Tailerraren orduan, Artekako Vicky-k Eguberrietarako apaingarriak egiten erakutsi du
Larunbat honetan, abenduaren 7a, urtea itxiko duen azken azoka berezia ospatuko da Beasaingo Loinazko San Martin plazan. Tradizioa eta tokiko ekoizpena uztartuz, neguko produktuak izango ditu ardatz, hala nola azalorea, aza, kale aza, porrua, kalabaza, eskarola eta atxikoria, tokiko ekoizleek mimoz ekoitzitako barazkiak.
Sasoi honetan, neguko barazki hauek ezinbestekoak dira elikadura orekatua eta osasuntsua mantentzeko. Hotz garaietan funtsezkoak dira, , immunitate-sistema indartzen duten bitaminak dituzte, burdin iturri garrantzitsua dira, anemiaren aurkako laguntza bikaina eta heste osasuntsuarentzako lagungarriak, zuntz kopuru altuagatik.
Tradizio eta Sormena Uztartuz
Arteka dendako Vicky-k eguberrietako apaingarriak egiten irakatsiko du tailer didaktikoaren orduan. Eguberria ate joka dugun honetan, ekintza hau, haur eta helduentzat zuzendurik, birziklapena, artisautza eta sormena uztartuko ditu, ingurumenarekiko kontzientzia eta tradiziozko ezagutzak transmitituz. Eguberrietako apaingarriak egiteko, bertako materialen eta naturaren elementuen erabilerak tokiko kulturaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua indartzen du.
Azokaren garrantzi soziala eta ekonomikoa
Beasaingo azoka ez da soilik erosteko leku bat; komunitatearen topagunea ere bada, belaunaldien arteko harremanak sendotuz eta herritarren arteko elkartasuna bultzatuz. Azokaren bidez, bertako nekazariek eta artisau ekoizleek beren produktuak zuzenean saltzeko aukera dute, bitartekaririk gabe. Horrek tokiko ekonomia indartzen du eta kontsumo arduratsua sustatzen du.
Beasaindar guztiei gonbidapena luzatzen zaie, kalitatezko produktuak eskuratu eta ekoizleekin harreman zuzena izateko. Azoka berezi honek tokiko kulturaren, gastronomiaren eta bertako baliabideen aberastasuna erakusteko aukera paregabea eskaintzen bait du eta.
Egitaraua:
- 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.
- 11:30 Eguberrietarako apaingarriak egiten ikasteko tailerra Artekaren eskutik.
- 12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek azoka girotuko dute.
- 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.
- 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.