Beasaingo elkarteek burutzen duten lana balioan jartzeko eta beasaindarrek gustuko dituzten ekitaldien presentzia bermatzera dator gaur aurkeztu den egitaraua
2018 egitarauan, Jazpana Fest jaialdiaren X. edizioa, Beasaingo Paperak bildumako 26. alearen eta “Beasain 1936-1945” memoria historikoari buruzko argitalpenaren aurkezpenak nabarmentzen dira ohiko ikuskizun eta ekitaldien artean
Irailaren 28tik azaroaren 18ra luzatuko den Udazken Kulturaleko egitarauak, Beasaingo elkarteek burutzen duten lana balioan jarri eta adin eta gustu ezberdinak dituzten beasaindarrentzako erakargarriak diren ekitaldiak antolatzea izan da helburua. Hala adierazi du Xabier Matarranz kultura zinegotziak elkarte ezberdinetako ordezkariekin egindako aurkezpenean.
Jazpanaren X. edizioa
50 ekitaldi inguruz osatua dago aurtengo Udazken Kulturalaren egitaraua. Mota eta arlo guztietakoak, hala nola, musika, dantza, antzerkia eta arte plastikoekin zerikusia dutenak. Musikan besteak beste Igartzan egingo diren zuzeneko emanaldi irekiak; Mielotxin, The Salt Lake Vocal Artists, Loinatz abesbatza, Kalakan taldea eta Aitor Etxeberria. Honi lotuta esan, Jazpana Fest jaialdiak bere hamargarren edizioa beteko duela eta egitarau berezia prestatu duela urriko azken astebururako.
Haur eta familientzat, falta ezin diren erraldoi eta buruhandien irteeraz gain, Pinotxo antzerkia, Kale ekintzak, ipuin kontaketak eta kometa tailerra azpimarratzekoak dira. Gainera irrintziak botatzen ikasteko aukera ere izango dute Plaza Irrintzika kaleko ikuskizunera gerturatzen direnek.
Argitalpen eta lehiaketen aurkezpenak
Udalak bi argitalpen aurkeztuko ditu. Batetik, Beasaingo Paperak bildumaren 26. alea mendizaletasunarekin zerikusia duena, Martin Garciak osatutako “Beasain 1920-1970 aro bateko mendi oharrak”. Eta bestetik, azaroaren 6an, memoria historikoari buruzko “Beasain 1936-1945” lana aurkeztuko da.
Lehiaketei dagokionez, 2019ko Udal egutegirako argazki lehiaketan parte hartzeko eta lanak aurkezteko epea irailaren 30an amaituko da eta 2020korako gai berria aurkeztuko da, “Beasaingo natur ondarea eta ingurunea”. Hemen urte beteko epea izango du nahi duenak argazkiak atera eta bidaltzeko.
Emakumearekin zerikusia duten gaiei dagokionez 2018ko Ondarearen Europako Jardunaldien gaia “Ondarea, emakumearen emaria da” dela eta Igartzan honako ekitaldiak antolatu dira; bisita gidatu antzeztua, “Emakumearen presentzia XX. mendeko Beasaingo merkataritza” izeneko erakusketa eta Isabel Lobianoren inguruko hitzaldia. Honi lotuta, Femmes kale antzerkia ere egingo da.
Urtero errepikatzen diren beste ekitaldiak Aurtzakaren dantza jaialdia, Bertso Saioa, Txistularien alardea, Dantzakiren ikuskizuna, Boluntarioen eguna, Asmuberen ekitaldia, Aire Zabaleko pintura sariketa, Lemniskatak antolatzen dituen hitzaldiak, mendi irteera eta Kantujiraren irteerak izango dira.