Eñaut Zubizarreta "Trigger" -Doodem
Moruk Senegaletik Europara eginiko bidaia kontatzen da DOODEM-en, atzekoz aurrerako noranzkoan. Zerk eraman zuen Moru (beste milaka pertsona bezala) bere sorterria utzi eta bizi berri baten bila joatera? Bidaian zehar zertzuk pasa behar izan zituen Maliko desertuan, edo ta Mediterrano itsasoan? Noraino urratu dezakete pertsona baten gizatasuna mespretxuzko, errukizko begiradek?
Bidai guzti horretan zehar txeloak darama oinarri musikala, hankan txertatutako perkusio instrumentuak berebiziko garrantzia hartzen duelarik. Melodiak janzteko berriz, Iñigo Xalbador izango da saxofoi baritonoan.
Baina ez da musika ikuskizun soil bat; dantza, narrazioa eta antzerkia ere uztartzen baitira. Amaiur Luluagaren koreografiak unez-une gorpuzten dute musika, eta Oihana Iguaranek berridatzitako poesia narratiboak entzun eta ikusitakoari testuingurua txertatzen diote.