Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

TAO informazio bulegoak ateak irekiko ditu urtarrilaren 27an

2025/01/24

Ordenantza berriari buruzko informazio guztia eta egoiliar-baimena zein merkatarientzako baimena eskatzeko tramiteak burutu ahal izango dira modu presentzialean hitzordu bitartez

Apirilean indarrean sartuko den araudiak egoiliarrentzako 425 plaza esklusibo berri eskainiko ditu erdigunean eta egoiliarren plazetan ezik, lehen 20 minutuak doan izango dira edonon

Egun egoiliar-baimena dutenek ere baimen eskaera egin beharko dute TAO informazio bulegoan edota Udalaren webguneko egoitza eletronikoan

Trafiko eta aparkalekuen ordenantza berria datorren apirilaren 1ean jarriko da indarrean baina horren aurretik herritarren zalantzak argitzeko eta egoiliar-baimena eskatzeko tramiteak aurreratzen joateko TAO bulegoa irekiko da udaletxean. Urtarrilaren 27tik aurrera modu zuzeneko arreta eskainiko da udaltzaingoaren ondoan kokatu den bulegoan hitzordua eskatuz. 

TAO berriaren helburua, Beasainen ibilgailuen aparkalekua modu eraginkorrean erregulatzea da, ingurumenean, espazio publikoaren kalitatean zein pertsonen irisgarritasunean inpaktu positibo bat izan dezan. Etxebizitzetara, zerbitzu publikoetara eta herriko merkataritza guneetara sarbidea ere errazteko balioko du. Halaber, araudi honek mugikortasun modu ekologikoagoak sustatzea du helburu, garraio publikoa, ibilgailu partekatua edota oinez zein bizikleta bidezko desplazamenduak lehenetsiz, ongizatean duten eragin positiboa kontuan hartuta.

Araudi berriak honako berrikuntza nagusiak dakartza: S2 sektore berria sortzen da (Barrendain plazatik Dolarearaino), egoiliar-baimena dutenentzat aparkaleku esklusiboak txertatzen dira erdigunean, landa auzoetako bizilagunentzako zein merkatari txikientzako baimenak ahalbidetzen dira eta sektore guztietan lehen 20 minutuak doan izango dira tiketarekin (egoiliarrentzako plaza esklusiboetan ezik).

Sektore berria

Egun, Ezkiaga eta erdiguneko TAO sektoreak bereizten diren bezala, ordenantza berriak hirugarren sektore bat sortu du. Hain zuzen ere, Barrendain plaza eta Garmendia-Otaola ardatzetik mendebaldera Dolarea parkera arte gelditzen den eremua; Dolarea kalea 12-13 eta Foru kalea 74 izango ditu muga. Horrela hiru TAO sektore desberdin egongo dira udalerrian: Ezkiaga (ZE), egungo erdiguneko TAO sektorea (S1) eta sektore berria (S2). 

S2 sektorea sortzeak hiru arrazoi nagusiei erantzuten die: egun Beasaindik kanpo datozenek garraio publikoa hartzeko eremu honetan sortzen duten aparkaleku presioa, Beasainera lan egitera etorri eta sektore honetan aparkatzen dutenek sortutako presioa, eta, batez ere, sektore honetan etxebizitza askok duten garaje pribatu gabezia. Egoera hau bereziki nabaria da Oriamendi 31-47, Nabarro Larreategi, Mendeurren eta Martin Aranburu kaleetan, besteak beste.

Mugikortasun aktiboa eta bide-segurtasuna

TAO zerbitzua mugikortasun aktiboaren aldeko tresna baliagarri bilakatu nahi da eta zentzu horretan, Beasaingo oinezko edo bizikleta bidezko desplazamenduak sustatzeko helburua bete nahi du. Horrela bada, egoiliar-baimenarekin, norberari dagokion sektorean aparkatu ahal izango da soilik denbora mugarik gabe. Egoiliar-baimenak ez du gainontzeko sektoreetan aparkatzeko aukerarik emango.

Gainera, antolamendu berriarekin, ibilgailua Bernedoeneako, Gipuzkoa plazako eta Gernika pasealekuko aparkalekuetan uzteko ohitura indartu nahi da. Aparkaleku hauek, errepide nagusiko sarrera-irteeretatik gertu egoteaz gain, herri erdigunetik ere hurbil daude. Aparkaleku hauen erabilera handituz gero, erdiguneko trafikoa arinduko litzateke, aldi berean bide-segurtasuna handituz eta airearen kalitatean eragin positiboa lortuz. 

