Obra txikien lizentziari eta jakinaren gainean jartzeko obrei buruzko ordenantza
GAO 2018ko Maiatzaren 14an 91. ZK
Udalbatza Osoak, 2018ko apirilaren 26an egindako ohiko bileran, legeak ezartzen duen quorumarekin ondorengo erabakia hartu zuen:
Lehenik. Indarrean dagoen «Obra txikien lizentziari eta jakinaren gainean jartzeko obrei buruzko ordenantza» testuaren, hizkuntzari dagokionean, errebisioa onartzea, edukia aldatu gabe.
Bigarren. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean nahiz Beasaingo Udalaren Web orrian, www.beasain.eus, argitaratzea, adieraziz Administrazio bidean behin betikoa den ebazpen honen aurka, Administrazioaren aurkako helegitea jar daiteke Gipuzkoako Administrazioaren aurkako Auzi–gaien Epaitegiaren aurrean, jakinarazpen hau jasotako egunaren biharamunetik hasita zenbatutako bi hilabeteko epearen barruan. Hala nahi izanez gero, bide Administrazioaren aurkako auzi-bideari ekin aurretik, birjarpen-helegitea jarri ahal izango da ebazpena eman zuen organoaren aurrean, jakinarazpen hau jasotako egunaren biharamunean hasita zenbatutako hilabeteko epean.
Hori guztia, aurretik adierazitako urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta kidekoetan ezarritakoarekin bat etorriz, eta zure eskubideak babesteko egoki irizten dituzun egintzak egin edo errekurtsoak aurkezteari kalterik egin gabe.
Beasain 2018ko maiatzaren 8a.—Aitor Aldasoro Iturbe, alkatea. (3216)
Obra txikien lizentziari eta jakinaren gainean jartzeko obrei buruzko ordenantza.
Udalbatza honen nahia da bere administrazioaren eraldakuntzan aurrerapausoak ematea, administrazio bizi, eraginkor eta eragingarria lortzeko prozesuan. Eta aldi berean, administrazioa Beasaingo herritarrentzako ulergarria eta eskuragarria izatea.
Horrek ordea, administrazioko prozesuak erraztu eta argitzea eskatzen du, izapide burokratikoak kendu eta izapidaketa bera sinplifikatuz, gaiak arintasunez ebatziz eta aldi berean iharduerak burutzean ordenamendu juridikoak betetzea bermatuz, beti ere, tratamendu-berdintasunezko printzipio, zergatiekiko kongruentzia eta helburu zurigarri eta norbanakoaren askatasunetik abiatuta.
Lizentzi ematea, Herri-administrazioak hiritarren ihardueran duen eskusartzearen kasurik ohizkoenetakoa da, administratuak aldez aurretik duen eskubidearen prebentzio eta aitorpenezko kontrol-egintza den heinean, izan ere, bere bitartez enkaitzen baitira Legeak ezarritako mugak. Egintza horrek, iharduera jakin bat egikaritzeko ezarritako debekua altxatzea du ondoriotzat.
Hirigintzako legeria, eta zehazki esanda Zoruaren Legeko Testu Bateratuko (ZLTB/TRLS) 242. artikuluak eta Hirigintzako Disziplina Erregelamenduko (HDE/RDU) 1. artikuluak, ordenamendu-egitasmo eta ordenantzek adierazten dituztenez gainera, udal-lizentzipean dauden egintzak biltzen dituzte.
Udal honek egokitzat jotzen du, obra txikietarako lizentzien eskaera, izapidaketa eta egikaritzapen-kontrola erregulatzea, horien barnean obra-maila berri bat sortuz, hots, jakinaren gainean jartzeko obrena, hirigintza-ordenamenduan duten eragin txikia dela bide, Udalari jakinaraztea baino eskatzen ez duten obrentzat.
1. Ordenantza honen helburua beraz, obra txikien eta jakinaren gainean jartzeko obren hirigintza-lizentzien eskaerak, izapidaketak eta egikaritzapen-kontrolak erregulatzea da.
2. Ordenantza honetan zehar erabiltzeko, honako definizio hauek ematen dira:
Obra txikiak, eraikinaren egitura edo funtsezko elementuak erasaten ez dituztenak; teknika soil eta eraikuntza- nahiz ekonomi neurri eskasekoak direnak eta bolumenaren, erabilpen subjektiboaren, instalazioen eta erabilpen komuneko zerbitzuen, etxebizitza- edota areto-kopuruen aldaketarik ez dakartenak eta eraikinaren kanpoko diseinua, zimentuak, egitura edo segurtasuna nahiz era guztietako obra-instalazioak erasaten ez dituztenak.
Jakinaren gainean jartzeko obrak, garrantzi gutxiko obrak direnak eta aldez aurretiko lizentziatik salbu izanik, Udalari jakinarazteko beren berri ematea beste beharrik ez dutenak.
