Kanpaina honen bidez Beasaingo Udalak hizkuntza politikaren baitan, euskal literatura kontsumitzeko aukera eta erraztasunak eman nahi ditu
Nazioarteko liburuaren egunaren bueltan, datozen hilabetetan Udalak egitarau oparoa antolatu du irakurleak saritu eta euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko
Irakurketa eta euskara arrazoi hartuta Beasaingo Udalak Irakurri, oparitu eta gozatu egitasmoaren edizio berria aurkeztu du gaur. Kultura sailak Beasaingo bibliotekarekin, Udal Euskaltegiarekin eta herriko irakurle taldearen laguntzarekin datozen hilabeteetan aurrera eramango dituen hainbat ekimen bildu eta aurkeztu ditu kanpaina honen baitan. Oinarrian euskarazko literatura eta irakurzaletasuna hedatzea eta era berean bibliotekako erabiltzaile kopurua handitzea da xedea. Halaxe adierazi du Xabier Matarranz kultura zinegotziak kanpainaren aurkezpenean. Berarekin batera, bibliotekako arduraduna Olaia Eskitxabel, Udal Euskaltegiko zuzendaria Mari Paz Martin eta Joxe Goikoetxea irakurle taldekoa izan dira.
Antolatu diren ekitaldiak martxotik apirilera iraungo dute nahiz eta beste herrietan ekaina arte luzatuko diren. Izan ere, Olaia Eskitxabelek adierazi duen moduan, Irakurri gozatu eta oparitu programa Topagunearen ekimena da eta ia ekaina arte Euskal Herriko 52 herritan burutuko da. Egitarauan, mahai inguruak, ipuin kontaketak, liburu aurkezpenak, idazlan lehiaketak, sari emateak eta abar aurkitzen dira.
Irakurzaletasuna sarituz
Udal bibliotekatik egitasmo hau garatzeko hiru urrats eman behar izango direla jakinarazi du bibliotekako arduradunak: lehenik, bibliotekak mailegatutako euskarazko liburua hartu behar da, ondoren irakurri eta itzultzerakoan, irakurleak liburuari buruzko fitxa bete behar du azkenik. Hori egindakoan, bibliotekako arduradunak erosketa balea emango dio. Gero, pertsona horrek Mirentxu liburu dendara joan eta oparitzeko liburua aukeratu behar du. Bale hori erakutsita %35eko beherapena izango du erosketan. Horretaz aparte, hilabeteko parte hartzaileen artean 30€ko erosketa txekea zozketatuko da liburutegian.
Udal Euskaltegiak irakurketa tailerra antolatu du. Sei saioz osatuta egongo da herritar zein euskara ikasleei zuzendua. Hiru saio aste santu aurretik eta beste hiru ondoren emango dira. B1 euskara maila duen “Enigma” nobela beltzaren irakurketa egingo da kanpainaren helburu nagusia bete asmoz; euskarazko literaturaren irakurketa sustatzeko.
Herriko irakurle taldearen eskutik, euskara eta euskal literatura indartzeko asmoz “Euskal liburua kalera” herri ekimena burutuko dute bigarrengoz. Iaz hasitakoari eutsiko diote eta Ezkiagatik Dolarea parkerainoko ibilbidea osatuko dute hiru geldialdi eginez irakurketa tarteak egiteko. Musika eta dantzaz girotuko dute ibilbide osoa. Amaierako ekitaldian Joxan Artze omenduko dute.
Ekitaldi aipagarrienak hauek badira ere, egitarau osoa jarraian dago aurkeztuta.
Martxoak 1
19:00 Igartzako jauregian
XIX. Igartza Literatura Bekan saritutako liburuaren aurkezpena. Ekaitz Goienetxearen “Zaldi mamarroa”.
Martxoak 7
15:00 Udal Euskaltegian
Irakurketa tailerraren hasiera. Georges Simenonen “Enigmak”. B1 maila.
Hurrengo saioak martxoaren 14an, 21ean, apirilaren 11n, 18an eta 25ean.
Martxoak 8
17:30 Udal Bibliotekan
Ipuin kontaketa: Maite Franko. “Emakumeak maite ez zituen herria”.
Martxoak 12
“Irakurri, gozatu, oparitu” egitasmoaren hasiera ofiziala.
Martxoak 13
19:00 Igartzako jauregian
Liburu aurkezpena. Tere Irastortzaren “Txoriak dira bederatzi”.
Martxoak 17
16:30 Igartzako jauregian
“Album ilustratu bat sortzeko bidean” tailerra.
Martxoak 21
16:30 Udal Bibliotekan
Ipuin kontaketa: Eneko Haritza. “Hik ahal dun!”.
Martxoak 23
17:15 Igartzako jauregian
Irakurle Taldea. Arantxa Urretabizkaia. “Bidean ikasia”.
18:00etan tertulia idazlearekin.
Apirilak 12
17:30 Udal Bibliotekan
Ipuin kontaketa: Fernando Anbustegi. “Kontu eta Kantu”
Apirilak 20
17:30 Udal Bibliotekan
Irakurle taldea. XXVII. Beasain Idazlehiaketan saritua izan zen Martin Kortaberriaren “Hilartiz, C minor, op. 1”
Apirilak 21
11:00 Igartzako jauregian
Mahai ingurua: “Istorio haien historiak”.
12:00 Igartzako jauregian
XXVIII. Beasain Idazlehiaketako sari-ematea.
Apirilak 22
11:30 Ezkiaga auzotik aterata
“II. Euskal liburuak kalera”
Bukaeran Dolarea parkean Joxan Artzeri omenaldia.
Apirilak 23
Liburuaren Nazioarteko Eguna:
Udal Bibliotekan.
- Bibliotekako irakurzaletasuna saritzea.
- 17:30ean Ipuin kontaketa. Maite Arrese. “Yogipuinak”.