Haurrak, gazteak, helduak, familiak eta hezitzaileak helburu dituzten ipuin kontaketak, irakurle taldeak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta solasaldiak biltzen dituen egitaraua aurkeztu dute udal ordezkariek
Irakurzaletasuna eta udal bibliotekaren dinamika herritarrei gerturatu eta zabaltzeko kanpainak ekintza berritzaileak izango ditu eta hauei buruzko iritzia ematen dutenen artean opariak zozketatuko dira
“Ireki liburuak begiak irekitzeko” leloari eutsiz, aurtengo irakurzaletasun kanpainaren nondik norakoak aurkeztu dituzte Udal liburutegian. Beasaingo Udalak udal bibliotekaren eskutik, herritarren artean irakurzaletasuna sustatzeko kanpainak egitarau oparoa antolatu du. Kanpaina honek kultura eta irakurzaletasuna sustatzeko konpromisoari eusten dio.
Aurkezpenean, Mariola Pascual kultura zinegotzia eta Herritarren arloko burua eta Rebeka Piñeiro bibliotekako arduradunak kanpainaren nondik norakoak azaldu dituzte antolatu diren ekitaldien xehetasunekin batera.
Helburu nagusiak
Mariola Pascual zinegotzia, ekintza honekin bete nahi diren asmoei buruz mintzatu da. “Oro har, helburu hauek izan dira kontuan ekintzak antolatu eta aukeratzeko garaian; gai sozialak lantzea, eskaintza anitza izatea eta banakakoak zein taldekoak izatea” aipatu du. Euskal kultura sustatzea, euskaraz irakurtzeko ohitura indartzea eta bidenabar euskarazko literatura ezagutaraztea ere lortu nahi da. Baita ere udal liburutegiaren dinamikak herritarren kultur beharretara egokitzea.
Antolatu den egitaraua, martxoaren 5etik apirilaren 28era luzatuko da eta guztira 14 ekitaldiz osatua dago. Horretarako, hainbat formatu erabili dira haurrak, gazteak, helduak, familiak, hezitzaileak kontuan hartu dituenak. Esate baterako, ipuin kontaketak, irakurle taldeak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, solasaldiak, errezitaldi musikatuak edota instalazio antzeztuak…
Irakurle talde berria
Orain arte eratuta dauden irakurle taldeak oro har egonkortu dira eta pozgarria dela aipatu du Rebeka Piñeiro bibliotekako arduradunak. Iaztik bi haur irakurketa klub mantentzen dira; bat 3-5 urteko haurrei eta euren familiei zuzendua, eta bestea, 6-8 urteko haurren familientzat. Lehenengo taldea jada beteta dago, baina 6-8 urteko taldean oraindik izena emateko aukera dute herritarrek. Hilabetean behin biltzen dira eta datak udaleko webguneko Bibliotekaren atalean eskuragarri daude.
Horretaz gain, iazko irakurle taldeekin elkarlanean jarraitzen da, Urbiberri zentrokoekin, Asmubeko irakurle talde feministarekin eta Beasaingo helduen ohiko irakurle taldearekin. Azken honi dagokionez, martxoaren 21ean Lizar Begoña idazlea izango dute beraiekin, iaz Igartza Literatura Beka-saria irabazi zuena, “Mundu zitalaren kontra” liburuarekin. Herritar guztiei irekita egongo da saioa, beraz aukera aprobetxatzekoa da.
Azpimarragarria da aurten irakurle talde berri bat osatu dela, “Haziera eta heziketaren korapiloak” lelopean. Bertan gurasoek eta hezitzaileek haur eta gazte literaturan oinarriturik, nolabait formatzeko eta ideiak partekatzeko parada izango dute. Normalean, Mireia Delgadok gidatzen du taldea, hilabetean behin, urritik maiatzera, baina oraingo martxoko saioa berezia izango da eta herritarrei zabaltzea erabaki da. Ane Ablanedo Larrion irakasle eta hezitzailea gonbidatu da idatzi duen “Zapalduon pedagogia edo nola libre hazi, hezi, bizi” liburua aurkeztera. Ondoren, berarekin solasalditxoaz gozatzeko parada egongo da. Gaurkotasun handiko gaiak lantzen ditu, hala nola, haziera eta heziketaren inguruko korapiloez mintzo da, baina baita askatasunaz eta herrigintzaz. Asmoa solasaldi dinamiko eta aberasgarria eskaintzea da, beraz espero da jende asko hurbiltzea eta elkarrekin tarte atsegina pasatzea.
