Alkatearen erabakiz, Gobernu Batzordean alderdi guztietako ordezkariak egotea ahalbidetu da
Kontziliazio erantzunkidea sustatzearen alde, osoko bilkurak 18:00etan egingo dira hilabetero azken ostegunean
Legealdiari hasiera emanez, Udalaren antolaketarako batzordeen eraketa, konposaketa eta funtzioak zehaztu, eta Udala ordezkatuta dagoen erakundeetarako ordezkariak izendatu dira. Halaber, Gobernu Batzordea eratu da eta talde politiko guztiek izango dute ordezkaritza bertan.
Gobernu batzordean talde politiko guztiak
Alkatearen ebazpenen atalean Gobernu batzordearen osaketa zehaztu zen. Alkateaz gain Adur Ugartemendia (EAJ-PNV), Mariola Pascual (EAJ-PNV), Hasier Agirre (EHBildu), Eva Alvarez (Alderdi Sozialista) eta Wesley Aritz Corsitto Agirre (Elkarrekin Podemos) izango dira tokiko Gobernu batzordea osatuko dutenak. Udal gobernuak gehiengo osoa eduki arren, alkatearen erabakiz oposizioko alderdi guztietako ordezkariak egongo dira bertan. Hainbat eskumenen artean, batzorde honetan 60.100 eurotik gorako obren, zerbitzuen eta horniduren kontratazioak eta proiektuak onartzen dira, baldin eta kopuruak Udal aurrekontuaren %10 baina gutxiago suposatzen badu.
Egutegi instituzionala finkatzerako orduan, osoko bilkuren maiztasunari dagokionez, hilabete bakoitzaren azkeneko ostegunean, arratsaldeko 18:00etan egiteko proposamena onartu zen. Orain arte ez bezala, ordubeteko aurrerapenaren arrazoia Beasaingo Udalak, Herrilab, kontziliazio erantzunkidea sustatzeko proiektuan murgilduta, eredugarri izan nahi du arlo honetan. Puntu honetan aurka bozkatu zuen talde bakarra EHBildu alderdia izan zen.
Sail guztiak hiru arlo nagusien pean
Batzorde informatibo iraunkorren eraketa, konposaketa eta funtzioei dagokionez gehiengo soilarekin onartu zen hiru batzorde informatzaile hauek eratzea: Antolakuntza, Herritarrak eta Lurraldea. Bozketan, aldeko botoak 9 (EAJ-PNV) eta aurkako botoak 8 (EH Bildu, Alderdi Sozialista, Elkarrekin Podemos) izan ziren.
Batzorde informatiboetan ere, alderdi politiko guztiek izango dute ordezkaritza, proportzionaltasuna bermatuz: EAJ-PNV -4-, EH Bildu -2-, Alderdi Sozialista -1-, eta Elkarrekin Podemos-1-. Batzorde informatiboak irekiak izango dira herritarren partaidetzari hitzez leku ematearren ekarpenak egiteko. Antolakuntza arloko burua Leire Artola alkatea izango da, Herritarrak arloko burua Mariola Pascual eta Lurraldea arloko burua Adur Ugartemendia.
Aipatutako hiru arlo nagusi hauen azpian, Udal azpiarloetako ordezkaritza zinegotzi hauek izango dute; Hirigintza, Adur Ugartemendia. Zerbitzuak, Edorta Díaz. Kirola eta merkataritza, Elena Ruiz, Gazteria, Olatz Arrese eta Berdintasuna Ainhoa Arrese. Alkateak izango du Hizkuntza Politika azpiarloko ordezkaritza.
Arduraldiak eta ordainsariak
Erabakitako beste gaiak zinegotzien arduraldiak eta ordainsariak zehaztea eta talde politikoei zuzendutako asignazioak eta udalak ordezkaritza duen erakundeetako organo kolegiatuetako bileretara joateagatik jaso behar dituzten kopuruak zehaztea izan ziren. Alkatea eta bi alkateordeek, arduraldi osoa izatea onartu zen. Alkatearen ordainsaria, Foru Arauan xedatutakoari jarraituaz, Eusko Jaurlaritzako zuzendari baten parekoa izango da. Lehenengo alkateordearen zenbatekoa horren %85 eta bigarren alkateordearen kasuan %75. Zinegotzien arduraldiak eta ordainsariak gehiengo soilarekin onartu ziren: aldeko botoak 9 (EAJ-PNV) eta aurkako botoak 8 (EH Bildu 5, Alderdi Sozialista 2, Elkarrekin Podemos 1).
Talde politikoen asignazioak
Batetik udal talde ezberdinen gastuetarako erabiliko diren asignazioak onartu ziren. Talde politiko bakoitzak dituen funtzionamendu gastuetarako bakoitzari hilabetero 656,5 euro eta zinegotzi bakoitzeko 179,04 euroko asignazioa onartu zen.
Bestetik, Osoko bilkura, Gobernu batzorde, Batzorde informatzaile, eta Bozeramaile batzordeetara joateagatik dietak onartu ziren. Arduraldi osoa ez duten zinegotziek soilik ondorengo zenbatekoak jasoko dituzte: Osoko bilkurako, 238,72 euro. Gobernu batzordeko, 208,87 euro. Batzorde informatiboetako delegatuek 208,87 euro eta gainerako zinegotziek 155,16 euro. Bozeramaile bilerengatik, 56,58 euro. Urte bakoitzeko gehienez ere 13.188,81 euro Gobernu Batzordeko kideen kasuan eta 8.792,54 euro gainerako kasuetan. Bilera hauek eragiten duten lanketa eta asistentzia dute helburu dieta hauek.
Talde politikoen asignazioak eta udalak ordezkaritza duen erakundeetako bileretara joateagatik jaso behar dituzten kopuruak gehiengo soilarekin onartu ziren; aldeko botoak 9 (EAJ-PNV), abstentzioak 2 (Alderdi Sozialista), aurkako botoak 6 (EH Bildu 5, Elkarrekin Podemos 1).
Udalaren antolakuntza eraginkorragoa izateko helburuarekin, Bozeramaileen batzordea eratu da. Partaideak alkatea eta udal talde bakoitzeko bozeramaileek osatuko dute. Eginkizunen artean, Udalaren egunerokoa partekatu, iritziak jaso eta informazioa lantzeko aukeraz baliatuko da Bozeramale Batzordea, orain arte bezala. Alkatea, behin behineko pertsonalaz baliatuko da, Udal eta herriko komunikazio arloa kudeatzeko.