Kontu orokorrekin batera, datorren ikasturterako Musika Eskolako tasen %3,6ko  igoera ere onartu da. Bestalde, Irma Arnaiz zinegotziak bere karguari uko egitea aurkeztu du eta EHBilduk Aldundiari zuzentzeko Goierriko bidegorrien eraikuntzaren aldeko eskaeraren mozioa ez da aurrera atera 

Ekaineko udalbatza osoko bilkuraren lehen bi gaiak ekonomiarekin zerikusi zuzena izan dute. Batetik 2016ko ekitaldiari dagokion Aurrekontu Orokorraren likidazioa aurkeztu eta gero legeak eskatutako prozeduren ondotik udalbatza osoko bilkuran hauen onarpena burutu da. Alderdi guztiek aho batez onartu dute proposamena eta honela 2016ko kontu orokorrak itxita geratu dira.

Ondoren, Beasaingo Loinatz Musika Eskolan 2017/2018 ikasturtean aplikagarri izango diren tarifen proposamena onartu da. Aho batez hemen ere, datorren ikasturterako igoera %3,6 izango da. 

Halaber, gaurko bilkuran Irma Arnaiz Guillen zinegotziak bere karguari uko eginez, zinegotzi izateari utzi dio. Honi erantzunez, Udal gobernu taldeak, udalari eta herriari emandakoa aitortu dio eta eskertu bi urte hauetan berak gidatu duen sailean egindako lana eta erakutsitako konpromisoa aurrera eramandako proiektu eta ekimen guztietan. Berak egindako lanak jarraipena izango du Udal gobernuaren eskutik eta hutsean ez da geratuko . Sailarekin harremana duten Ikastetxe, eragile, elkarte eta talde guztiek Udalaren laguntza eta ateak zabalik izaten jarraituko dute inolako zalantzarik gabe eta euren proposamenei irekita jarraituko du Udalak. Gertatutakoak gertatu, udal gobernu taldea osatzen duten gizon eta emakumeek aho batez taldea uztea eskatu zioten. Eta alderdiaren Beasaingo juntak, bere aldetik, zinegotzi kargua uztea eskatu zion. Eskainua, eta zinegotzi izaten jarraitzeko aukera, bere erabakia izan da. Udal talde gobernuaren adierazpenak amaitzen du esanez, talde barruko jokabide printzipioek urrundu badituzte ere, aitortzen diote bidelagun izana bi urte hauetan Udal gobernu taldean eta emandako gauza on guztiekin geratzen direla.

Gai zerrendaren barruan, EHBildu taldeak aurkeztutako Goierriko Foru bidegorrien eraikuntzaren aldeko mozioa aurkeztu da eskaera eginez foru aldundiari Bizikleta bideen lurraldearen arloko plana bete dezan. Mozioari erantzunez, udal gobernu taldeak gogorarazi du Goierriko bidegorrien sarearen gehiengoa duela bi legegintzaldi egin zela (2007-2011) eta aurreko legegintzaldian, aldiz, ez zela apenas ezer egin. Gainera, 2011-2015 legegintzaldian bidegorrientzako planaren aurrekontuak murrizketa handia jasan zuela azaldu dute.  2013an onartutako bidegorrientzako foru arau berriak urteko 14 milioiko inbertsioa aurreikusi arren, urteko 2,5 gastatu ziren, beraz, aurreko legegintzaldia apenas eraiki ziren bidegorri berriak,  zehazki 12km. 2007-2011 bitartean aldiz, 100km egin ziren.

Udal gobernuak aipatu du oraingo foru gobernuari dagokiola araua betetzea, eta ados daudela benetako bidegorri sare baten beharraz. Horregatik Udalak  Aldundiari plan honen inguruan dituzten aurreikuspenei buruzko galdera zuzenduko dio. EH Bilduk bidegorriei buruz aurkeztutako mozioa ez zen aurrera atera aldeko eta aurkako botoak (8 aurkako botoak EAJ-PNV eta 8 aldeko botoak Beasaingo EH BILDU eta Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak) berdinak izan zirelako eta berdinketa dagoenean alkatearen kalitatezko botoak erabakitzen du.

            Kiroldegiko langileen presentzia udalbatzan

Erregu eta galderen tartean egun Kiroldegiko langileek dituzten eskarien haritik euren aldarrikapenak adierazi dituzte Udalaren esku hartzea eskatuz. Udal gobernuak honi erantzunez zenbait argibide eman ditu.

Kiroldegiaren gainean Udalaren ardura eta erantzukizuna kalitatezko zerbitzua eskaintzen dela ziurtatzea da. Langileekiko duen konpromisoa, lan baldintza egokiak bermatzen zaizkiela ziurtatzea.

Gauzak honela, Udalak Masquatro enpresarekin kontratu bidezko harremana du. Kontratua betetzen dela eta eskaintzen diren zerbitzuen jarraipena emateko erantzukizuna du Udalak. Gainontzeko zerbitzu guztiekin duen esleipen bidezko kontratuekin bezala; kale garbiketa, lorategiak, ongizate saileko eguneko zentroa, eta abar.

Langileekin, kontratuan adierazten den moduan, ez du ez lan harremanik, ez juridikorik, ez bestelakorik. Lan baldintzen adostasunak enpresa eta langileen artean lortutako akordioen bidez eman behar dira. Eta Udalak noski bi aldeak elkarrekin hitz egin eta konpontzeko ahaleginak egingo ditu. Eta hala eskatu die bi aldeei alkateak.

Alkateak ere gehitu du, Kiroldegiak eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea bertan egiten diren inbertsioei hertsiki lotua dagoela. Inbertsio horiek ez dira baliabide materialak bakarrik, baita ere giza baliabideei dagozkienak. Aipatu inbertsioak egin ahal izateko, finantza oreka mantentzea da gakoa, diru sarrera eta gastuen artekoa.  Gastuak jaisteko egin ez ziren energia kontsumoan aurrezteko inbertsioak jarri berri ditu martxan Udalak, aurreko urteetan egin ez zirenak, eta bazkideen kuoten ekarpena ere kontutan hartu beharko da. Honela lortu ahal izango da Udalaren helburu nagusia; kiroldegiaren mantenua bazkide eta erabiltzaileen gain egotea.