Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

“Zulo beltza” ikuskizunak osasun mentalari buruzko sentsibilizazioa areagotu nahi du

2025/01/17

Beasaingo Udalak eta Dar-Dar gizarte ekimen kooperatibak nahi ez den bakardadeari aurre egin eta buru osasuna zaintzeko ekimenaren baitan antolatutako ekitaldia da

Emanaldia eta hausnarketa dinamika urtarrilaren 21, 22, 28 eta 29an izango da 18:30ean eta gonbidapenak eskuratzeko izena eman beharko da aldez aurretik

Egungo gizartean geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari den osasun emozionala zaindu eta prebenitzeko helburuaren baitan antolatu den ekimen honek, pertsonen ongizate integralean eragin zuzena izatea da asmoa. Beasaingo Udalak lehentasun nagusitzat du herritarren ongizate integrala eta Dar-Dar kooperatibarekin elkarlanean jarritako buru osasuna prebenitzeko proiektuaren barruan, sentsibilizazio faseko ekimena da “Zulo Beltza” ikuskizuna.

Gazteen eta helduen sentsibilizazioa sustatzeko, buru osasuna eta bakardadearen inguruan “Zulo Beltza” ekimenak bi atal ditu eta jarraian gauzatzen dira 2 orduko saioetan: Antzerki emanaldi bat, non buru osasun egoera desberdinetan dauden pertsonaiak ikusten diren. Eta dinamika parte hartzaile bat, non gaiaren inguruan ikusleek dituzten kezkak, beldurrak, bizipenak azaleratzen diren.

Gaixotasun mentala azalerazi

Antzerkia, musika eta ikus entzunekoak uztartzen dituen emanaldi hunkigarria da “Zulo Beltza”.  Gaixotasun mentalak eta hauen inguruan gure gizartean dagoen tabua eta sortzen duten gizarte bazterkeriaren inguruko emanaldia da. Antsietatea, depresioa, tristura sakona, eskizofrenia, suizidioa bezalako gaiak eta egoerak irudikatzen dira. 

Espazioan dauden bezalaxe, gure baitan sortzen diren zulo beltzez hitz egiten du ikuskizunak. Zulo hauek espazioan daudenak bezala, inguruan dagoen guztia irensteko gaitasuna dute, baita argia ere. Finean, gaixotasun mentalak eta nahigabeko bakardadeak era poetiko eta artistikoan aztertzen dira ikuskizunean.

Parte hartzeko gonbita

Herriko eragileei eta herritarrei saio hauetan parte hartzeko aukera eskaintzen zaie. Honela, herritarrak sentsibilizatuko dira gaiarekiko, eta gainera gauzatuko den dinamika parte hartzailearen bidez, herritarrek gaiaren inguruan dituzten kezkak, beldurrak ea. azaleratuko dira. 

“Zulo Beltza” ekimenaren saio guztiak Aranealde eraikinean (Erauskin kalea 5) eskainiko dira. Emanaldien egunak hauek izango dira: urtarrilaren 21, 22, 28 eta 29an. Guztiak arratsaldeko 18:30ean. Aforoa mugatua denez, sarrerak eskuratzeko izena eman beharko da aldez aurretik bide hauek erabiliz: hesteka honetako galdetegia betez, helbide elektronikoa Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. eta telefonoz 636 916374 zenbakira deituz.

Dar Dar gizarte ekimenezko kooperatibarekin elkarlanean landutako egitasmo hau irailean hasi zen eta 2025eko abendura arte garatuko da Beasainen.