Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Beasainen eta beasaindarren garapen jasangarria helburu duten aurrekontuak onartu zituen Udalbatzak

2024/12/09

Gazteen etxebizitza eskuratzeko premia, enplegagarritasuna eta osasun-ongizatea, premiazkoak dira datorren urteko aurrekontuetan 

Aurrekontuak, udalbatza osatzen duten 17 kideetatik, EHBilduko 4 zinegotzien ezetza jaso zuen 

Antzizar Kiroldegiko kudeaketa zerbitzua kontratatzeko deialdi publikoa egitea onartu zen

Urteko azken osoko bilkuran onartu dira 2025erako Beasaingo Udalaren aurrekontu orokorrak. Guztira ia hogeitalau milioi eta erdiko aurrekontua izango da (24.443.329,84 euro), iazkoa baino %9 gehiago.  Aurkeztutako aurrekontu proposamenean, oposizioko PSE, Podemos eta EHBildu alderdiek egindako ekarpen aberasgarrienak txertatu ditu Udal gobernuak. Hori horrela, onartua izan zen EHBilduren aurkako botuekin eta Elkarrekin Podemos eta PSEren abstentzioarekin. 

Beasainen eta beasaindarren garapen jasangarria helburu, euskeran, arlo sozialean, ekonomikoan eta ingurumenean, gazteentzako etxebizitza, enplegagarritasuna, nahi ez den  bakardadea edo Olaran, Bonberia eta Barrendaingo gune berriak herritarrok erabilgarri izateko asmoz onartu dira, EHBilduren aurkako lau bozka soilik jaso dituen aurrekontuak.

Etxebizitza eta enplegua 

Aurrekontuak arreta berezia ipini die enplegagarritasuna eta etxebizitzaren gaiei. Etxebizitza arloan, eta gazteei bereziki eragiten dien heinean, alokairua sustazeko politikaren barruan Ugartemendin alokairuzko 90 etxebizitzen sustapenaren lehen urratsak emango dira, lur sailak eskuratzeko kudeaketei hasiera emanez. 

Alokairurako diru laguntzek jarraipena izango dute 35 urte arteko herritarrei etxebizitzaren alokairuan laguntzeko, eta Beasaingo etxebizitzaren diagnostiko eta planaren azterketa sakon eta zorrotzak, edonork Beasainen bere bizitza proiektua gara dezan aukera emateko neurriak erabakiko dira. 

Lan munduan txertatzeko zailtasunak dituzten pertsonei lan merkatura gerturatzeko helburuarekin formakuntza espezifikoa eskainiko da,  “Elkarrekin lanean” programaren bidez. Ekintzailetza sustatuko duten diru laguntzak zuzenduko dira baita ere, eta merkataritza arloan laguntza lerroak berretsiko dira tokiko merkataritzak  ekonomia eta enpleguan duen eragina indartzeko.

Ongizatean eragin

Beasaindarren bizi kalitatea hobetzeko bidean, osasun mentalaren alde eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko proiektuak protagonismo berezia hartuko dute datorren urtean, Dar Dar gizarte ekimeneko kooperatibak egingo duen lanketaren bitartez.

Halaber, ongizate saileko zerbitzu eta programak indartuko dira eskaera eta beharren baitan, herritarrek behar dituzten zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna bermatuz. 

Euskara eta kalitatezko zerbitzuak

Gaztetxo eta nerabeak herrian duten eskaintzaren osagarri, aisia eta kultur eskaintza borobilduko duen zerbitzu hezitzaile berria eskainiko da Gaztegune berriaren irekierarekin. Gazteentzako topagune eta harremanak sustatzeko lekua izango da. Betiere, euskararen erabilera eta ezagutza indartzeko zerbitzu bat gehiago izanez. 

Hizkuntza politikan, euskararen sustapenak lehentasunezko ardatza izaten jarraituko du. Gazteengan eraginez, DBHko ikasleen euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin, "Gaztelaniaren abantailak" deituriko egitasmoak jarraipena izango du. Berdin ahozkotasuna lantzeko egitasmoa ikastetxe guztietara zabalduko da bertso elkartearen lankidetzarekin. Gainera, gida baimena euskaraz ateratzeko diru-laguntzak suspertuko dira. Halaber, udal webean euskaraz artatuko duen asistente birtuala txertatuko da administrazioa eta herritarren arteko harremana erraztu eta euskalduntzeko.

