Kolonien populazioaren kontrola, zaintza eta hauekiko ematen diren elikadura desegokiak murrizteko bolondresak antolatzen diardu Udalak
Horretarako, Lau Katu elkartearekin lankidetzan, lan hori egiteko baimenduta dauden pertsonak akreditatuko ditu berme guztiekin lan egin dezaten
Beasaingo kaleetako katu-kolonien ongizatea hobetzea eta, bereziki, katuen populazioa modu etiko eta eraginkorrean murriztea da Beasaingo Lau Katu elkarteak eta Udalak partekatzen duten helburua. Oraingo honetan Beasaingo kaleetan dauden katu kolonien elikadura desegokia murriztean jarri da azpimarra. Lau Katuk adierazten duen bezala, elikadura etengabea eta garbi antolatua egon behar da, elkartearekin koordinatuta katu guztiak esterilizatuak izan daitezen eta espazio publikoa txukun mantentzeko, bizikidetza arazoak ekidinez.
Etxeko janari hondarrak edonon eta koordinaziorik gabe jaten emateko ohitura zaharrak asko du mitotik eta ez die mesederik egiten katuei. Adibidez, behi-esneak beherakoa eragiten die eta arrain-arantzek barruko zauriak eragin ditzakete. Gainera, etxeko janaria askoz usaintsuagoa denez, arratoiak bezalako nahi ez diren animaliak erakartzen ditu eta azkar usteltzen da. Aitzitik, katuentzako pentsuak ez du usainik, askoz gehiago irauten du eta askoz ere nutritiboagoa da. Udalak elkartearekin koordinatuta, baimendutako puntuetan ematen da, eta janari askoz garbiagoa eta onuragarriagoa da katuentzat.
Elkarteak dioen bezala, katuek jan egin behar dute, baina haien elikadura antolatuta egon behar da eta esterilizazioarekin lagunduta behar du izan, bestela epe ertainean on baino kalte egiten diegu. Elikadura irregularrak, desegokiak eta ezkutukoak, katuak gaixotzea, leku arriskutsuetan finkatzea, lekualdatzea eta harrapatuak izatea dakar. Honela, harrapatzea eta esterilizatzea ezinezkoa bihurtzen da eta, oro har, bizilagunei eragozpen gehiago sortzen zaie. Honela bada, auzotarren laguntza ezinbestekoa da katuen eta beasaindarren ongizatea xede badugu.
Elikatzeko baimena
Beasaingo kaleetako katuak zaindu nahi dituzten boluntarioen antolaketa sustatzeko asmoz, Beasaingo Udalak agiriak banatuko ditu, katu-kolonietako zaintzaile eta elikatzaileak identifikatu eta baimena emateko.
Berritasun honekin, Lau Katu Beasainekin lankidetzan katuak elikatu eta kudeatzeko baimena emango duen agiria eskatu behar dute katu-koloniak zaintzen lagundu nahi dutenek. Horrela, jardunbide egokien konpromisoa hartuko da, katuentzat zein auzotarrentzat onuragarriak direnak. Jardunbide egoki horien artean daude katuak katuentzako pentsuarekin elikatzea, etengabe eta garbi egitea eta elkartearekin koordinatzea, katu guztiak esterilizatuak izan daitezen eta haien populazioa murriztu dadin, besteak beste.
Kolonien kontrola
Neurri hau, Beasaingo Udala Lau Katu Beasain elkartearekin aspalditik garatzen ari den katu-kolonien udal kudeaketaren beste adibide bat da, Katuak harrapatzeko, esterilizatzeko eta Koloniara Itzultzeko HEI metodoaren bidez (Harrapaketa - Esterilizazioa -Itzulketa). Katuen populazioa murrizteko eta haien ongizatea hobetzeko modu etiko eta eraginkor bakarra da. Katu esterilizatuek belarrian ebaki bat izaten dute antzuak direla adierazteko eta beti jatorrizko lekura itzultzen dira. Elikatzen dituen pertsonak zaintzapean edukitzeaz eta beste zainketa batzuk behar dituzten katu berrien eta katu gaixoen berri emateaz arduratzen da.
Animaliak babesteko EAEko Legea betez, aurrerantzean, baimendutako pertsonek bakarrik elikatu ahal izango dituzte kolonietako katuak, eta garbitasun jarraibideak eta jardunbide egokiak bete beharko dituzte. Udalak emandako baimenik ez duen oro zigortu ahal izango da. Katuak zaintzen lagundu eta agiria lortu nahi duenak Beasaingo Udaltzaingoarekin jar daiteke harremanetan edo Lau Katu elkartearekin https://laukatubeasain.weebly.com/ webgunearen bitartez.