Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Loinatz jaietako kartela aukeratzeko lehiaketa abian da

2024/02/06

Haur eta nagusien kartelak aukeratuko dira eta lanak aurkezteko epea martxoaren 17a arte egongo da zabalik

2024ko Loinatz jaien antolaketan hasiak dira Udala eta herritarrak. Jaietako batzordea bildu da eta Udalak bere aldetik azken osoko bilkuran jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketaren oinarriak onartu zituen.  

Jaiak iragartzeko irudia izateaz gain, kartel irabazlea jaietako egitarauaren azala ere izango da. Aldi berean, 7-15 urte bitartekoentzat eskolen arteko jaietako kartelen beste lehiaketa antolatzen da, gaztetatik horrelako ekimenekiko interesa eta zaletasuna pizteko.

Beraz, kartel-lehiaketako parte-hartzaileak bi taldetan banatuko dira: nagusiena edo 2008 (barne) urtera arte jaiotakoak eta haurrak 2009-2017 (biak barne) urte bitartekoetan jaiotakoak.

Baldintza nagusiak eta balorazio irizpideak

Aurkeztuko diren lanek baldintza nagusi hauek bete beharko dituzte; formatuari dagokionez, nahitaez, bertikala izan behar du eta karteletan derrigorrean “2024ko LOINATZ JAIAK maiatzaren 10etik 19ra” esaldia azaldu beharko da. Lanak inoiz argitaratu gabeak izan behar dute eta ezingo dute aldarrikapen politikorik edo sexistarik izan, ezta estereotipo sexistekin ala alkoholaren edo drogen kontsumoarekin zerikusirik duen mezurik, irudirik edo bestelako elementurik.

Orohar, kartel irabazleen aukeraketan kontuan hartuko diren irizpideak berriz, hauek izango dira; Loinatz jaiekin edota Beasaingo jaietako ohiturekin lotura izatea, lehiaketaren helburuarekin lotura izatea (jaiak iragartzea), eta noski, sormena, teknika eta ideia berrien ezaugarriak agertzea. 

Epaimahaiak aukeratuta, bigarren fase batera pasako diren lanen artean bozkatuko dute herritarrek. Lan bakoitzak zenbaki bat eramango du eta herritarrek martxoaren 27tik apirilaren 14ra bitarte arte bozkatu ahal izango dute. Udal web atarian, www.beasain.eus helbidean agertuko den estekaren bitartez edo aurrez aurreko aukeraz baliatuz, udaletxera etorriz botoa ematera. Udaletxeko sarrera nagusian buzoia eta botoa emateko fitxa batzuk egongo dira. Adierazitako bi modu horietako edozeinetan, Beasainen erroldatutako pertsonek bakarrik bozkatu ahal izango dute.

Jaiak iragarriko dituen kartel irabazlea aukeratzeko “Bozken” fasean, gehienez, 100 puntu emango dira, honela banatuta: epaimahaiaren bozkak 50 puntu eta herritarren bozkak: 50 puntu.

Sariak hauek izango dira: Nagusien mailako (A taldeko) irabazleari 600 euro eta gaztetxoen (B taldeko) irabazleari 180 euro. 

Nagusien taldeko irabazlearen lana 2024ko Loinatz Jaien kartela eta jaietako programaren azala izango da. Gaztetxoen taldeko irabazlearen kartela jaietako programan joango da

Lanak aurkezteko epea, 2024ko, martxoaren 17an amaituko da, 23:59ak baino lehen.

Xehetasun gehiago lehiaketaren oinarrietan.