Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Araudiak

Lankidetza-hitzarmena, Beasaingo Udalaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren artekoa, informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko

2016/01/13


HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Josu Iñaki Ercoreca Gervasio, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazio eta Justiziako Sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren ordezkari moduan, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretutik datozkion eskumenak baliatuz −dekretu horren arabera sortu, ezabatu eta aldatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak, eta baita haien egitekoak eta jardun-arloak finkatu ere−; apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuko 18. artikuluaren arabera dagozkion eskumenak erabiliz -Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala dator zehazturik dekretu horretan-; eta betiere Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 26. artikuluan adierazitako eskumenekin eta indarreko legediak esleitzen dizkion guztiekin bat etorrita.

Bestetik, Koldo Agirre Mujika, Beasaingo Udaleko Alkatea, Udalaren ordezko modura etorri da, Toki- araubidearen oinarriak arautzen dituen legea aplikatuz (7/1985 Legea, apirilaren 2koa), eta Toki Araubidearen gaietan indarren dauden xedapen Testu Bateginak esleitutako eskumenak erabiliz (apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartua).

Bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko lege-gaitasun nahikoa dutela aitortzen diote elkarri, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1996ko urtarrilaren 9an hartutako erabakian adierazitako baldintzak ere betetzen dira (hor dago zehazturik zein diren Jaurlaritzaren Kontseiluak baimendu behar dituen hitzarmenak).


AZALTZEN DUTE:

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Beasaingo Udalak, besteak beste, honako betebehar hauek dituzte: herritarrei intereseko zerbitzuak eskaintzea, eraginkortasuna bilatzea baliabide publikoen erabileran, eta administrazio-tramitazioa sinplifikatzea, gardentasun-, parte hartze- eta lankidetza- printzipioekin bat etorrita.

Obligazio horiek bai EAEko Administrazioak bai Toki Administrazioak bete beharrekoak dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 1. artikuluan eta, bereziki, 2.1 artikuluan adierazi bezala. Horretarako, Toki Administrazioarekiko harremanen araubide berezia jasotzen da 9. artikuluan; harremanotan, gai honetan oinarrizkoa den legediari jarraituko zaio, eta, haren osagarri gisa, Legearen I. tituluan xedatutakoari.

Helburu horiek lortzeko ezinbestekoa da herri-administrazioen arteko lankidetza areagotzea. Hain zuzen ere, administrazioek informazioa trukatzeko sistemak sortu behar dira, hartara, herritarrei, izapideak egin behar dituztenean, datuen ziurtagiriak ekartzeko eskatu beharrik egon ez dadin.


2.- Horretarako, beharrezkoa da azkar eta eraginkorki aurrera egitea administrazio elektronikoaren garapenean, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legea benetan betetzeko. Izan ere, lege horren arabera, herri-administrazio guztiak beharturik daude beraiekiko harremanak elektronikoki gauzatzeko aukera ematera; eta, horretarako, ezinbestekoa da administrazio guztien eskura jarritako zerbitzu elektroniko batzuk edukitzea lehenbailehen, legez ezarritako betebeharra benetan betetzea lortu ahal izan dadin.

21/2012 Dekretu, otsailaren 21eko, Administrazio Elektronikoari buruzkoak dioenaren arabera, datuak eta dokumentuak ez emateko eskubidearen erabilera erraztearren, gainerako herri-administrazioekin hitzarmenak egitea sustatuko du Administrazioak, 11/2007 Lege, ekainaren 22ko, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoaren 9. artikuluan jasotakoari jarraikiz. Hitzarmen horietan, zenbait prozedura erabakiko dira, organo lagatzaileek ikus dezaten ea erabili den aipatu eskubidea, sarbide- eskaeren xede izan diren datu edo dokumentuei dagokienez.

Era berean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek ere parte har dezaten estatu- eta foru- administrazioekin izenpetutako hitzarmenen bidez formalizatutako zerbitzuetan, eta baita geroago erabakitzen direnetan ere, beharrezkoa da mekanismo egoki bat jartzea, autonomia-erkidegoko lurraldean kokatutako toki-erakundeek erraz balia ditzaten aipatu hitzarmenak, hori bai, zerbitzu bakoitzean erabiltzaileari ezarritako betebeharrak beti beteko direla bermatzen duen prozedura baten bidez.


