Ikastetxeentzat eta herritarrentzat antolatutako bisita gidatuetan 350 pertsonatik gora izan dira
Erretaula nagusia birkokatzeko lanak hasiko dituzte hemendik gutxira eta margoak bere handitasunean ikusi eta ezagutzeko aukera ezin hobea izan da zaharberritze lanak egin dituzten adituen eskutik
Andre Mari Jasokundearen parroki-elizako horma-irudiak ikusi eta hauei buruzko historia ezagutzeko Beasaindarrei irekitako bisita gidatuak erantzun ezin hobea izan dute. Horma-irudi errenazentistak eragindako jakinmiñak orotara 361 pertsona erakarri ditu Beasaingo Udalak antolatu dituen bisita gidatuetara.
Herriko ikastetxeek egindako bisitetan, 120 ikasle baino gehiago izan ziren otsailaren 6an eta 14ean. Bisita eta hitzaldiak zaharberritze lanak burutu dituzten Artez enpresako adituak izan ziren. Beasaingo Ikastolako eta La Salle ikastetxeko DBHko ikasleak eta Txindoki institutuko batxilergo artistikoko ikasketak burutzen ari diren neska-mutilek interes handiz jarraitu zituzten adituen azalpenak.
Herritarrei zuzenduta aldiz, otsailaren 8an antolatu ziren euskarazko eta gaztelerazko lau txanda. Egun horretan 122 pertsona pasa ziren elizatik goiz osoan. Lehen egun honek izan zuen harrera onak eta ondorioz herritarrengan piztu zuen interesak, bigarren egun bat antolatu behar izatea ekarri zuen Udalaren aldetik eta joan den otsailaren 15ean egin ziren beste bi txanda bi hizkuntzetan. Egun horretan ere ia 120 pertsona izan ziren.
Bertako ondare artistikoa ezagutarazi
Beasaingo Andre Mari Jasokundearen eliz parrokiko erretaularen eraberritze lanetan egindako aurkikuntza ikusgarri honi esker, XVI. mendeko horma-irudi errenazentista paregabeak dira zaharberritu direnak aldarea inguratzen duten hormetan. Tamaina eta egoera honetan kontserbatzen diren bakarrak dira Gipuzkoa osoan adituen iritziz.
Erretaula berriz ere kokatzeko lanak hasi aurretik aprobetxatu da bere handitasunean horma-irudi hauek erakutsi eta jatorria ezagutzera emateko bisita eta hitzaldien antolaketa. Izan ere, ondare hau herrian bertan izateak duen garrantzia eta honen balioa herritarrei jakitera ematea ezinbestekoa da udalarentzat. Aditu eta udal arduradunen iritziz honek balio izango du ondare hau zaindu eta guregana iritsi den bezala ondorengoei ere uzteko. Atzerrian diren arte-lanak ezagutzea bezain garrantzitsua baita etxean bertan daukaguna ezagutu eta balioan jartzea.