Bi kasu hauetan, aldez aurretik izena eman beharko da. Horretarako herritarrak aukera ezberdinak izango ditu: liburutegira deituz, posta elektronikoz edota udaleko webgunean, bibliotekaren blog atarian iragarrita dauden ekintzetan izena emateko galdetegiaren bidez.
Nabarmentzeko ekintza berriak
Aurtengo egitarauan ekintza berri batzuk txertatu dira nabarmentzeko modukoak.
Etxeko txikienentzat “zirkua eta globoflexia” deritzon ipuin kontaketa saioa eskainiko da, 4 urtetik gorako haurrentzat, Lur Usabiagaren eskutik.
Martxoaren 15ean, larunbata, Mejillon Tigre kolektiboak “Hitz esana” ikuskizuna eskainiko du Igartzako jauregian. Spoken word formatua darabilen poesia-emanaldia izango da, ingeles hiztunen artean landutako poesia molde bat da, gorputz adierazpenarekin uztartuta. Beste hitz batzuekin esanda, momentuan gertatzen den poesia dela esan daiteke.
Bestalde, Macsonrisas elkartearen eskutik, “Sare sozialak eta osasun mentala” hitzaldia eskainiko da udaletxeko batzar aretoan. Euskaraz izango da, baina eskaera kopuruaren arabera, gaztelaniazko bapateko itzulpena jarri ahal izango da. Beraz, hala behar izanez gero baliabide honen eskaera egitea gomendatzen da edonori eragiten dion neurrian gaiak merezi duelako.
Errezitaldi musikatua eta antzezpena
Baina Beharbada egitarauan dagoen berrikuntza handienetakoa hurrengo bi ekintzetan aurkitzen da.
Lehenengoa, “Frankenstein agurgarria” errezitaldi musikatua da. Ekitaldi hau udal liburutegian egingo da eta horregatik arratsalde horretan liburutegiko ohiko zerbitzua eten egingo da, muntaia eta prestaketa lanak aurrera eraman ahal izateko. Lehenengo aldia da horrelako ekintza bat liburutegira ekartzen dela, baina bereziki interesgarria iruditu da eta espero da herritarrak ulertuko dutela ezohiko egoera. Zuzeneko ikuskizun honetan Petti izango da musikaren arduradun eta Ana Galarragak hitzetan jarriko ditu “Frankenstein agurgarria” liburuko testuak. Errezitaldi hau gazteei zein helduei zuzenduta dago gaur egungo gizartearen askotariko gaiak jorratzen dituelako; filosofia, berdintasuna, munstroak…
Bigarrena apirilean izango da. “Desiderata: Liburuen ospitalea” du izena eta instalazio antzeztua izango da. Eguraldi onarekin asmoa Loinazko San Martin plazan bertan antolatzea da, eta euria eginez gero, arkupetara pasako litzateke. Hau ere bai, oso eskaintza berritzailea da. Txokoetan antolatutako ekintza interaktiboa izango da. Proposamen honek liburuen sorkuntza prozesua erakustea du helburu, liburu baten jaiotzetik heriotzera ematen diren pausuak. Finean, honen xede nagusia umore handiz liburuekiko maitasuna hedatzea da.
Ezin ahaztu, “Beasain idazlehiaketa”. 35. urtez, urtetik urtera Beasaingo eta Goierriko haur eta gaztetxoek parte hartzen duten idazlan lehiaketa. Bertan prosa, poesia eta bertsoak saritzen dira. Dagoeneko lanak entregatuta dituzte eta apirilaren 27an banatuko dira sariak.
Iritzi ematea sarituko da
Amaitzeko, martxoaren 5etik aurrera, kanpaina hasten denetik, liburutegian kutxa bat egongo da herritarren iradokizunak jasotzeko. Hau da, herritarrek aukera izango dute orritxo batean datorren urteko kanpainari begira zer gauza hobetu, aldatu edo proposatu nahi dituen idazteko. Biltzen diren proposamen guztien artean apirilaren 28an 2 liburu sorta zozketatuko dira.
Ekitaldi guztiak euskaraz eta doan
Amaitzeko, Mariola Pascualek gogoratu du ekintza guztiak doakoak eta euskaraz izango direla eta hauetako batzuetan parte hartzeko, aldez aurretik liburutegian izena eman beharko dela. Eskerrak emanez, jende guztia ekitaldietan parte hartzera animatu ditu.
pdf Egitarauaren eskuorria (290 KB)