3.- EAEko Administrazioak eta Presidentetzako Ministerioak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu zuten 2010eko urriaren 18an, administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko, eta EAEko Administrazioak SARA sarean sarbidea izatea dago haren aplikazio-esparruaren barruan. Sare horretan Presidentetzako Ministerioak eta autonomia-erkidegoek garatutako azpiegitura teknologikoak daude, eta nahi duten administrazio guztiek konektatzeko eta aplikazioak trukatzeko sistema bat erabiltzeko aukera ematen du. Hitzarmen horretako II. eranskinean esaten da EAEko Administrazioa konprometitzen dela toki- administrazioek, beraiek erabakitako teknologia, mekanismoak eta prozedurak erabiliz, SARA sarean sarbidea izan dezaten bideratu eta sustatzera.


4.- Gainera, aipatu 30/1992 legeak dio administrazioen betebeharra dela elkarri ematea beren eskumenak erabiliz garatzen duten jarduerari buruz behar duten informazioa, bai eta, era berean, dagokien esparruan, beste administrazioek beren eskumenak eraginkorki erabiltzeko eska ditzaketen lankidetza eta laguntza aktiboak elkarri ematea ere.

Horretarako, aipatutako 30/1992 Legearen 4.2 artikuluak dioen bezala, erakunderen bati zer edo zer eskatzen zaionean, herri-administrazioek haren esku dauden datuak, agiriak edo frogabideak eskatu ahal izango dituzte, eta, era berean, laguntza eskatu ahal izango dute beren eskumenak baliatzeko; horretarako behar adina bitarteko izan beharko dituzte, bereziki elkarri laguntzeko eta lankidetzan aritzeko beren eskumenen lurralde-esparrutik kanpo gauzatu beharreko egintzen tramitazioetan.

Sinatzaileek datu jakin batzuk behar izaten dituzte beren egitekoak burutzeko eta egokituta dauzkaten eskumenak erabiltzeko. Beraz, herri-administrazioen arteko harremanetan elkarri laguntzea nagusi izan behar dela kontuan hartuta eta beraien jardunean eraginkortasunaren printzipioa eta herritarrei zerbitzu eman beharraren printzipioa aplikatuta, aldeek uste dute beren arteko datu-trukea arautu behar dutela. Trukean baliabide informatikoak edo telematikoak erabiliko dira, eta, herri-administrazioek dauzkaten datuez den bezainbatean, herritarrei dagozkien bermeak eta eskubideak errespetatuko dira.


5.- Horregatik, bi aldeek argi ikusten dute zerbitzuak linean ematea sustatu behar dela, zerbitzuen, izapideen eta prozeduren elkarreragingarritasuna handitzeko.

Alde horretatik, sinatzaileek, bakoitzak bere eskumen-esparruan, beharrezkotzat jotzen dute administrazio elektronikoaren esparruko proiektuen koordinazioa sustatzea, eta haietatik etekinik handiena ateratzea izatea helburua, aldeek jarritako zerbitzuak erabiliz, eta, gisa horretan, administrazioen beharrak nahiz interes publikoa betetzea bilatuz.

Erabiliko den elkarreragingarritasun-sistemak aukera ematen du datuen transmisio elektronikoen bidez ordezteko paperezko ziurtagiriak eta beste frogagiri batzuk, eta trukatutako informazioaren benetakotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzen ditu.

Hori, bestalde, halaxe aginduta dago 30/1992 Legearen 35. artikuluan eta 11/2007 Legearen 6.2.b) artikuluan, onartu baitute herritarrek ez dutela zertan herri-administrazioek badauzkaten datuak eta dokumentuak atzera berriz ekartzen ibili behar.


6.- Aldeak elkarreragingarritasun-sistema ezartzearen alde daude, trukatutako informazioaren benetakotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzen baititu.

Helburu horiek lortzen eraginkorragoak izateko, eta herri-administrazioen arteko lankidetza- eta koordinazio- printzipioei jarraikiz, erabaki hau bereziki baliagarria da bi administrazio sinatzaileentzat.

Horregatik guztiagatik, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute.



KLAUSULAK

LEHENA.- Xedea eta helburua

Hitzarmen honen xedea da baldintza eta irizpide orokorrak finkatzea, sinatzaileek, alde batetik, ematen dituzten zerbitzu elektronikoen aprobetxamendu erkidea egin dezaten; eta, bestetik, informazioa truka dezaten beraien artean.

