Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Azoka eta elikadura osasuntsua ardatz dituen programa ikasleei zuzendua

2024/10/10

Udalak, herriko ikastetxeak eta Osakidetzak bat egin dute berriz ere azokaren inguruan elikadura ohitura osasuntsuak gazteen artean zabaltzeko

Urritik apirilera burutuko diren ekintzen artean, tailerrak, ekoizleei bisitak, otordu osasuntsuak prestatzeko saioak eta azokara bisitak egingo dituzte ikasleekin  

Iaz abian jarritako Azoka egitasmoa berriro errepikatuko dute Beasaingo Udalak, herriko ikastetxeek eta Osakidetzak. Parte hartu zuten ikastetxeen aldetik esperientzia hartatik ateratako ondorioa positiboa izanik, ikasturte honetan ere parte hartzeko gonbidapena luzatu zaie eta herriko lehen hezkuntzako ikastetxeek baiezkoa eman dute. 

Hala azaldu dute udaletxean egindako aurkezpenean proiektuan parte hartzen duten alde guztiek. Azoka bertatik bertara sentitu eta bertako ekoizleak bidelagun izanda eskaintzen dutena gertutik ezagutzeko aukera eman nahi dela azaldu du Leire Artola alkateak. Bertako produktua, Km 0 eta garaian garaikoak osasunean duen eragin positiboa eta elikadura ohitura osasuntsu horiek pertsonen ongizatean duen islada ikasleen artean zabaldu eta ezagutaraztea da helburu nagusia. 

Alkatearekin batera, ingurumen teknikaria Rosa Aurkia, lau ikastetxeetako ordezkariak, Osakidetzatik Jone Alvarez Juaristi, Laura Monjelos (Minbiziaren aurkako elkartea) Orekan elikadura zentroko Amaia Aierbe nutrizionista eta Josetxo Mendia azokako ekoizlea agerraldian izan dira. 

Azoka eta pertsonen ongizatea

Gaztetatik azokak eskaintzen dituen lehengai osasuntsuak eta horiek ongizatean duten eragin zuzena ezagutaraztea beharrezkoa dela esan du alkateak. Elikadura ohitura desegokiak egoki direnetatik bereiztea garrantzitsua delako gaur egun gazteek iturri askotatik jasotzen duten informazioa kontuan izanda.  

Beasainen azokaren eskaintza eta bertako produktuen jatorria eta ezaugarriak zabaltzeko elikadura eta osasunaren inguruko adituen aholkularitza, Osakidetzako dietistak eta Orekan elikadura zentroko nutrizionista eta baita nola ez produktuak ezagutzeko ekoizlearen azalpenak elementu baliotsuak izango dira. Aurten minbiziaren elkarteko ordezkariak ere Osakidetzarekin batera izango dira tailerretan emozioak duen eragina lantzeko. Guztien elkarlana balioan jarri nahi izan du baita ere alkateak, egitasmoa aberastu eta indartzen bait da honela aniztasunarekin. 

Tailerrak, ekoizleei bisitak eta elikagai osasuntsuak

Beasaingo Udalak sortutako Azoka proiektuak, Garapen Jasangarrirako hainbat helburuekin bat egiten du. Zehazki hauekin;  osasuna eta ongizatea, kalitatezko hezkuntza, energia eskuragarri eta ez kutsatzailea, hiri eta komunitate jasangarriak, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, klimaren aldeko ekintza, lehorreko ekosistemetako bizitza eta helburuak lortzeko itunak. 

Hasi berri den ikasturte honetan, honela banatu dira Azoka proiektuan parte hartzen duten eragileek aurrera eramango dituzten ekintzak:

Urritik abendura, Osakidetzako bizi ohitura osasuntsuen inguruko tailerra eskainiko dute. Aurtengo tailer hau Minbiziaren aurkako elkartearekin batera landutakoa izango da emozioen arloa ere garrantzitsutzat jo bait dute.

Urtarriletik martxora, Zegamako Altzibar baserrira (Josetxo Mendia baratzezain ekologikoa) eta Mutiloako Odio baserrira bisitak (Beñat Telleria behi-gazta, arrautza  eta txekor haragi ekoizlea) egingo dituzte elikagaien jatorria eta prozesua ezagutzeko. 

Martxotik apirilera, hamaiketako eta ogitartekoen inguruko tailer praktikoa burutuko da elikadura osasuntsu eta iraunkorraren lanketarako. Honela, azokako produktuak baliatuz hamaiketako/merienda aukera desberdinak landuko dituzte dinamika desberdinen bitartez.

Gurasoei zuzendutako tailer-hitzaldia ere antolatuko dute guzti honen gainean informazioa jaso dezaten. Udaletxean eskainiko dute eta data zehazten denean jakinaraziko da. 

Erosketarako deskontu-bonuak

Honez gain, ondorengo bi ekintza hauek ere martxan jarriko dira:

Lehen Hezkuntzako 5. Mailako ikasleak azokara hurbilduko dira (apirilean eta maiatzean), azoka ezagutu eta hurrengo ikasturterako proiektuaren abiapuntu bezala.

Eta aurten ere, Beasaingo Udalak deskontu bonuak berriro aterako ditu. Oraingo honetan, bonuak hileko lehen larunbateko eta astearteroko azokan erabiltzeko aukera egongo da. Tokiko eta garaiko produktuen erosketa sustatzea du helburu. Bonu hauen diseinuan, iaz bezala, aurten ere ikasleek parte hartuko dute.

azoka ikastexeak aurkezpena 24 25 1