Gazteen etxebizitza eskuratzeko premia, enpleagarritasuna eta osasun-ongizatea, udal gobernuaren aurrekontu proposamenaren oinarri
Kalitatezko azpiegitura eta espazio publikoek beasaindarren bizi kalitatea hobetzeko duten gaitasuna kontutan hartuz, Barrendain plazaren birgaitzea, Musika Eskolaren eraberritzea eta Igartzako Monumentu Multzoko baliabideak modernizatzeko inbertsioak aurkezten dira
Parte-hartze prozesua burutuko da Olaran Talentu Faktorian txertatuko diren zerbitzu publikoak erabakitzeko eta nerabeentzako Gaztegune berria irekiko da
Legealdi planean ezarritako ildo estrategikoei jarraituz, garapen jasangarriagoaren alde egin eta ingurumena errespetatzen duen udalerri gizatiarragoa eratzeko bidean jarraitzen du udal gobernuak. Horren isla izango da 2025erako aurkeztu duen aurrekontu proposamena. Leire Artola alkateak azaldu duenez, “herritarren beharrei erantzungo dieten egitasmoak gauzatzeko eta udalerria etorkizunera begira egituratzeko helburuarekin, datorren urtean herritarren ongizate integralean eragiten jarraituko duten aurrekontu proposamena aurkeztu dugu”.
Orotara, ia 24,4 milioi euroko aurrekontu-proiektua da aurkeztutakoa (iazkoa baino %9 gehiago) eta etengabeko hobekuntzan oinarrituta, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea eta espazio publikoak pertsonen beharretara egokitzea da udal gobernuaren lehentasuna. Jasangarritasuna arlo sozialean, ekonomikoan eta ingurumenean sustatuz, eguneroko kudeaketa zuhurtziaz eta zorroztasunez eramanez, aurreikusitako proiektuak gauzatu ahal izatea da helburua, alkatearen hitzetan.
Etxebizitza eta tokiko enplegua
Herritarren lehentasunen artean aurkitzen diren bi arlo nagusienak izanik, udal gobernuak arreta berezia ipini die aurrekontu proposamenean enplegagarritasuna eta etxebizitzaren gaiei. Etxebizitza arloan, eta gazteei bereziki eragiten dien heinean, alokairua sustazeko politikaren barruan Ugartemendin alokairuzko 90 etxebizitzen sustapenaren lehen urratsak emango dira, behin aurreproiektua osatuta lur sailak eskuratzeko kudeaketei hasiera emanez. Udala lantzen ari den Plan Orokorrean aurreikusten den moduan, Etxebideko baldintzak betez alokairu sozialera bideratuko lirateke %100ean. Alokairurako diru laguntzek jarraipena izango dute 35 urte arteko herritarrei etxebizitzaren alokairuan laguntzeko, eta Beasaingo etxebizitzaren diagnostiko eta planaren azterketa sakon eta zorrotzak, egoera zein den eta ondorioak ateraz, edonork Beasainen bere bizitza proiektua gara dezan aukera emateko neurriak erabakiko dira. Laguntza hauek Emantzipa programarekin osagarriak izango dira gainera.
Goieki eta Goierri Eskolaren bitartekaritzarekin, diru-lerroak zuzenduko ditu Udalak lan merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten pertsonei “Elkarrekin lanean” programaren bidez. Lan merkatuaren azterketak eskatzen dituen lanpostuak bete eta merkatarien belaunaldiarteko erreleboa sustatzeko, ikastaro espezifikoak antolatuko dira. Ekintzailetza sustatuko duten diru laguntzak zuzenduko dira baita ere, eta merkataritza arloan alokairurako diru laguntza lerroak berretsiko dira sektore honek tokiko ekonomia eta enpleguan duen eragina indartzeko.
Ongizatean eragin
Beasaindarren bizi kalitatea hobetzeko bidean, osasun mentalaren alde eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko proiektuak protagonismo berezia hartuko dute datorren urtean. Egungo gizarteak nozitzen dituen hertsiki lotuta dauden bi fenomeno hauen aurrean, osasun emozionala hobetzeko lanketak datorren urte osoa hartuko du Arteria medotologiaren bidez. Halaber, ongizate saileko zerbitzu eta programak indartuko dira eskaera eta beharren baitan, herritarrek behar dituzten zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna bermatuz.
Euskara eta kalitatezko zerbitzuak
Gaztetxo eta nerabeak herrian duten eskaintzaren osagarri, aisia eta kultur eskaintza borobilduko duen zerbitzu berria eskainiko da Gaztegune berriaren irekierarekin. Oriamendi kalean udalak eskuratu duen areto berriaren egokitzapenarekin lortuko da datorren urtean. Adin horretako gazteentzako topagune eta harremanak sustatzeko lekua izango da euren eskakizunen araberako zerbitzua izateko. Betiere, euskararen erabilera eta ezagutza indartzeko zerbitzu bat gehiago izanez.