Horren ondorioa da zerbitzu jakin batzuk erabilgarri egotea, eta aldeetako bakoitzak emandako zerbitzuetarako sarbidea eta haien erabilera erkidea erraztea. Zerbitzu horiek hitzarmen honetan eta hitzarmeneko eranskinetan adierazi bezala emango dira.

Hitzarmenaren xede nagusia da herri-administrazioen esku dauden datuak eta agiriak ez emateko eskubidearen erabilera erraztea, ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 6.2.b) artikuluan adierazita dagoen bezala; hau da, pertsona interesdunak ados egon edo lege batek hala erabakiz gero.

Hala ere, hitzarmen honi esker, herritarrek emandako datuak egiaztatu edo begiratu egin ahal izango ditu Administrazioak, haien adostasuna izan behar gabe, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 11.2 eta 21. artikuluetan adierazitako moduan.


BIGARRENA.- Aplikazio-eremua

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Beasaingo Udalak hitzarmen honetako eranskinetan zerrendatutako zerbitzuen funtzionalitateak baliatu ahal izango dituzte; eranskinak hauek dira:

  1. Eranskina. Datuen transmisioa.
  2. Eranskina. Estatuko Administrazio Orokorraren eta Udalaren arteko datu-bitartekotza.
  3. Eranskina. Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua.

Era berean, aldeek beste funtzionalitate batzuk ere baliatu ahal izango dituzte. Horretarako, beste funtzionalitate horiek beste eranskin batean edo batzuetan zehaztu, eta hitzarmen honetara bilduko dituzte. Sinatzaileek adostuko dute zeintzuk, baina, edonola ere, horretarako prozedurak derrigorra izango du bermatzea, beti, zerbitzu bakoitzean erabiltzailearentzat jarritako betebeharrak beteko direla.


HIRUGARRENA.- Informazio-trukearen arduradunak

1- Administrazio lagatzaile bakoitzak erabakiko du zein protokolo eta baldintza bete behar diren datuak trukatzeko eskaintzen diren zerbitzuetan sarbidea izateko. Datuak bitartekotza bidez trukatzeko eskabideak koordinatu, izapidetu eta kontuan izateko organo arduraduna hau da:

  • Beasaingo Udalean: Administrazio elektronikoan eskuduna den organoa.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan: Administrazio elektronikoan eskuduna den zuzendaritza.


2-
Datuen lagapena hartzen duen administrazio bakoitzak datuetara sarbidea izateko baldintzak beteko ditu, eta baimendutako administrazio-izapide eta -prozeduren esparruan lagatzaileak emandako informazioa eskuratu nahi duten pertsonen eta organoen sarbidea kudeatuko du. Datuak bitartekotza bidez trukatzeko eskabideak koordinatu, izapidetu eta kontuan izateko organo arduraduna hau da:

  • Beasaingo Udalean: Administrazio elektronikoan eskuduna den organoa.
  • EAEko Administrazioan: Administrazio elektronikoan eskuduna den zuzendaritza.


LAUGARRENA.- Baldintza teknikoak eta funtzionalak

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa) hitzarmen hau aplikatuz egiten den datuen truke bitartekotuari aplikatuko zaizkio.


BOSGARRENA.- Jarraipen Batzorde Teknikoa

Hitzarmen honetan eta eranskinetan erabakitakoaren kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko, Jarraipen Batzorde Tekniko bat eratuko da; kide hauek izango ditu: Beasaingo Udalak izendatutako bi pertsona, eta Eusko Jaurlaritzak izendatutako beste bi.

Jarraipen Batzorde Teknikoak ohiko bilkura bat izango du urtean. Horrez gainera, aparteko bilkura egingo du aldeetako batek eskatzen duen bakoitzean.

Jarraipen Batzorde Teknikoari dagokio hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sortutako arazoak konpontzea, bai eta alde sinatzaileei hitzarmenaren edozein aldaketa proposatzea ere.

Gainera, Jarraipen Batzorde Teknikoak hitzarmenaren funtsa ukitzen ez duten aldaketa teknikoak ezar ditzake.


SEIGARRENA.- Araubide ekonomikoa

Lankidetza-hitzarmen honek ez du sortzen sinatzaileen arteko kontraprestazio ekonomikorik. Hala ere, aldeek beharrezko inbertsioak egin beharko dituzte beren instalazioetan, hitzarmen hau sinatuta beren gain hartu dituzten betebeharrak betetzeko, betiere berez egin ahal izanez gero.


