Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Urbanizazio eta uholdegarritasun arriskua gutxitzeko lanak amaituta irekita dago Iturriotz kalea

2024/09/05

Bidegorria mantendu, trafikoaren bi noranzkoak berreskuratu eta espaloiak zabaldu dira oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuz 

Zuhaitzen landaketa eta ibaira hondakinak ez erortzeko zokaloaren instalazioa azaroan egingo dira

Beasaingo Udala, CAF eta URA Ur Agentziarekin elkarlanean egindako lanaren ondotik eratorritako proiektua izan da 

Ezkiaga auzoan Oria ibaiak eragiten duen uholdegarritasun arriskuaren arazoari irtenbidea emateko lanak amaitu dira. Honela bada, ibilgailuen trafikorako bi noranzkoak zabalik daude jada. Era berean, espaloiak eta ibilbidea bere osotasunean erabilgarri daude oinezkoentzako, baita bidegorria ere.  Azaroan landatuko dira falta diren zuhaitzak (auzoari izena ematen dioten Ezkiak izango dira) eta ibaiertzeko barandan altzairuzko zokaloa jarriko da Oriara erortzen den hondakina murrizteko.

Udal gobernuak 2017tik, CAF eta URA Uraren Euskal Agentziarekin elkarlanean egindako kudeaketa eta lanaren ondotik eratorritako ondorioa da Porteria eremuan Oria ibaiaren ubidea zabaltzeko eta urbanizatzeko lanak. 

Ibaiaren ubidea handitzeak, orain arte udalerriko eremu honek nozitzen zuen uholdegarritasun arriskua murriztuko du eta, beraz, pertsonen eta ondasunen segurtasunean irabazi da.

Auzoko segurtasuna eta hiri paisaia hobetu

Ingurua berrurbanizatuta, ur-hornidura sarea, ur-saneamendua, kale argiteria, zoladura eta hiri-altzariak berritu dira, baita eserleku ilara luzea. Etxebizitzen aldeko espaloiaren zabaltzeari esker, oinezkoen irisgarritasuna hobetu da eta ibaiertzeko pasealekua Oriara ireki da. Horretaz gain, CAF enpresaren sarrerarainoko zubi berriak erabilera publikoa izango du. 

Errepideari dagokionez, 2014an galdutako zirkulaziorako bi noranzkoak berreskuratu dira bertako trafiko arazoei irtenbidea emanez Beasain egituratzen duen bidegorri ardatza mantenduz.

Udal agintarien iritziz, Ezkiaga auzoarentzat aurrerapausoa izan da, zalantzarik gabe pertsonak helburu dituen proiektua izan delako, herritarren eta auzotarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetu eta aukera berriak ahalbidetuko dituena. Espazio hau pertsonen beharretara egokitu da ibilbidea hobetuz ibaiertz guztian Urbieta eraikinarekin elkartzen den zubiraino.  Honela bada, gune berritua aisialdirako erakargarriagoa bihurtu da, eta balio erantsia emango dio eremu zein auzo osoari.

Instituzioen arteko elkarlana

Tamaina honetako proiektuak ez dira egun batetik bestera martxan jartzen diren horietakoak, ezta bakarrik gauzatu daitezkenak ere. Batzuk lanketa sakon eta ahalegin berezia eskatzen dute eta horietako bat da, hain zuzen ere, Porteriako eremuari dagokiona. Instituzioekin (URA) eta entitate pribatuekin, CAFen kasua, burutu den elkarlanari esker gauzatu den proiektua da oraingoa. Inbertsioa guztira 6.144.604 eurotakoa izan da eta lanak 18 hilabetez luzatu dira, aurreikusi moduan.

porteria lanak bukauta4

porteria lanak bukauta2

porteria lanak bukauta3