Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Nekolalde eta Zazpiturrietako lanak hasi dira

2017/07/11

Irisgarritasuna eta erosotasunaren alde, Zazpiturrieta kalea berrurbanizatzeko lanak eta Nekolalde kalean egingo diren hobekuntzak hasi dira aste honetan. Uda sasoian burutu behar diren hirigintza proiektu nagusienen artean aurkitzen dira bi kale hauetan burutuko diren lanak eta era berean abuztuko asfaltatze lanak ere burutuko dira udan.

          Kaleak herritarren beharretara egokitzeko Udalaren helburu nagusiari jarraituz hasi dira berritze eta hobekuntza lanak aipatu bi kale hauetan. Atzemandako beharrei erreparatuz, lehentasuna zuten tokietan jarri du begia Udal gobernuak. Irisgarritasuna, saneamendu zerbitzuen berritzea eta azken batean pertsonen bizi kalitatean eragin zuzena dute hirigintza lanak.

          Udalak, Nekolalde kalean egin behar ziren hobekuntza aukera guztien azterketa bukatu ondoren,  bertan egingo diren lanak zehaztu eta bizilagunei jakinarazi ondoren hasi dira lanak. Aparkalekuen kokapena eta  kopurua aldatuko ez badira ere, bestelako hobekuntza lanak burutuko dira batez ere irisgarritasunari dagokienean.  Hala nola, kale argiztapena, saneamendu eta zerbitzuetako sareak berrituko dira eta zorua asfaltatu eta maila berean jarriko da. Lanak, aste honetan hasi eta bost hilabete iraungo dute. Otegi-Gaztañaga enpresak burutuko ditu eta  362.775,81€ko (BEZa barne) aurrekontua dute. Nekolalde kaleko 2-16 eta 7-15 bitarteko atarietako bizilagunei eragingo diete lanak. 

Zazpiturrieta lanak

          Zazpiturrieta kalearen berrurbanizazio lanei dagokionez, mendiaren kontrako espaloi zatia kendu eta etxeetan dagoena zabalduko da eta kalea asfaltatzeaz gain saneamendu zerbitzuak berrituko dira. Honela oinezkoentzako ibilbidea handitu eta erraztuko da erosotasuna handituz. Otegi-Gaztañaga enpresak burutuko ditu 211.323,86€ko (+BEZ) prezioan eta lanak burutzeko epea bost hilabete eta erdikoa izango da.

         Kale asfaltatzeari dagokionez, aurtengo kanpainaren barruan kale hauek asfaltatuko dira; Mariarats kalea, Esteban Lasa kalea (3, 5, 2C, 2A), Andra Mari kalea (9, 11, 13, eta La Salle aurreko plataforma), Joan Iturralde kalea (11, 5, 7), Erauskin 10, Andre Mari 53, Zaldizurreta (1, 3, 5, 7 eta 11, 13, 15, 17 blokeak). Lan hauek Asfaltos Urretxu S.A. enpresak egingo ditu 135.948,41€ (+BEZ) prezioan eta 17 lanegunetan burutuko ditu, uztailaren 17tik abuztuaren 11ra bitartean.