Datozen bi urtetan Udalak inbertsio estrategikoak egingo ditu kultur ondare honen modernizazioan herritar eta bisitarien esperientzia aberasteko
Jauregian instalatu diren ikus-entzuneko azpiegitura berriei, Monumentu Multzoaren barne eta kanpo argiteriaren eraberritzea eta bixita gidatuentzako hiru-dimentsioko esperientzia murgilgarria gehituko zaizkio
Urriaz geroztik, UNE GUNE enpresak hartu du bere gain Igartzako Monumentu Multzoaren kudeaketa
Igartzako Monumentu Multzoa, gaur-gaurkoz, Beasainen dugun historiako ondare nagusi eta garrantzitsuena dugu; hain zuzen ere, Beasaingo udalerria izan zenaren eta denaren giltzarri, laburpen eta isla. Elkarte, enpresa eta udal ekitaldien egoitza dotore bilakatzeaz gain, multzo honek gertuko zein urrutiko bixitarien miresmena jaso du urteen poderioz.
Gauzak horrela, 2024tik Udalak monumentu multzoaren balio kulturala eta erabilera turistikoa indartzeko helburuarekin, azpiegitura hobetzeko hainbat inbertsio estrategiko egin ditu. Inbertsio horiek Europar Batasunaren Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan gauzatu dira, jasangarritasunaren eta eraginkortasunaren printzipioak jarraituz. Halaber, monumentu multzoaren eguneratzean eta erabilera anitzeko aukera gehiago eskaintzean aurrerapauso nabarmena eman du, azken teknologiarekin egindako inbertsioak gauzatuz.
Igartzako jauregian azken hilabeteetan egindako ikus-entzunezko azpiegituraren hobekuntzak nabarmentzen dira. Jauregiko patio nagusian eta lehen solairuko hitzaldi aretoan egindako hobekuntza eta ekipamendu berriari esker, bertan emanaldi, kontzertu, aurkezpen eta hitzaldiak egiteko baldintza ezin hobeak eskaintzen dira.
Pantaila eta soinuztapen berritzailea
Jauregiak orain 2.750 x 1.750 mm-ko LED pantaila handi eta distiratsuari esker irudi argiak eta definituak eskaintzen ditu, ikusleen arreta mantenduz eta mezua modu eraginkorrean transmitituz. Gainera, azpiegitura guztia digitalizatu egin da, eta urrunetik kontrolatzeko aukera emanez kudeaketa errazagoa eta malguagoa eskaintzen du.
Horretaz gain, hari gabeko mikrofonoak eta diademazko mikrofonoak gehitu dira, aurkezpen eta hitzaldiak erosoago egiteko. Gainera, audio-seinaleen banagailuak prentsako edota bestelako audio beharrak erraz betetzen ditu.
Argiztapena eta hiru dimentsioko esperientzia
Beasaingo Udalak 2025ean Monumentu Multzoaren kanpoko zein barneko argiztapena eraberrituko du eraikinek duten ezaugarri artistikoen balioa nabarmentzeko eta barruko ekitaldiak egiteko beharrezkoak diren baldintza luminikoak bermatzeko. Beti ere, jasangarritasun eta eragikortasun irizpideak jarraituz, kontsumo baxuko azken LED teknologia eta kudeaketa tresna digitalak txertatuko dira.
2026erako aldiz, Monumentu Multzoaren interpretazio digitalerako sistema berri bat garatzea aurreikusten ari da bisitariek ondarearen balioa hobeto ulertu eta esperientzia berezia eta berritzailea izan dezaten. Hiru dimentsioko tresna digitalaz baliatuko da Udala, bisitarien esperientzia murgiltzaileagoa eta elkarreragilea izan dadin.
Kudeaketa berria
Beasaingo Igartzako Monumentu Multzoak, ondare historiko eta kultural garrantzitsua den aldetik, aro berri bat hasi zuen urrian UNE GUNE enpresaren kudeaketapean. Udalak burututako azken esleipen publikoaren emaitzaren ondotik, UNE GUNEk multzo historikoaren kudeaketa hartu du, kultur ondarearen erabilera sustatu eta bertako azpiegiturak hobetzeko konpromisoarekin.
Igartzako Monumentu Multzoaren modernizazio eta azpiegitura berrikuntza honek ez du bakarrik ondarearen babesean laguntzen, baizik eta herritar eta bisitarientzako esperientzia kultural eta ikus-entzunezko paregabea eskaintzen du, Beasaingo kultur eskaintza indartuz eta sustatuz.