Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Euskararen indarberritzean egindakoa partekatuz

2024/10/04

Alkateak harrera egin die hizkuntza gutxiagotuetako hizkuntza-aktibistei euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko egiten denaren berri emateko. Azken urteetan Udalak Garabide elkartearekin duen hitzarmenaren baitan burutzen da topaketa hau

Beasaingo Udalak Garabide elkartearekin duen lankidetza konpromisoa berrituz, azken urtetan bezala garai hontako hitzorduari ez dio hutsik egin eta hizkuntza gutxiagotuetako ordezkari indigenei harrera egin eta beraiekin bildu da. Udalak  bere hizkuntza politikaren baitan euskararen alde burutzen dituen ekimen ezberdinen azalpena egin die atzerritik iritsitako komunitate indigenetako hizkuntza-aktibistei. Leire Artola alkatearen ongietorriaren ondoren, udalerriaren ezaugarri nagusiak azaldu dizkie Beasaingo ezagutza orokorra izan dezaten eta euskararen indarberritzean Beasaingo Udalak duen esperientzia partekatu du beraiekin.   

Garabide elkarteak gonbidatuta, Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa ekimenaren baitan, aurtengo edizioan 13 komunitate ezberdinetatik datozen 18 hizkuntza-aktibista izan dira Beasainen. Horietarik gehienak Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikatik etorriko dira, baina badira baita Afrika eta Asiakoak ere: Kaqchikel bat (Guatemala), hiru Yukatango maia (Mexiko), mixe bat (Mexiko), bi kitxua (Ekuador), ketxua bat (Bolivia), bi guarani (Bolivia eta Argentina), nasa bat (Kolonbia), maputxe bat (Wallmapu), asheninka bat (Brasil), Haitiko kreoleradun bat (Haiti), bubi bat (Ekuatore Ginea), bi amazigh (Rif), eta kurdu bat (Kurdistan).

Euskararen erabilera sustatu

Leire Artola alkateak azaldutakoaren arabera, Beasainen euskararen ezagutza eta erabileraren arteko desoreka, erronka nagusia izaten jarraitzen du. Herritarren artean euskararen ezagutza eta erabilera ez da proportzio berean ematen. Hori horrela, Udalak ezagutza eta erabilera sustatzeko, Euskara Sustatzeko Ekintza Planean aurkitzen diren ekimenak eta egitasmoak azaldu dizkie; bai haur eta gazteekin egiten direnak baita orohar herritarrei begira herriko kultur eta kirol elkarteekin euskara erabiltzeko konpromisoari dagokiona.

Esperientziak partekatu

Garabideren Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren baitan, 18 hizkuntza-aktibistaren Euskal Herriko egonaldiarekin, hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren munduko hainbat komunitatetako ordezkariak hizkuntzak biziberritzeko estrategietan formatzen jarraitzea da helburua. Beasaingo bisitarekin,  euskararen biziberritzean ditugun ezagutzak eta esperientziak, hizkuntza gutxituak biziberritzen diharduten munduko beste komunitateekin partekatzen dira. 

Aldi berean, horrelako programa batek euskal komunitatean daukan inpaktua ere oso interesgarria da. Horixe da programa honen bigarren helburua: Euskal jendartea hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxituen egoeraren inguruan sentsibilizatzea. Gainera, gogoeta bultzatzen da euskalgintzaren inguruan eta honek duen eraginean.

Hizkuntza gutxituen alde

Beasaingo Udalaren eta Garabide elkartearen arteko hitzarmenaren berritzea urtez urte eman da 2017az geroztik. Horrela, aurten garatuko diren proiektuen finantziazioan lagunduko du Beasaingo Udalak eta euskararen esperientziatik abiatuta munduko hizkuntza gutxituen indarberritze prozesuak bultzatzen dituen Gobernuz Kanpoko Erakundearen babesle da. 

2024ari dagokionez, orain arteko helburuak mantenduz, garapen bidean dauden herrien nortasunean laguntzen jarraitu da, hizkuntza nortasunaren adierazpide nagusiena izanik. Herrialde hauetako hizkuntza gutxituen aldeko konpromisoa berretsiz jarraitzen du Beasaingo Udalak horretarako euskararen alde egindako ibilbidea eta lana eredu jarrita. Udal gobernuak garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko bere aurrekontuaren %1aren laurden bat bideratzen du Garabide elkartearekin duen lankidetzara. 

garabide 2024 2