Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Araudiak

Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta Beasaingo Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, EMSIME, web bidez kudeaketa museografikorako eta informazioa trukatzeko aplikazioa batera ustiatzeko oinarriak finkatzeko

2016/02/18


BILDURIK

Alde batetik, Cristina Uriarte Toledo andrea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren sailburua.

Beste aldetik, Aitor Aldasoro Iturbe jauna, Beasaingo Alkate-Presidentea.

PARTE HARTZEN DUTE

Lehenengoak, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta ordez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10. artikuluan xedatutako eskumenak baliatuz.

Bigarrenak, Beasaingo Udalaren izenean eta ordez, Alkate-Presidentea den aldetik.

Parte hartzaileek elkarri lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko behar besteko gaitasun legezkoa aitortuz, honako hau


AZALDU DUTE

Lehenengoa.- Hitzarmen hau kulturaren eremuko lankidetzan erakunde biek elkarren artean duten esparruan kokatzen da. Zehazki, kultura-ondarea babesteko eta zabaltzeko politikaren alorrean, alegia, museoak eta bildumak kudeatzen laguntzen duten sistema teknikoak ezartzea eta mantentzea, sistema horien bidez datu-trukea eta web bidez datuok jendaurrean hedatzea ahalbidetzen baita.

Bigarrena.- Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legeak 3. artikuluan arautzen ditu museoen eta bildumen arloan Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen eskumenak. Besteak beste, Euskadiko Museo eta Bildumetako Funtsen Inbentario Orokorra antolatzea eta eguneratzea, Euskadiko museo eta bilduma guztietan erabili ahal izango den sistema informatiko bakarra sarean jartzea sustatzea eta ekimen horretan aurrendari izatea, eta Ondarearen dokumentazio, ikerketa eta hedatze lanak sustatzea. Museoek eta bildumek, bestalde, lege horrek arautzen dituen funtzioak egoki beteko badituzte, beren funtsak inbentariatuta eduki behar dituzte.

Hirugarrena.- Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailaren bidez, EMSIME izeneko aplikazio informatikoa garatu du eta haren jabea da. Aplikazioak helburua du Euskadiko museo eta bildumen funts museografikoen dokumentazioa egitea, bai eta horien kudeaketarekin loturiko zeregin eta jarduera guztiak egiteko beharrezkoa den laguntza ematea ere.

Laugarrena.- Dokumentazio-lana neurri handi batean hizkuntza eta taula normalizatuetan funtsatzen da eta, horregatik, tresna horien kudeaketa nahitaezkoa da EMSIMEren helburuak iristeko, alegia, Euskadiko funts museografikoen inbentario orokorra lantzea eta on-line ipintzea, eta museo eta bildumek gordetzen duten ondarearen katalogo kolektiboa sortzea.

Bosgarrena.- EMSIMEren bidez, museoek eta bildumek gordetzen dituzten kultura-ondasunen kudeaketa erraztu daiteke eta, gainera, aplikazioak museoetako funts museografiko, dokumental eta administratiboen katalogazioa eta tratamendu teknikoa bateratzen lagundu dezake, bai eta museoen arteko informazio-trukaketa bideratzen ere.

Azaldutakoak oinarritzat hartuta, alderdi biek ondorengo klausulak izango dituen hitzarmena sinatzea erabaki dute,


KLAUSULAK

Lehena. Xedea

  1. EMSIME aplikazioa batera erabiliz, katalogazio-lanak, kudeaketa museografikoa eta informazio-trukaketa erraztea.
  2. Beharrezko oinarriak finkatzea, EMSIME aplikazioan integragarriak diren tresna tekniko partekatuak sortzeko (hiztegiak, thesaurusak...), horretara, sistema dokumentalen eraginkortasun eta errentagarritasun handiena lortzeko.


Bigarrena. Sistema ezartzeko baldintzak

  1. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bere gain hartuko du aplikazioa garatzeko kostua, museoek beste sistemaren batean jada informatizatuta dituen eta Museoen Zentroaren EMSIMEren Jarraipen Batzorde Teknikoaren ustez aplikazioan modu eraginkor batean integra daitezkeen datuen bihurketa automatizatua, eta prestakuntza-ikastaroen kostua.
  2. Museo edo bildumaren titularraren kontura egongo da EMSIME aplikazioak egoki funtzionatzeko behar den ekipamendu informatikoaren (hardwarea eta softwarea) mantentze-lanak eskuratzea, instalatzea eta mantentzea. EMSIME instalatzeko eta egokiro funtzionatzeko behar den gutxieneko ekipamendua Eranskinean agertzen da.
  3. Museo edo bildumaren titularraren esku izango da, baita ere, EMSIMEra migratutako informazioa araztea eta euskarri ez-informatikoetatik abiatuta aplikazioan datuak zuzenean kargatzea.