ZAZPIGARRENA.- Hitzarmenaren indarraldia

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori urtero luzatuko da automatikoki, gehienez ere hamabost urtera arte. Esku hartzen duen edozein administraziok berariaz denuntziatu ahal izango du hitzarmena, gutxienez iraungitze-data baino hiru hilabete lehenago.

Hitzarmenaren formalizazioa eta haren iraungipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta Beasaingo Udaleko iragarki-taulan argitaratuko dira.


ZORTZIGARRENA.- Hitzarmenaren berrikuspena

Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute hitzarmena berrikustea, bidezkotzat jotzen diren aldaketak egiteko.

Klausulak berrikusten badira, aldaketak aldeek sinatu beharreko gehigarri batean jasoko dira.

Gainera, aldeek, gehigarrien prozedura hori erabiliz, eranskinak sartzea itundu ahal izango dute, baina horrek ez du berekin ekarriko hitzarmeneko klausulak berrikustea.


BEDERATZIGARRENA.- Araubide juridikoa

Hitzarmen honek araudi lokalari jarraituko zaio, eta, haren osagarri gisa, Azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeari.


HAMARGARRENA.- Gatazkak konpontzea

Hitzarmen hau sinatu duten aldeek konpromisoa hartu dute hura betetzean sortzen diren gorabeherak elkar hartuta konpontzeko.

Hitzarmenaren garapenean eta betearazpenean aldeen artean auziren bat sortzen bada, eta bosgarren klausulan aipatutako batzorde teknikoak ezin badu konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan helegitea jarri ahal izango da, jurisdikzio hori araupetzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.


HAMAIKAGARRENA.- Komunikazioa

Aldeek hitzarmenaren beste sinatzailea ere aipatuko dute, bakarka zein batera hitzarmenaren gaiaz egiten dituzten komunikazio-egintza guztietan.

Hitzarmen hau Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko zaio.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmenaren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Josu Iñaki Ercoreca Gervasio

Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako Sailburua Consejero de Administración Pública y Justicia
del Gobierno Vasco


LANKIDETZA-HITZARMENA, BEASAINGO UDALAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ARTEKOA, INFORMAZIOAREN, ADMINISTRAZIOAREN ETA KUDEAKETA ELEKTRONIKOAREN ESPARRUKO ZERBITZUAK ELKARRI EMATEKO


ERANTSITAKO AGIRIAK

I. ERANSKINA. DATUEN TRANSMISIOA.
II. ERANSKINA. ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA UDALAREN ARTEKO DATU-BITARTEKOTZA.
III. ERANSKINA. JAKINARAZPEN ETA KOMUNIKAZIO ELEKTRONIKOEN ZERBITZUA.

 

I. ERANSKINA

DATUEN TRANSMISIOA

1. Xedea

Eranskin honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta udalen artean datuak transmititzeko baldintzak arautzea. Hortaz, bi aldeak informazioaren lagatzaile moduan nahiz lagatakoaren hartzaile moduan ari daitezke.

Lagatzaileak informazioa bere zereginetan diharduen bitartean biltzen du, administrazioa baitira, eta lagapen-hartzaileak, berriz, esleituta dauzkan eginkizunak betetzeko eskatzen du.

Nolanahi ere, informazioa indarreko arau-esparrua eta, bereziki, datu pertsonalen babesari buruzkoa errespetatuta eman eta eskuratuko da beti. Alde horretatik, trukatzen diren datu pertsonalak egokiak eta bidezkoak izango dira, eta ez gehiegizkoak, datu horiek lortzeko arrazoi izandako helburu jakin, esplizitu eta legezkoez nahiz esparruaz den bezainbatean, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 4. artikuluak xedatu bezala.

2. Informazioa ematearen helburua

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta udalen mendeko organoek eta erakundeek kudeatutako administrazio-prozeduretan interesa duten pertsonen datuak egiaztatzea, betiere aipatu prozedura horietan datu horiek baldintza badira.

3. Informazioaren edukia

Datuen lagatzaile bakoitzak elkarreragingarritasun-zerbitzuen katalogoa izan eta argitaratuko du lagapen-hartzaile diren erakundeentzat, nahi dutena kontsulta dezaten. Zerbitzu-katalogo horretan, zehatz jasoko dira trukatuko diren datuak, zerbitzuetara sarbidea izateko baldintza teknikoak, izapidetze-baldintzak eta lagapen-hartzaileak jakin beharreko beste edozein informazio.

