Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Prest antzerkia hedatzeko garaia

2024/12/12

Euskarazko kalitatezko antzezlanak programatu dituzte Beasain eta Ordiziako udalek 2025erako

Saio guztietarako abonua, kultura oparitzeko aukera ezin hobea izango da Eguberri hauetan

Beasaingo eta Ordiziako Udalek XXXI. Antzerki Garaia egitaraua antolatu dute. Urtarrilaren 10etik apirilaren 25era, zortzi antzezlan izango dira ikusgai bi herrietan.  Antzerkia oro har eta euskaraz egindakoa bereziki bultzatzea da egitasmo honen helburua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin ikusleentzako pdf egitarau (618 KB) erakargarria antolatu dute, aurten ere, bi udaletako kultura sailek.

Gaur Ordiziako Barrena kultur etxean aurkeztu dute egitaraua bi udaletako ordezkariek, eta Antzerki Garaiaren helburuak eta egitarauaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte. 1995. urtean hasi zen bi herrien arteko lankidetzan antolatutako egitaraua martxan, eta dagoeneko 31. edizioa beteko du.

Lankidetza honekin, antzerki errepresentaziotara joateko ohitura sustatu nahi da batetik, eta bestetik, publiko berria erakarri nahi da, gazteak batik bat. Lan horri ekiteko ezinbestekoa gertatu da borondateak batzea eta ahaleginak koordinatzea.

Antzerki taldeak eta obrak aukeratzeko garaian kontutan hartutako irizpideak kalitatea, muntaia, hizkuntza, konpainiaren eskarmentua eta obren arrakasta izan dira.

Sarrerak eta abonuak

Aurtengo edizioari dagokionez 8 antzezlanek osatzen dute egitaraua. Horietatik bi izango dira soilik gaztelaniaz eta gainontzeko seirak euskaraz. Sarrerak 12 euroan izango dira salgai emanaldi bakoitzeko eta denboraldi osorako abonuaren salneurria 72 eurokoa izango da. Hau erosteko epea urtarrilaren 7ra arte egongo da zabalik.

Abonuarekin, egitarauko emanaldi guztietara sartzeko aukera izango da, bai Ordizian eta baita Beasainen ere. Gainera, antzezlan guztietarako udalerri bakoitzeko antzokian esleitutako eserlekua mantenduko da.

Salmenta lekuak, Ordiziako Herri Antzokia, Beasaingo Usurbe antzokia eta www.beasain.eus webgunea izango dira. 10 sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten kultura talde, ikastetxe eta gisakoek prezio berezia izango dute, 10 euro, eta dagokion udaleko kultura sailean eskuratu beharko dituzte.

Programazioa

Ordiziako Herri Antzokian zabalduko da 2025eko Antzerki Garaia, urtarrilaren 10ean, eta apirilaren 25 arte, 8 emanaldi izango dira guztira, erdiak Beasainen eta erdiak Ordizian. Emanaldi guztiak 20:30ean hasiko dira.

  • Urtarrilak 10. 'Zorretan' (euskaraz). Ordiziako Herri Antzokian.
    Konpainia: Hika Teatroa. Zuzendaria: Agurtzane Intxaurraga. Antzezleak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastortza, Jabi Barandiaran
  • Urtarrilak 31. 'Oscarra Oscarrentzat' (euskaraz). Beasaingo Usurbe Antzokian. Konpainia: Lamandanga/Txalo. Zuzendaria: Mario Hernández. Antzezleak: Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Oihana Maritorena, Jon Plazaola
  • Otsailak 14. 'Arizona' (euskaraz). Ordiziako Herri Antzokian. Konpainia: Txalo Produkzioak. Zuzendaria: Esteban Roel/Kepa Errasti. Antzezleak: Aitziber Garmendia, Jon Plazaola.
  • Otsailak 21. 'Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan?' (euskaraz). Beasaingo Usurbe Antzokian. Konpainia: Ttanttaka. Zuzendaria: Mireia Gabilondo. Antzezleak: Karmele Aranburu, Aitziber Garmendia, Telmo Irureta.
  • Martxoak 7. 'Heisenberg' (euskaraz). Beasaingo Usurbe Antzokian. Konpainia: Ttanttaka. Zuzendaria: Fernando Berrués. Antzezleak: Ramon Agirre, Naiara Arnedo.
  • Martxoak 14. 'Kortxoaren dilema' (euskaraz). Ordiziako Herri Antzokian. Konpainia: Tartean Teatroa. Zuzendaria: Mireia Gabilondo. Antzezleak: Patxo Telleria, Mikel Martinez.
  • Apirilak 11. 'Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán...' (gaztelaniaz). Beasaingo Usurbe Antzokian. Konpainia: La Dramática Herrante. Zuzendaria: Maria Goiricelaya. Antzezleak: Ane Pikaza, Patxo Telleria, Loli Astoreka, Aitor Borobia, Egoitz Sánchez, Idoia Merodio.
  • Apirilak 25. 'Lucha y metamorfósis de una mujer' (gaztelaniaz). Ordiziako Herri Antzokian. Konpainia: Ttanttaka. Zuzendaria: Fernando Berrués. Antzezleak: Eneko Sagardoy, Eva Trancón/Vito Rogado.

Antzerki garaiaren esku-egitaraua Beasain eta Ordiziako etxeetan banatuko da eta bi antzokietan ere eskuratu daiteke.