Lan hau, Europar Batasunak finantzatutako Next Generation planaren barruan dago aurre ikusita.