Osoko bilkuran onartutako ordenantza fiskalen arabera %2,6ko igoera izango da, azken urteko KPIa. Zaborren tasa %10 igoko da legeak eskatzen duen zerbitzuaren kostuari erantzuteko
Ondare eraikiaren erabilera eraginkorra sustatzeko, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzari hasierako onespena eman zaio
Diru Laguntzen atalean, bertako produktuen azoko indartzen jarraitzeko bonuetarako laguntzak eta gizarte arloan lan egiten duten elkarteentzako diru laguntzak onartu dira
2025ko urtarrrilaren 1etik aurrerako eragina izango duten Ordenantza fiskalen aldaketei buruzko udalbatzaren osoko bilkurak erabaki du zerga, tasa eta prezio publikoetan %2,6ko igoera orokorra aplikatzea. Igoera hau, argitara eman den Euskal Autonomi Erkidegoko KPI aren azken datuaren araberakoa izan da (2023ko abuztutik 2024ko abuztura).
Hondakinen bilketa eta tratamentuari dagokionez, legez zaborren tasak zerbitzu baten truke ordaintzen dira eta zerbitzu horren kostua estali behar dute. Hori horrela, datorren urteari begira etxeetako eta komertzioetako zaborren tasak %10eko igoera ezartzea erabaki da. Honela, etxebizitzak 139,70 euro urteko eta garaje bakarrekoak edo lokal itxiak 23,76 euro urteko ordainduko dute. Ordenantza fiskalen araudia onartua izan zen udal gobernuaren aldeko bozekin (9), eta EHBildu (4), Podemos (1) eta PSEren (1) aurkako bozekin.
Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza
Etxebizitzetako hiri-lurzoruan kokatutako eremu jakin batzuetan dauden lokalak etxebizitza erabilera izatera aldatzeko ordenantzari hasierako onespena eman zaio udal alderdi guztien adostasunarekin. Udal gobernuaren proposamenaren arabera, ordenantza honek helburu nagusi hauek bete nahi ditu: Beasaingo ondare eraikiaren erabilera erreala eta eraginkorra sustatzea; jasangarritasun printzipioari erantzungo dion etxebizitza-politika publikoa garatzea eta etxebizitzaren merkatuko prezioak kontrolatzea (erabilera aldaketaren ondoriozko etxebizitzek, etxebizitza tasatuen kalifikazio iraunkorra izango dute).
Osoko bilkurako beste gaiak
Onartutako proposamenen artean azpimarragarrienak hauek izan ziren: taxien hurrengo urteko tarifei dagokionez, indarrean daudenekiko %2,60ko igoera izango dute. Dirulaguntzak emateko oinarrien artean Beasaingo udalerrian gizarte arloan lan egiten duten elkarteei 2025. urterako aurreikusitako diru laguntza aurrekontua 97.400 eurokoa izango da. Azokan zuzeneko kontsumoa sustatzeko eta bezeroak erakartzeko bonuak kudeatzeko eta ekoizleei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onartu ziren. Bonuak 20 eurokoak izango dira eta 5 eurotan zatituta egongo dira. Erosleak 10 euro ordainduko ditu eta Udalak beste 10. Erosle bakoitzak 20€-ko bi bonu erosteko aukera izango du. Gabonetako kartel sariketaren oinarriak ere onartu ziren. Proposamen hauek aho batez onartu ziren.
Bestetik, herritarren segurtasuna eta bizikidetza arautzen duen udal ordenantzari haserako onespena eman zitzaion EHBildu (4), PSE (1) eta Podemosen (1) abstentzioarekin eta udal gobernuaren aldeko botuekin (9). Ordenantza honen helburua espazio publikoa elkarbizitzarako eta gizalegerako leku gisa zaintzea da, Beasaingo udalerrian dauden kultura, politika, hizkuntza eta erlijio adierazpen eta bizimodu desberdinen duintasuna eta errespetatuz.
Podemos udal taldeak mozioa aurkeztu zuen CAF enpresari eskatuz Jerusalemgo tren arinaren proiektua erretiratu dezan. Ez zen onartua izan EAJ (9) eta PSEren (1) aurkako botuekin eta Podemos (1) eta EHBilduren (4) aldeko botuekin.