3. Jakinaren gainean jartzea baino behar ez duten obra-kasuak, honako hauek dira:
1.— Etxebizitzen barruko aldaketa-obrak, egitura-elementuen aldaketarik gabe.
2.— Leiho-aldaketak, lehengo kolore, forma eta tamainak mantenduz.
4. Jakinaren gainean jartzea baino behar ez duten obretatik kanpo gelditzen dira, eraikin historiko-artistikoak izateagatik inbentarioetan edota katalogoetan sartuta dauden eraikinetan egiten diren obrak eta baita Planeamenduko Arau Subsidiarioetan ordenazioz kanpo izendatu eta kalifikatutako eraikinetan egitekoak ere eta baita egurrezko estruktura duten eraikinak ere.
5. Obra horietako edozein egiteko ere, herri-bidean aldamioa jarri beharra denean, horretarako baimena eskatu egin beharko da.
6. «Jakinaren gainean jartzeko obrak» deituen artekoren bat egiten hasi nahi duen pertsonak, Udalari horren berri emango dio (Informazio-bulegoan) eta Udalak horretarako prestatutako instantzia (1. eranskina) bete beharko du, edota horren ordez, Erregistroan idazkia aurkeztu beharko du, ondorengo zehaztasun hauek dituela:
- Eskatzailearen identifikazio-datuak.
- Eskaera egiteko erabilitako nortasuna (Jabea, maizterra, ahalmenduna, kontratista).
- Egin behar dituen obrak: Deskribapena eta kokapena.
- Obren aurrekontua.
- Eskatzailearen sinadura eta data.
- 3. artikuluko 3, 4 eta 5 kasuetan ikusonetsitako oinarrizko segurtasun azterlana aurkeztu beharko da.
Aurkeztutako dokumentuak, Udaleko teknikariek egiaztatuko dituzte eta herri-bidearen okupazioaz, bidezkoak iruditzen zaizkien aldaketak egin ahal izango dituzte.
7. Informazio-bulegoan, «Jakinaren gainean jartzeko obra»-ri dagokion agiria emango zaio eta horren bidez kreditatuko da Udalari obrak egiteko jakinarazpena bete beharra benetan bete izana.
8. Obra txikien lizentzi eskaerak, 6. artikuluak aipatzen dituen datuak izateaz gainera, beste agiri hauek ere berekin izan beharko ditu:
- Egin asmo diren obren memoria, eta kasua bada, erasandako finkak izango duen iharduera-erabilpenaren zertarakoaren adierazpena, dauden azalera erabilgarri eta eraikien koadro deskribatzailea barne duela.
- Egin behar diren obren krokis kotadunak, goitiko bista, aurretiko bista eta sekzioak edo ebakidurak dituztela, eta era berean obra horiek egin behar diren eraikinak edota bere zatiek duten egungo egoerarenak ere.
Hala adierazten den kasuetan gainera, P edota D letrekin adierazitakoa ere eskatuko da, hots:
a) (P) Ahalmena duen Teknikariak sinatu eta teknikariaren Elkargo Profesionalak ikus-onetsitako planoen aurkezpena.
b) (D) Teknikari ahalmendunaren zuzendaritza-agiria bere Elkargo Profesionalak ikus-onetsita, zuzendaritza hori bere gain hartzen duela adieraziz.
9. Eskaerak eskatutako betebeharrak betetzen ez baditu, pertsona interesatuari 10 eguneko epean zuzentzeko eskatuko zaio.
Zuzentzen ez baditu, bere eskaera bertan behera uzten duela ulertuko da eta espedientea beste izapiderik egin gabe artxibatu egingo da, Herri Administrazioen eta Administrazio Orokorreko Ihardunbidearen Erregimen Juridikoko (HAAOIEJ/LRJAPPAC) 30/92 Legeko 42.1 artikuluan adierazitako ondorioekin.
10. Alkatea edota berak ordezko izendatutakoa izango da obra txikien espedienteak ebazteko eskuduntza duena.
11. Obra txikia egiteko lizentzia emateko epea, jakinarazpena aurkeztu ondorengo egunetik zenbatutako hilabetekoa izango da.
Epe horretan idatzizko ebazpenik izan ez bada, ontzat emantzat hartuko da, baina ontzat emate horren eraginkortasuna, balizko egintzaren ziurtagiria lortzearen menpe egongo da eta Udalak epe horren barruan, espresuki ebatzi ahal izango du egun indarrean den legeriaren arabera.
Xedapen arruntak:
12. Obren neurriak ez dira jabekideen esparrutik irtengo eta beren edozein eratako mugaz kanporatzea ere, hirigintzako arau-haustetzat hartuko da.
