Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Musikeneko ikasleen doaiak entzungai Igartzako jauregian

2024/11/27

Beasaingo Udalak Musikenerekin elkarlanean antolatutako Igartza Musika Bekak IX. edizioa beteko du. Sari honek, Euskal Herrian kultura sustatzea eta musika hedatzea du helburu, bereziki goi mailako musika-hezkuntzaren esparruan

Doan eta irekian eskainiko diren entzunaldietan 45 hautagien interpretazioak entzungo dira: 25 Gradu mailako ikasleak eta 20 Masterrekoak

Igartza Musika Bekaren bederatzigarren edizioa burutuko da azaroaren 30ean Igartzako jauregian. Egun osoan, publiko guztiari irekitako musika ikasleen emanaldiak entzuteko aukera errepikatuko da beste urte batez eta bertan bilduko dira Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian musika ikasketak egiten ari diren 45 ikasle. 25 izango dira Gradu mailan parte hartuko dutenak eta 20 Masterrean.  pdf Egitaraua (696 KB)

Publikoari irekia eta doakoa

Beasaingo Udalak Musikenerekin duen hitzarmenaren bidez, talentu handiko musikari gazteen trebezia Beasainen bertan ikusi eta entzuteko aukera paregabea da honakoa. Horregatik, azpimarratzekoa da entzunaldi guztiak publikoari guztiz irekiak eta doakoak direla, alegia, Igartzako jauregian nahi denean sartu eta nahi den denboraz egon daitekeela. Giro oso berezia eta jatorra sortzen da interpretarien eta publikoaren artean, musikari gazte hauen talentua aparta da eta ikus-entzuleak euren balorazio eta apostuak egin ohi dituzte irabazleak zeintzuk izan daitezken asmatzeko orduan.

Kontzertu-emanaldiak goizeko 9:00etan hasiko dira eta interpretari bakoitzak 10 minutuko saioa eskainiko du. Goizeko saioa 14:00ak arte luzatuko da eta arratsaldekoa 15.30tik 18:50 arte gutxigorabehera. 19:30ean izango da sari emate ekitaldia. Entzunaldi saioen artean sartu eta atera ahal izango da publikoa. Beasaingo Udalak sortutako bekak, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroa den Musikenen ikasteko diru laguntza ematen du: Gradu Beka saria 2.200 euro eta Master Beka saria 3.300 euro. 

Ikasleen jatorria

Aurkeztu diren ikasle kopuruan, Euskal Herria, estatua eta nazioarte mailako herrialde ezberdinetako ordezkariak aurkitzen dira. Estatutik: Madrid (3), Galizia (5), Alacant (2), Valentzia (1), Avila (1), Malaga (1), Kantabria (1), Cadiz (1), Ciudad Real (2), Valladolid (1), Huelva (1), Segovia (1), Jaén (2), Murcia (1), Castellon (1), Toledo (1) eta Las Palmas (2). Euskal Herritik, Gipuzkoatik (4), Bizkaiatik (1), Nafarroa (1), Lapurdi (1) eta Arabatik (1). Atzerritik: Colombia (2), Georgia (1), Alemania (1), Portugal (1), Frantzia (3) eta Erresuma Batua (2) dira.  

Aurtengo edizioko epaimahaia Natalia Tchitch, Joseba Candaudap, Jesús Echeverría Jaime eta Garazi Zabaletak osatuko dute.

Musika-kultura zabaltzea

Udal gobernuak, kultura arloan musikarekin lotura duen egitasmo nagusietakoa da Igartza Musika Beka. Musikari gazteei bultzada bat emateko helburuarekin sortu zen 2016an Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroa den Musikenerekin sinatutako lankidetzari esker, eta Igartza Musika Programaren osagarria da. Halaber, Euskal Herrian kultura sustatzea eta musika hedatzea du helburu, bereziki goi mailako musika-hezkuntzaren esparruan.

Interpretazio espezialitatean dabiltzan Musikeneko bertako nahiz atzerriko ikasleak onuradunak izango badira ere Beasain eta beasaindarrei eragingo dien ekimen bat da zalantzarik gabe. Izan ere talentu handiko musikari gazteen lanaren emaitzak Beasainen bertan plazaratzea ekarri du. Irabazle izaten direnak Beasainen datorren urtean kontzertua eskaintzeko konpromisoa hartuko dute.