Beasaingo Udalak tokiko artisten sorkuntza lagundu eta bultzatzeko helburuari atxikita Astigarreta auzoan bizi den Kimia Kamvari egilearen liburua babestu du

Beasaingo sortzaileei laguntzeko konpromisoaren ildotik, artearen adierazpide berrien emaitza den argitalpen berriaren aurkezpena burutu da Igartzan. Nature Change edo Natura aldaketa, Kimia Kamvari Astigarreta auzoan bizi den egilearen liburu berria da. Jatorriz, Nature Change Kimia Kamvariren bakarkako erakusketa bat da, 2018ko azaroaren 22tik 2019ko otsailaren 22ra bitartean Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, Donostian, estreinakoz erakutsi zena.

Erakusketaren harira sortutako eta bertako dokumentazio grafikoarekin ondutako liburua da Nature Change, besteak beste, ondorengo egileen testuak bere baitan biltzen dituena: Lidia Montesinos (antropologoa), Michael Marder (filosofoa) Koenraad Van den Driessche (geologoa),Kimia Kamvari (artista) eta Nader Koochaki (editorea). Uztailean Donostiako Cristina enean aurkeztu zuen liburua eta orain Beasainen. 

Kimiak sortu dituen lanek bere gertuko inguruneari erreparatzen diote. Hor dugunaren eta irudikatuta dagoenaren arteko distantzia, bizi-formen iraunkortasuna eta heriotzaren bilakabidea existentziarekiko immanentea den zerbait bezala zalantzan jarriz, denbora ziklikoaren ahalmenari buruz galde eginez, bere artegintzarako funtsezko printzipio bat aurkitu du Kimiak habitat horretan. Liburua eskuratu nahi dutenek erakusketan bertan erosi ahal izango dute. 

Astigarreta auzoan bizi den artista

Kimia Kamvari (Colonia, 1986) Irandik Euskal Herrira etorritako artista da. Teherandik Beasaingo Astigarreta auzora bizitzera mugitu zenetik, bere lanek bira kontzeptual garrantzitsua jasan zuten. Esperientzia horren emaitzak jaso zituen Nature Change erakusketak, eta hala jasotzen ditu liburu honek ere. Erakusketa Igartzako jauregian ikusgai egongo da azaroaren 12tik abenduaren 8a arte. 

Naturari begiratzeko modu propioa landu du urte hauetan zehar Kimiak, eta ildo horretatik lanean ari da bere egitasmo berrietan ere; hala nola, iaz egindako Event Horizon erakusketa.

Nature change 15Nature change 22Nature change 25Nature change 38