Hizkuntza politikan, euskararen sustapenak lehentasunezko ardatza izanez jarraituko du. Gazteengan eraginez, DBHko ikasleen euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin, "Gaztelaniaren abantailak" izeneko egitasmoak jarraipena izango du eta Lehen Hezkuntzako ikasleen ahozkotasuna lantzeko hizkuntza errefortzuak indartuko dira. Berdin ahozkotasuna lantzeko egitasmoa ikastetxe guztietara zabalduko da bertso elkartearen lankidetzarekin. Gainera, gida baimena euskaraz ateratzeko diru-laguntzak suspertuko dira. Halaber, udal webean euskaraz artatuko duen asistente birtuala txertatuko da administrazioa eta herritarren arteko harremana erraztu eta euskalduntzeko.
Kultura eta hezkuntza arloan, Musika Eskolaren egoitzan eraberritze sakon bat egingo da eraikinaren birgaitzearen lehen fase bat aurrera eramanez, eta Igartza Musika Zikloaren bidez kalitatezko kultura eskaintzearen aldeko apustuarekin jarraituko da. Bonberia Kultur Gunearen lanak ere 2025ean hasiko dira, edukiko duen erabilpen anitzari esker ekitaldi desberdinak hartuko dituen beste gune bat Beasaingo eskaintzari gehitzeko. Bestetik, Igartzako Monumentu Multzoan barne eta kanpo argiteria berrituko da ondare honek duen balio artistikoa azpimarratu eta beasaindar zein bixitarien esperientzia hobetzeko eta, Andre Mari Zeruratuaren parrokiako erretaula zein margo errenazentistak berreskuratzeko lanak amaitzeko 130.000€-ko diru-partida aurreikusi da.
Espazio publikoa herritarren zerbitzura
Olaran Talentu Faktoriak ere aukera berriak zabalduko dizkie beasaindarrei zerbitzu bereizgarriak eskaintzeko. Horregatik, herritarren eskaerak jasotzeko parte-hartze prozesu bat irekiko da urte hasieran egingo den espazio publikoaren erabilera definitzeko.
Herritarren beharretara egokitutako espazioen garapenean, Barrendain plazaren birgaitzeari hasiera emango zaio, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzan eta Kale Lagun ekimenaren aterkipean, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko espreski diseinatu den lehen plaza izango da. Halaber, Beasain atseginago eta bizigarriagoa eraikitzen jarraitzeko, hiri paisaia hobetzeko helburuarekin, murala marraztuko da Senpere kaleko alde bietako hormetan. Marrazkian belaunaldien arteko harremanen sustapena, mugikortasuna eta tokikotasuna adieraziko duten irudiak agertuko dira.
Irisgarritasunari dagokionez, Mateo Mujika-Arantzazu eta Kale Nagusia - Esteban Lasa kaleen arteko maldak libratzeko igogailu eta harrapala sare bat garatzeko azterlanei ekingo zaio.
Landa auzoetara bagoaz, Garinen ur saneamendu sarea berritzeko lanak baliatuz, argiteria eta zoladura berrituko dira auzoan.
Ingurumenaren zaintza eta jasangarritasun energetikoa
2025ean ere kale argiteria LED sistemara aldatzeko prozesuarekin jarraituko da, eta landa lurretako mugak digitalizatzeko lanen hurrengo faseak burutzen jarraituko da. Mugikortasun jasangarria sustatzeko, ParteCar autoa partekatzeko ekimen arrakastatsuari jarraipena emateaz gain, Gernikako Pasealekuko aparkalekuan minutuka alokatu ahalko diren ibilgailu elektrikoen CarSharing zerbitzu pilotu bat abiatuko da. Era berean, kiroldegiko instalazioetan hobekuntzak egingo dira. Urtero 80.000€-ko diru-lerroa zuzenduko da eginkinzun honetara.
Ingurumena eta aldaketa klimatikoak dakartzan eraginei aurre eginez, zuhaitz landaketak egingo dira Joan Iturralde plazan eta Igartza Oleta kalean itzal bitartez bero irla efektua gutxitzeko eta bestetik, ibaiertzeko landare inbaditzaileak erauzten eta zuhaitz autoktonoak landatzen jarraituko du Udalak.
Egitasmo guzti hauek garatu ahal izateko, zuhurtziaz eta zorroztasunez aurrera eramandako kudeaketari esker, tamaina honetako egitasmoak garatzea ahalbideratuko du. Udal gobernu taldeak aurrekontu proiektua eta proposamenaren xehetasunak udal talde guztiei aurkeztu dizkie, haien ekarpenak jasotzeko. Dokumentu honen azken bertsioa abenduaren 5ean egingo den Udalbatzaren osoko bilkuran onartzeko aurkeztuko da, Beasain hiri jasangarri, orekatu eta herritarren ongizateari lotuta mantentzeko asmoz.