Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Igartza Musika Zikloa hamargarren ediziora iritsi da kalitate goreneko musika proposamen anitzei tokia emanez

2025/01/10

Gipuzkoa zein Euskal Herri mailan musika zikloen artean erreferente garrantzitsu bihurtu da musikari eta musika taldeen artean

Orain arte eskaini diren 152 kontzertuetan, 17.604 ikusentzule izan dira

Lehen seihileko kontzertu guztiak irekiak eta doan izango dira eta musika estilo aniztasuna bermatua dago

2016an Beasaingo Udalak eman zion hasiera Igartza Musika Zikloari ordurarte Beasainen zeuden musika emanaldiak egitarau baten aterkipean modu antolatuan biltzeko helburuarekin. Bide horretan, aurten hamargarren edizioa beteko du zikloak eta dagoeneko egonkortu dela ondorioztatu dute udal arduradun zein antolatzaileek. 2025eko lehen seihilekoari dagokion egitarauaren aurkezpenean,  Leire Artola alkatea, Mariola Pascual kultura zinegotzia eta programa antolatzeko ardura duten Garazi Zabaleta eta Xabier Zeberio Loinatz Udal Musika Eskolako arduradunak izan dira. 

Hasiera hartan jarritako helburuak betez, zikloa finkatu dela azaldu du alkateak. Beasaindarrak, eta bereziki gazteak, musikara erakarri, zaletasuna zabaldu, musika estilo eta joera anitzeko erakusleiho izan eta herrian toki ezberdinetara emanaldiak zabaltzea lortu da. Jasotako datuen arabera, aurreko bederatzi edizioetan eskaini diren 152 kontzertuetan,  17.604 ikusle bildu dira eta horrek badu bere garrantzia, alkatearen iritziz. 

Euskal musikagintzan erreferente 

Musika zaletasuna herritarrei zabaltzeko helburuarekin batera, euskal musikagintzan erreferente direnak zein musikari berriak Beasainen izatea bada udalaren asmoa. Musikenerekin Udalak duen hitzarmen-lankidetza ere beste urte batez berritu da. Honela, Igartza Musika Bekak jarraipena izango du. Taldeen aukeraketa eta programazioaren ardura duten Garazi Zabaleta eta Xabier Zeberiok egitarauaren inguruko zehaztasunak eman dituzte. Zeberiok egonkortutako zikloa dela adierazi du. Musikari eta orain antolatzaile den aldetik, zikloa erreferente garrantzitsua dela Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan azpimarratu du. 

Dauden ziklo gehienak musika estilo jakin bati daude lotuak, klasikoa, folk-a… eta Beasaingoak esparru ezberdinetako musikari tokia ematen diola zehaztu du, “kaleidoskopio zabal baten antzera eskaintza anitza ematen saiatzen da”. Artista kontsagratuak, berriak, biltzen ditu, beti ere kalitate handiko proposamenak aintzat hartuz. “Jasotako eskaintza handiaren artean egitaraua osatzeko aukeraketa egitea ez da erraza izaten”, esan du, eta horrek adierazten du Igartza Musika Zikloa erreferente garrantzitsua dela euskal musikagintzan.     

Web atal berria

Garazi Zabaletak berrikuntza baten berri emanez hasi du egitarauaren aurkezpena. Igartza Musikak bere atal bereiztua duela iragarri du Beasaingo Udalaren web atarian. Menu nagusian, Beasain atalaren barruan, Kultura/euskara zutabean aurkitzen da. Espazio berri honetan, Igartza Musika espazioan Igartza Musika Zikloa eta Igartza Musika Beka atalak aurkitzen dira. 

Igartza Musika Zikloaren barruan, musika kontzertuak programatzerakoan taldeak aukeratzeko kontuan hartzen diren irizpideak, agenda, aurreko egitarauak, grabaturiko emanaldiak eta argazki galeria aurkitzen dira. Igartza Musika Bekaren atalean, informazioa eta orain arteko irabazleen zerrenda aurkitzen dira.     