13. Obrak egikaritu bitartean egin nahi litzatekeen edozein aldaketa ere, Udalari jakinaraziko zaio.
14. Edozein Teknikari edota Udaltzainek sarrera librea izango du obretara obrak egiten ari diren bitartean sartzeko eta obrak lizentziari edota jakinaren gainean jartzeko obrari dagozkien xehetasunei doitzen zaizkiela egiaztatu ahal izateko. Horregatik, «Jakinaren gainean jartzeko obra-agiria» edota lizentzia, obra dagoen lekuan edukiko dira egiaztapena egiten den une berean aztertuak izan daitezen.
15. Lanak egitean, eraikuntza-praktika onak aholkatzen dituen aurreneurriak eta eraikuntzako industri lanerako Segurtasun eta Higiene Erregelamenduan aurrikusiak kontuan hartuko dira.
16. Lizentzia eskatzea eta lortzea, egun indarrean den legeriaren arabera derrigorrezkoak diren gainerako baimenen kalterik gabe ulertuko da.
17. Lizentzi emateetan edota jakinaren gainean jartzeko obretan obrak hasteko eta obrak egikaritzeko eperik finkatzen ez denean, epe hori hilabetekoa dela ulertuko da jakinaren gainean jartzeko obrentzat eta hiru hilabetekoa lizentzientzat. Obrak amaitzeko berriz, bi kasuetan ere 6 hilabeteko epea izango da.
18. Lizentzien eta jakinaren gainean jartzeko obren zerga eta tasen zenbatekoa, Ordenantza Fiskalek finkatuko dute.
Agiria emateko egintzan egindako kopuru horien abonua, kontura egindako sarrera-izaera duena izango da eta lizentziaren titularra derrigortua geldituko da obra amaitzean obraren benetako kostua aitortzera, kasuari dagokion likidazio osagarria egin ahal izateko.
Udal-zerbitzuek murtzilo edo erreklamazio horien egiazkotasuna egiaztatu ahal izango dute eta obrak egiten eskuhartu duten pertsona guztiei, aurrekin, ziurtagiri edota kostua zehazteko beste edozein agiri-mota eskatu ahal izango diete.
19. Arau hauek, argitaratu ondorengo egunean sartuko dira indarrean eta deseman edo derogatzen ez diren bitartean indarrean jarraituko dute.
Beasaingo Udala.
Jakinaren gainean jartzeko obra.
Espediente-zk.:
Eskatzailearen izen-deiturak.
NAN.
Helbidea.
Tfonoa.
Fax-zk.
Iharduteko nortasuna: (jabea, maizterra, ahalmenduna, kontratista).
Obrak egingo diren eraikina: (etxebizitza, aretoa).
Eskatu duen baimenak hartzen dituen obrak.
Aurrekontua.
Eskaera-data.
Eskatzailearen sinadura.
Obra txikien lizentzia eta jakinaren gainean jartzeko obrak erregulatzen dituen Ordenantzan xedatuaren arabera, Informazio-bulegoak, Agiri hau ematen du. Agiri hau, hirugarrenen kalterik gabe ematen da eta ematen zaion pertsonaren erantzukizunpean soilik eman ere, beti ere, aipatutako finkaren jabeak, adierazitako obrak egiteko espresuki baimena emanda egonda.
Agiri hau ematen zaion pertsonak, «Jakinaren gainean jartzeko obren» Ordenantza erregulatzailean jasotako betebehar guztiak eta bakoitza betetzeko obligazioa du.
Obren edota instalazioen neurriak, ez dira adierazitakoak baino handiagoak izango eta horietatik irtetea hirigintzako arau-hauste zigorgarri gisa hartuko da. Obra egiterakoan egin nahi den edozein aldaketa ere, jakinarazi egin beharko da.
Obrak egiterakoan, eraikuntza-praktika onak aholkatzen dituen aurreneurriak eta eraikuntzako industri lanerako Segurtasun eta Higiene Erregelamenduan aurrikusiak kontuan hartuko dira.
Obrak egiterakoan lagungarri gisa erabili beharreko bitartekoek herri-bidea hartzen dutenean, komenigarri den moduan seinaleztatuta gelditu beharko dute istripurik gerta ez dadin. Eskatzaileak seinaleztapen-elementuak behar duten segurtasun- eta apaindura-egoeran mantentzeko obligazioa izango du.
Eskatzaileak istripu-kasuetarako Erantzukizun Zibileko Asegurua eduki beharko du, edota obrak egiteko kontratatua izan den pertsonari eskatuko zaio.
Agiri hau duen eskatzaileak edota etorkizunean izango lukeen pertsonak, obrak ikuskatzeko ardura duten agente edota pertsona teknikoek eskatutako kasu guztietan erakusteko obligazioa izango du eta eskatutako betebehar hau ez betetzeak, agintaritza-agenteei ez obeditzearen ondoriozko erantzukizunetan sarraraziko du.