Kultura eta hezkuntza arloan, Musika Eskolaren egoitzan eraberritze sakon bat egingo da eraikinaren birgaitzearen lehen fase bat aurrera eramanez, 

Bonberia Kultur Gunearen lanak ere 2025ean hasiko dira, edukiko duen erabilpen anitzari esker ekitaldi desberdinak hartuko dituen beste gune bat Beasaingo eskaintzari gehituko zaio.

Bestetik, Igartzako Monumentu Multzoan barne eta kanpo argiteria berrituko da ondare honek duen balio artistikoa azpimarratu eta beasaindar zein bixitarien esperientzia hobetzeko.

Espazio publikoa herritarrei egokitua

Olaran Talentu Faktoriak ere aukera berriak zabalduko dizkie beasaindarrei zerbitzu bereizgarriak eskaintzeko. Horregatik, herritarren eskaerak jasotzeko parte-hartze prozesu bat irekiko da urte hasieran eraikinaren zerbitzu publikoak definitzen laguntzeko.

Herritarren beharretara egokitutako espazioen garapenean, Barrendain plazaren birgaitzeari hasiera emango zaio, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzan eta Kale Lagun ekimenaren aterkipean, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko espreski diseinatu den lehen plaza izango da. 

Halaber, Beasain atseginago eta bizigarriagoa eraikitzen jarraitzeko, hiri paisaia hobetzeko helburuarekin, murala marraztuko da Senpere kaleko alde bietako hormetan. Margoetan belaunaldien arteko harremanen sustapena, mugikortasuna eta tokikotasuna adieraziko duten irudiak agertuko dira. 

Irisgarritasunari dagokionez, Mateo Mujika-Arantzazu eta Kale Nagusia - Esteban Lasa kaleen arteko maldak libratzeko igogailu eta harrapala sare bat garatzeko azterlanei ekingo zaio. 

Landa auzoetara bagoaz, Garinen ur saneamendu sarea berritzeko lanak baliatuz, argiteria eta zoladura berrituko dira auzoan. 

Ingurumenaren zaintza eta jasangarritasun energetikoa

2025ean ere kale argiteria LED sistemara aldatzeko prozesuarekin jarraituko da, eta landa lurretako mugak digitalizatzeko lanen hurrengo faseak burutzen jarraituko da. 

Mugikortasun jasangarria sustatzeko, Gernikako Pasealekuko aparkalekuan minutuka alokatu ahal izango diren ibilgailu elektrikoen CarSharing zerbitzu pilotu bat abiatuko da. 

Ingurumena eta aldaketa klimatikoak dakartzan eraginei aurre eginez, zuhaitz landaketak egingo dira Joan Iturralde plazan eta Igartza Oleta kalean itzal bitartez bero irla efektua gutxitzeko.

Aintzakotzat hartu dira oposizioaren ekarpenak udal-aurrekontuan

Besteak beste, etxebizitzetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanen dirulaguntza lerroa, Arangoitira iristeko igogailuaren eraberritzea eta bizikletentzako aparkaleku estaliak izan dira oposizioarekin adostuta aurrekontuan txertatu diren diru-partidetako batzuk.

Kiroldegia kudeatzeko baldintza pleguak onartuta

Datorren urteko aurrekontuen onespena izan bazen gai nagusia, eguneko gai zerrendan aurkitzen ziren beste proposamenen artean nabarmentzekoa da Antzizar Kiroldegiko kudeaketa zerbitzua kontratatzeko baldintza pleguak onartu eta deialdi publikoa egitea erabaki zen EHBilduren aurkako botuarekin eta gainerako alderdien aldeko botuekin . Zerbitzu kontratuaren iraupena hiru urtekoa izango da, urtebeteko bi luzapen aukerakin. Azpimarratzekoa da urtero 80.000€ bideratuko direla mantenu gastuetaz haratago 40 urte bete berri dituen eraikinean berrikuntza eta hobekuntzak egiten jarraitzeko.