Egoiliar baimenduak lehenetsi  

Erdiguneko S1 eta S2 sektoreetan, baimendutako egoiliarrentzako aparkaleku esklusiboak sortuko dira, guztira 425 plaza. Horrela, baimenduek denbora mugagabean aparkatu ahal izango dute dagokien sektoreko (S1, S2) Bertakoak/Residentes ikurrekin seinaleztaturiko plazetan. Horietatik, 120 plaza Gipuzkoa Plazan kokatuko dira eta beste hainbat Esteban Lasa, San Inazio, Oriamendi 32-47, Nekolalde, Mendeurren eta Nabarro Larreategi kaleetan. Horretaz gain, egoiliar baimenduek beraien sektoreko gune urdin osoan ere aparkatu ahal izango dute baldintza berdinetan.

Ezkiaga (ZE) sektorean aldiz, orain arteko araudiak emandako emaitza positiboak ikusita, ez da aldaketarik egongo. Auzoko egoiliar baimenduen ibilgailuak baino ezingo dira aparkatu gune gorrian, astelehenetik ostiralera 23:00etatik 08:30era. Ordutegi honetatik kanpo, aparkatzea doakoa izango da.

Landa-auzoetako herritarren kasuak arreta bereziz aztertu du ordenantza berriak. Hori dela eta, landa-auzoetako egoiliar baimena sortu da. Baimen horrekin landa-auzotarrek euren ibilgailua gune berdeetan denbora mugagabean aparkatzeko aukera izango dute. 

Merkatari-baimen berria

Ordenantza berria onartzeko prozesuan Udal Gobernuak merkatariekin izandako bilera eta adostasunaren ondotik, kolektibo honentzako baimen eredu berri bat sortu da. S1 edo S2 sektoreetan dauden merkatari txikiek ibilgailu batentzako baimena atera ahal izango dute, beti ere, ibilgailu hori Beasainen ez badago erregistratuta. Baimen honekin, dagokien sektoreko gune urdinean aparkatu ahal izango dute denbora mugarik gabe.

Kasu guztietan, TAO baimena eskuratu nahi duen edonork, gaur egun egoiliar-baimena dutenak barne, ezinbestean dagokion eskaera egin beharko dute TAO bulegoan (aurretik hitzordua hartuz) edota Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez.

Egonaldi motaren arabera, honako guneak koloreztatu dira: 

- Gune marroia (egonaldi motza): lehen 20 minutuak doan izango dira eta gehienez ordu eta erdi aparkatu ahalko da (1,5€). Egoiliar-baimenarekin ezingo da aparkatu. Gernika pasealekuko frontoi atzea, Barrendain plaza eta Anbulategia.

- Gune urdina (egonaldi ertaina): lehen 20 minutuak doan izango dira eta gehienez 4 ordu aparkatu ahalko da (4€). Goiz edo arratsaldeko ordutegi blokeak osatzeko aukera. Egoiliar-baimenarekin aparkatu ahal izango da, beti ere sektore berekoa bada. Erdigunean, S1 eta S2 sektoreetan kokatzen da.

- Gune berdea (egonaldi luzea, aparkaleku disuasorioak): lehen 20 minutuak doan izango dira eta gehienez 7,5 ordu aparkatu ahalko da (3€), egun osoa. Egoiliar-baimenarekin ezingo da aparkatu landa-auzoetako herritarrak izan ezik. Gipuzkoa plaza, Trenbide kalea eta Gernikako pasealekua.

- Gune gorria (Ezkiaga): Ezkiaga sektorean (ZE). Orain arte bezala. Ezkiaga auzoan bakarrik aparkatu ahal izango dute baimendutako egoiliarren ibilgailuak ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera 23:00etatik 08:30era.

- B-R egoiliar-baimendun plaza esklusiboak (berria): bere sektorean baimenduta dauden egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute (S1 edo S2). Urte osoan, 24 orduz. S1 sektorean baimendutako egoiliarrek ezin izango dute S2ko egoiliarren plazetan aparkatu, eta alderantziz.

TAO ordenantzaren berrantolaketa honek, 2022an Beasaingo Udalak Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren (HMJP) idazketanizan zuen sorrera. Horretarako, besteak beste, trafikoaren neurketa, bidegurutzeen azterketa, herritarrei egindako inkesta eta parte-hartze tailerrak burutu ziren. 

Informazioa:

Telefonoa: 661 202 832

Posta elektronikoa: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

www.beasain.eus/tao

tao bulegoa0