Zortzi emanaldi

Hamargarren edizio honetako lehen seihileko egitaraua zortzi emanaldik osatzen dute. Garazi Zabaletak eta Xabier Zeberiok aurreratu dituzte kontzertuen xehetasunak. Hauek izango dira hurrenez hurren:

Urtarrilak 19. Igartzako jauregia, 19:00etan. Mikel Urretagoiena trio taldeak irailean kaleratutako Denbora lana aurkeztuko du. Ordiziako perkusionistak Musikenen burutu zituen ikasketak. Holandan jazz-ean espezialdu zen eta besteak beste eta New York edota Madrilen hartu zuen esperientzia. Baxuan Dani Pozo eta pianoan Iñaki Ruiz de Gordejuela izango ditu. 

Otsailak 14. Usurbe antzokia, 20:30ean. Eñaut Zubizarretaren Doodem proiektu multidisziplinarra izango da ikusgai, iaz Loraldian aurkeztu zuena. Iñaki Salvador saxofoi-tenore jotzailea, Amaiur Luluaga dantzaria eta Oihana Iguaran poesia narratzailea izango ditu alboan.

Martxoak 9. Igartzako jauregia, 19:00etan. Igartza Musika Bekaren azken edizioko irabazleak eskainiko duten kontzertua izango da. Xurxo Morales Varela saxofoilaria eta Alejandro Costa Vilella clarinete jotzailea. 

Martxoak 23. Igartzako jauregia, 19:00etan. Ache Pa Ti talde nafarra izango da jazz latinoa eta sustrai afrokubatar doinuak nahasiz kontzertua eskaintzen. 20 urteko ibilbidearekin, Fermin Goñi txistuan, Joxerra Garcia pianoan, Jokin Zabalza baxuan, Dania Arias baterian eta Alex Ruiz Pastor perkusioan jardungo dira Bilakatzen proiektua aurkezten. 

Apirilak 6. Igartzako jauregia, 19:00etan. Besaide talde nahiko berriak Hirusta bere lehen lana aurkeztuko du. Euskal musikaren gaurkotze modernoa isladatzen da lan honetan. Folk musikan ezohikoa den instrumentu berezi bat zuzenean entzuteko aukera izango da Gorka Bravoren eskutik, Zarrabetea. Aritz Mugartegi buzukiarekin eta Teresa Jareño albokarekin elkartuko zaizkio.    

Maiatzak 18. Igartzako jauregia, 19:00etan. Xarma laukoteak estilo ezberdinetako proposamena osatzeko musika klasikoaren txanda izango da. Goi mailako musikariak dira lauak, Euskadiko Orkestran besteak beste aritzen direnak. Eskainiko duten errepertorioaren barruan, Schubert-en “La muerte y la doncella” eta estreinaldi mundiala izango den Garazi Zabaletaren “Reo” lan garaikidea izango dira. 

Ekainak 13. Loinazko San Martinen basilika, 20:00etan. Eñaut Elorrieta izango da “Ateosteko bira” bere azken bakarkako proiektua aurkezten. Baseliza txikietan aurkeztuz dabil lan hau eta Beasainen Loinazko San Martin basilikan izango da. 

Ekainak 28. Loinazko San Martinen basilika, 19:30ean. Abesbatzen txanda seihileko hau isteko. Loinatz abesbatza eta Sabadelleko Belles Arts korua izango dira batera. Elkartrukea egingo dute eta 2026an beasaindarrak izango dira Katalunian. 

Musika ardatz hartuta Beasain kalitatezko eta maila goreneko emankizunen kokaleku bihurtzeko ahalegina lortzen ari dela erantsi dute arduradunek. Jendea kontzertuetara etortzeko gonbitea ere luzatu dute. Emanaldi guztiak irekiak eta doan izango dira aforoa osatu arte dagokion lekuan, baina Eñaut Zubizarreta eta Eñaut Elorrietaren kontzertuetarako gonbidapenak banatuko dira aforo kontuagatik. 

IMZ 2025 1 2