Lanak aurkezteko epea martxoaren 30era arte egongo da zabalik
2025ko Loinatz jaien prestakuntza lanak hasi dira. Jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko prozesua jarri da abian, behin oinarriak osoko bilkurak onartu eta ofizialki iragarrita.
Kartel irabazlea jaiak iragartzeko irudia izateaz gain jaietako egitarauaren azala ere izango da. Aldi berean, 7-15 urte bitartekoentzat eskolen arteko jaietako kartelen lehiaketa antolatzen da, gaztetatik horrelako ekimenekiko interesa eta zaletasuna pizteko.
Beraz, kartel-lehiaketako parte-hartzaileak bi taldetan banatuko dira: nagusiena edo 2009 (barne) urtera arte jaiotakoak eta haurrak 2010-2018 (biak barne) urte bitartekoetan jaiotakoak.
Betebeharreko baldintzak
Aurkeztuko diren lanek baldintza nagusi hauek bete beharko dituzte; formatuari dagokionez, nahitaez, bertikala izan behar du eta karteletan derrigorrean “2025ko Loinatz jaiak” esaldia azaldu beharko da. Lanak inoiz argitaratu gabeak izan behar dute eta ezingo dute aldarrikapen politikorik edo sexistarik izan, ezta estereotipo sexistekin ala alkoholaren edo drogen kontsumoarekin zerikusirik duen mezurik, irudirik edo bestelako elementurik.
Sariak hauek izango dira: Nagusien mailako (A taldeko) irabazleari 600 euro eta gaztetxoen (B taldeko) irabazleari 180 euro.
Nagusien taldeko irabazlearen lana 2025ko Loinatz jaien kartela eta jaietako programaren azala izango da. Gaztetxoen taldeko irabazlearen kartela jaietako programan joango da
Lanak aurkezteko epea, 2025ko, martxoaren 30an amaituko da, 23:59ak baino lehen. Xehetasun gehiago lehiaketaren oinarrietan.