Beasain aplikazioaren bidez, udaleko webaren bitartez eta Kiroldegiko harreran inprimakia betez, hautagaiak proposatzeko aukera abenduaren 10a arte dago irekita
Beasaingo kirolarien lorpenak omentzea da helburua, edozein esparrutan kirola sustatzen, bultzatzen edo emaitzetan nabarmendu direnak
Beasain Kirol Sarien aurtengo edizio abian da sarietarako hautagaiak aurkezteko epea irekita. Lehen urratsa sarietarako izangaiak proposatzea da eta prozesua herritarrei irekia dago gaurtik aurrera abenduaren 10a arte.
Sari emate ekitaldia abenduaren 26an arratsaldeko 19:00etan egingo da Igartzako jauregian. Herritarren iritzia jasotzeko bideak honako hauek dira: telefonoetako Beasain aplikazioa, udalaren web-a eta Antzizar kiroldegiko harreran eskuragarri dagoen inprimakia bete eta bertan kokatuko den kutxan sartuz.
Aipamen bereziak eta sariak
Beasaingo kirolari edo kirol taldeek kirol jardueretan urtean zehar izandako parte hartze nabarmenak edo lorturiko emaitzak aitortzeko asmoz aipamen bereziak banatuko dira. Honekin 2024an nabarmendu diren Beasaingo kirolarien lorpenak gorestea eta ahalegin horretan jarrai dezaten bultzada ematea da asmoa Epaimahaiak eskumena izango du aipamen bereziak izendatzeko.
Sariei dagokionez bi kategoriatan banatuko dira; urteko kirol sariak eta ohorezko kirol sariak. Beasain Kirol Sarietan banatuko diren urteko kirol sariak hauek izango dira:
- Emakumezko kirolariari edo kirol taldeari saria
- Gizonezko kirolariari edo kirol taldeari saria
- Kirol jardunaldiari saria
- Erakunde babesleari saria
- Sari Nagusia
Herritarrek lehen lau sari horietarako hautagiak proposatu behar dituzte. Izangaien proposamenak jaso ondoren, guztiak aztertu eta epaimahaia osatuko da hautagaien merezimenduak baloratzeko eta sarituak aukeratzeko. Epaimahaiak saridun guztiak aukeratu ondoren, hauen artetik erabakiko du zein den 2024ko Sari Nagusia jasoko duena. Dagokion oroigarriaz aparte, Sari Nagusiak oroitzapenezko plaka izango du Antzizar Kiroldegian, helburu horretarako egokituko den gunean.
Ohorezko udal sariak
Atal honetan ohorezko bi sari emango dira, Kirol ibilbideari Ohorezko saria eta Ohorezko Beasain saria. Beasaingo Udalak eskumena izango du, egoki ikusiko balu, bi sari berezi hauek emateko. Ohorezko bi sariak Herritarrak Batzordeak proposatu eta Alkatetzak ebatziko ditu.
Sari hauen bidez Beasaingo kirolaren alde, edozein norbanako edo elkartek egindako lana jendaurrean goraipatu eta adieraziko da. Horretarako antolatuko den ekitaldian, aurrez erabakitako sail, kategoria eta genero bakoitzeko sarituari dagokion oroimenezko ikurra emango zaie. Sariak ohorezkoak dira, hau da, ez dute inolako ekarpen ekonomikorik izango. Beasain Kirol Sarien oinarriak Udalaren webean aurkitzen dira kontsultatu nahi izanez gero.
Bederatzigarrenez
Beasain Kirol Sariak, Udalak 2016an abian jarritako egitasmoa da. Udal gobernuaren ekimenez helburu nagusia da, Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen aipamen berezia egitea eta jende aurreko aitortza eta esker ona adieraztea. Honela bada, Beasaingo kirolariak eta kirolaren inguruan lan egiten dutenei goraipamena egitea da asmoa eta herritarren edota norbanakoen esku uztea hautagaiak proposatzeko aukera.