4. Informazioa transmititzeko baldintzak

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa) aplikatuko dira datuen truke bitartekotuan.

5. Datu pertsonalen babesa

Aldeak honako hauetan xedatutakoak betetzera konprometitzen dira: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa; 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa garatzeko erregelamendua onartzen duena; eta Eusko Legebiltzarraren 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, hala nola hura garatzeko estatu- edo autonomia-mailako arautegia.

Aurrekoa oinarri hartuta, eta datuak kontsultatzeko, beharrezkoa izango da datuok nori buruzkoak diren begiratzea eta, gero, haren adostasuna izatea, lege-mailako arau batek kontsulta baimendu ezean. Baimena prozedura abiarazteko eskaeran agertu behar da, edo ondoko zeinahi komunikaziotan, sisteman kontsulta egin baino lehen eginez gero. Baimena modu sinesgarrian agerrarazten ez bada, ezin egin izango da kontsulta. Administrazio- prozeduren hasiera eskatzeko inprimaki edo formulario elektronikoak baimena jasotzeko prestatu behar dira.

Ematen diren datu pertsonalen arduradunak, informazioa laga baino lehen, fitxategi horiek behar bezala deklaratuta eduki behar ditu datuen babeserako kasuan kasuko agentzian. Tratamenduaz norbait arduratzen bada, aurreko arduradun horrek argibide egokiak emango dizkio datuetarako sarbidea eman dezan, hitzarmen honen xede diren zerbitzuak gauzatzeko.

6. Informazioaren eskuragarritasuna

Informazio-sistema asteko zazpi egunetako 24 orduetan egongo da eskuragarri.

7. Ezingo da eskatu informazioa beste sistema batzuk erabiliz bidaltzeko, ez eta herritarrari eskatu ere, banan-banan, ekartzeko informazio hori

  1. Lagapena hartzen duen administrazioak ez dio, lagatzaileari, informazioa, hitzarmenean, eranskinetan edo aldeek ituntzen dituzten aldaketetan adierazitakoak ez diren beste bitarteko batzuk erabiliz bidaltzeko eskatuko.
  2. Lagapen-hartzailea den administrazioak ez die eskatuko pertsona interesdunei lagatzaileak emandako ziurtagiriak edo bestelako agiriak aurkezteko. Aitzitik, informazio hori hitzarmen honetan ezarritako sistemaren bidez transmititzeko eskatuko dio lagatzaileari; non eta ez den ezinezkoa, arrazoi teknikoengatik edo antolamenduagatik, lagatzaileak informazio hori bidaltzea.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmen honetako I. ERANSKINAren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako.


Beasain, 2014ko abenduaren 4a


Josu Iñaki Ercoreca Gervasio
Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua

Koldo Agirre Mujika
Beasaingo Udaleko Alkatea


II. ERANSKINA

ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ESTATUKO GAINERAKO ADMINISTRAZIOEN ETA UDALAREN ARTEKO DATU-BITARTEKOTZA

1. Xedea

Eranskin honen xedea da Estatuko Administrazio Orokorraren, eta Estatuko gainerako administrazioen, eta Beasaingo Udalaren arteko Datu Bitartekotza arautzea (Beasaingo Udala, aurrerantzean, Udala izango da). Bitartekotza hori Presidentetzako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak emateko izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren ondorio da.

Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan, 2007ko ekainaren 22an, 11/2007 Legea onartu zen, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa, eta, haren 6.2b artikuluan, herri-administrazioek dauzkaten datuak eta dokumentuak ez emateko herritarren eskubidea jasotzen da. Lege-aurreikuspen hori eraginkorra izan dadin, Ogasun eta Herri Administrazioko Ministerioak datu horien bitartekotza-plataforma bat garatu du.