Hirugarrena. Museo eta bildumei eman beharreko asistentzia teknikoa, bai eta aplikazio informatikoaren euskarri teknikoa ere

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren esku egongo da museo eta bildumei eman beharreko asistentzia teknikoa, bai eta aplikazio informatikoaren euskarri teknikoa ere:

  1. Museoak eta bildumak sisteman integratzeko laguntza; zalantzak argitzea datu-bihurketa eta datu-iraulketari buruzko kontrola eta egiaztapenaren alorrean, bai eta erabiltzaile berrien prestakuntzaren alorrean eta lan-metodologiarenean ere.
  2. Hizkuntza normalizatuaren koordinazioan eta kudeaketan laguntza eta asistentzia ematea: termino berriak baliozkotzea; taulak eguneratzea eta mantentzea.
  3. Sisteman integratuta dauden museo eta bildumen euskarria eta asistentzia, programaren funtzionaltasunari dagokionez, informazioa sartzeko moduari dagokionez eta abarrez.
  4. Sistemaren dokumentazioa egitea, eguneratzea eta mantentzea: katalogaziorako esku-liburuak, prozedurak eta abar.
  5. Lanen egileei buruzko datu-base bateratua eta aplikazioaren orri nagusian gertakari nabarmenak eguneratzeko eta mantentzeko euskarria.
  6. Aplikazioa egokitzeko eta haren bilakaera aurrera eramateko mantentze-lanak.
    • Aplikazioarekin loturiko beharrizan eta aldaketa berri txikiak sortuz gero, haien analisia, diseinua, garapena eta ezarpena.
    • Oinarrizko hardware eta softwarearekin loturiko elementuen bertsioen edo konfigurazioen aldaketek eragindako gorabehera eta arazoak konpontzea.
  7. Aplikazioa erabiltzeko aholkularitza eta asistentzia, hainbat alderdiren ikuspuntutik:
    • Tresnak erabiltzeko maila operatiboa
    • Oraingo lan-prozesuak sistema berrira egokitzeko maila logikoa
    • Lanabesak administratzeko maila
  8. Aplikazioa egokitzeko/moldatzeko euskarri teknikoa, sor daitezkeen ingurune teknologiko informatikoen eguneraketari begira, edo software integratuaren eguneraketari begira (Documentum, Interwoven, ORACLE, irudi-liburutegiak) eta abarri begira.

Laugarrena. Katalogo kolektiboa

Jarraipen Batzorde Teknikoak markaturiko bidearen arabera museo eta bildumetan gordetzen diren funts museografikoen katalogo kolektibo bat sortzeko asmoz –katalogoa EMSIME erabiliko duen komunitate osoaren esku egongo da, eta bertsio murriztu bat edonoren esku egongo da Internet bidez–, honako baldintza tekniko hauek ezarriko dira:

  1. Museo edo bilduma bakoitzak EMSIMEren erabiltzaile diren gainerako museo eta bildumen eskura jarriko du bere informazioa eta, halaber, beste horien guztien informazioa eskuratu ahal izango du lehen aipaturiko katalogo kolektibo horren bitartez.
  2. Museoek edo bildumek, ahal duten neurrian, ahalegina egingo dute EMSIME aplikazioaren terminologia-kontroleko taulen edukiak arazteko. Horretarako, aldiro-aldiro bidaliko dizkiote Jarraipen Batzorde Teknikoari eremuetako edo thesaurusetako edukien aurkibideetan termino berriak sortzeko proposamenak edota lehengo terminoak aldatzekoak.
  3. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila arduratuko da museoetan eta bildumetan gordetako kultura-ondasunen katalogo kolektibo informatizatua kudeatzeaz.

Bosgarrena. EMSIMEren erabiltzaile diren erakundeen sarearen Jarraipen Batzorde Teknikoa

EMSIME ez da aplikazio itxi bat, ezpada ere irekita dagoena funtzionalitate berrietara irekita, bai eta oraingo funtzionalitateak hobetzeari begira egin daitezkeenetara ere. Gainera, EMSIMEren erabiltzaile-komunitatea hainbat titularitate duten erakundeen esku dagoenez, beharrezko ikusi da Jarraipen Batzorde Tekniko bat sortzea, aplikazioaren erabilera bera eta katalogo kolektiboa sortzeko lanak koordinatuko dituena, eta funtzionalitate berriak eta hobekuntzak proposatuko dituena. Batzorde Teknikoa inplikaturiko erakundeetako langile teknikoek osatuko dute, zeintzuek EMSIME ustiatzean eta abian jartzean ondorioztatzen diren arazoak konpontzeko ardura izango duten eta aplikazioaren terminologia-kontrolaren tresnak garatzea, eguneratzea eta jarraipena egitea.

Seigarrena. Indarraldia

  1. Hitzarmen honek lau urte iraungo du, eta, baldin eta alderdietako batek ere ez badu hitzarmenaren amaiera iragartzen, hitzarmena berariaz adierazi gabe ondoko ekitaldian urtez urte luzatzen dela ulertuko da.
  2. Hitzarmena suntsiarazi egingo da, honako arrazoi hauetako bat gertatzen bada:
    1. Bertako klausula edo betebeharretako bat larriki urratzen bada.
    2. Alderdietako batek salatzen badu, gutxienez hiru hilabete aurretik.
    3. Alde bien adostasunez.
    4. Indarreko legedian ezarritako gainerakoak.

Zazpigarrena. Hitzarmenaren izaera eta jurisdikzioa

  1. Hitzarmen honek izaera juridikoa eta administratiboa du eta Eusko Jaurlaritzari dagokio haren jarraipena eta interpretazioa egitea.
  2. Izaera administratiboa aintzat hartuta, hitzarmenaren aplikazioan sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioak ebatziko ditu.

Eta arestian adierazitako guztiarekin bat datozela frogatzeko, aldeek hitzarmen hau sinatu dute, hiru aletan, goian adierazitako tokian eta egunean.

ERANSKINA

EMSIME aplikazioa instalatzeko eta zuzen funtzionatzeko gutxieneko ekipamendua:

  1. 500 Mhz-ko prozesadorea duen ordenagailu pertsonala, 256 Mb-ko RAM memoriarekin eta 150 Mb-ko toki libre duen disko gogorra.
  2. Internet nabigatzailea: Internet Explorer 6, Mozilla Firefox...
  3. Internet-konexioa

 

Azken eguneratzea: 2016/02/18