Plataforma horri esker, interesa duten herri-administrazioek herritarren datuak automatikoki eta bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu ahal izango dituzte, dela aipatu dokumentuak ekartzeko betebeharra kentzeko, dela datu horiek egiaztatu ahal izateko, betiere lege batek horretarako gaitzen baditu, edo herritarrak baimena ematen badu. Presidentetzako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak emateko izenpetutako lankidetza-hitzarmenari jarraikiz, toki-administrazioek onura atera dezakete administrazio elektronikoaren esparruan garatutako sistemen elkarreragingarritasunetik, eta, Eusko Jaurlaritzaren bidez, sarbidea izan dezakete hitzarmen horretako eranskinetan zerrendatutako zerbitzuek ematen dituzten funtzionalitateetan, edo etorkizunean gehitzen direnetan. Eusko Jaurlaritzak egingo du bitartekotza, bai estatu-administrazioetan dauden datuak EAEko gainerako administrazioei lagatzeko; bai eta EAEko gainerako administrazio horietan dauden datuak Estatuko Administrazio Orokorrari eta estatuko gainerako administrazioei lagatzeko ere.

Kontuan hartuta beharrezkoa dela administrazioak lankidetzan aritzea herritarrei zerbitzu integratuak emateko, eta kontuan hartuta, halaber, 11/2007 Legearen 4.e artikuluan jasotako printzipioa, eranskin honen xedea da zehaztea zer baldintza bete behar diren administrazioen arteko datuen bitartekotza-zerbitzua erabili nahi denean, administrazio-zereginak betetzean beharrezkoak diren datuak kontsultatzeko, legeak eskatutako segurtasun-, osotasun- eta konfidentzialtasun-bermeak betez.


2. Norainokoa

Eranskin honen aplikazioak Udalaren mendeko organoen edo erakundeen edozein aplikazio informatiko datuen bitartekotza-zerbitzua erabiltzeko gaitzen du, hitzarmen honetan azaldutako eran.

Zerbitzuaren barruan dago esparru pribatuko datuak trukatzeko oinarrizko plataforma baterako konexioa, oinarrizko zerbitzu batzuk izatea eta segurtasun-politika erkide bat egotea, Euskalsarea sarera konektatutako herri-administrazioen aplikazioen artean informazio-truke segurua egiteko, dokumentu honetan jasotako ezaugarrien eta baldintzen arabera.

Ogasun eta Herri Administrazioko Ministerioaren bitartekotza-plataformak web-atari informatibo bat izango du, eskainitako elkarreragingarritasun-zerbitzuei buruzko dokumentazio guztia jasoko duena, honako hauek barne: erabilgarri dauden elkarreragingarritasun-zerbitzuen katalogoa, zerbitzuetara sartzeko informazio teknikoa, eta haietan sartzeko baimen- formularioak.


3. Zerbitzu-emailearen betebeharrak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, berak ematen baitu zerbitzua, bere gain hartzen ditu honako betebehar hauek:

  1. Udalaren eskura jartzea herri-administrazioen arteko datuen bitartekotza-zerbitzua.
  2. Zerbitzuak integratzen proba egiteko inguruneak edukitzea, azken erabiltzaileen eskura jarri baino lehenago ondo dabiltzala bermatzeko.
  3. Udalaren integrazio- eta garapen-ekipoei beharrezko euskarria emateko mekanismoak prestatzea, udal horren aplikazioak zerbitzuekin integra daitezen.
  4. Beharrezko baliabideak izatea zerbitzuen erabileraren ondorioz sortutako gorabeherak eta kontsultak kontuan hartu eta erantzun egokia emateko.
  5. Egindako eragiketen auditagarritasun-elementuak ematea, transakzioei uko ez zaiela egin ziurtatu ahal izateko.
  6. Informazioa eta eskainitako bitartekotza-zerbitzuak behar bezala babesteko beharrezko segurtasun-neurri guztiak hartzea.
  7. Bitartekotza-zerbitzuak ematearekin zerikusia duten datu guztien eskalagarritasuna, sendotasuna, eskuragarritasuna, osotasuna eta konfidentzialtasuna bermatzea.

4. Zerbitzuen onuradunaren betebeharrak

Udala, datuen bitartekotza-zerbitzuaren onuraduna izaki, honako hauek egitera konprometitzen da:

  1. Konektibitate- eta hedapen-lan egokiak egitea, bere bulego edo instalazioetatik datuen bitartekotza-zerbitzuan sarbidea izateko EUSKALSAREAren bidez.
  2. Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean, hura garatzeko arauetan eta, bereziki, datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako benetakotasun-, konfidentzialtasun- eta osotasun-betebeharrak nahiz segurtasun-neurriak betetzea.
     
 

Azken eguneratzea: 2016/01/13