Loinatz jaien ondoren, Oria ibaira jaurtitako zaborrak biltzeko parte hartzea ireki du Udalak. Hurrengo asteazkenean hilak 14, arratsaldeko 17:00etan, Arana kalean (Bonberia eraikina) da hitzordua eta izena eman beharko da galdetegi bitartez. Herriaren erdigunean egingo da garbiketa eta parte hartzaile bakoitzari asegurua egingo dio Udalak

Bai aurretik eta bereziki Loinatz jaiek utzitako festa-ajearen ondorioz, herriguneko ibaiaren arroan zabor eta hondakinak pilatu dira eta beharrezkoa da garbitzea. Mozorro egunean jaimak jarri zituzten gazteekin hartutako konpromisoaz gain, erreka garbitzeko deialdi irekia egin du Udalak herritarren artean hondakinek ingurumenean sortzen duten kalteaz jabetzeko. Hartara, garbiketa burutzeko eguna eta ordua finkatu dira: asteazkenean, ekainak 14, arratsaldeko 17:00etan Arana kalean (Bonberia eraikina). Antolaketa egokia burutu ahal izateko eta garbiketa lana baldintza egokietan egiteko, parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du galdetegi hau betez.

Batik bat, udalerriaren erdigunean egingo da garbiketa, hain zuzen ere Zaldizurretako biribilgunearen eta Gipuzkoa plazako zubiaren arteko ibai-bidean.

Parte hartuko duen talde bakoitzari Udalak zabor bilketarako beharrezko eskularruak eta zabor poltsak emango dizkio. Parte hartzaile bakoitzaren esku geratzen da arropa eta oinetako egokiekin joatea garbiketa egunean. Udalak garbiketa zerbitzuko langileak jarriko ditu inongo arriskuri egon ez dadin.

Erreka garbiketan parte hartzen duen guztiri, segurua egingo zaio. Beraz, auzolanean partu hartu nahi duen guztiak izen-abizenak, jaioteguna eta NAN/DNI zenbakia zehartu beharko ditu galdetegian. 

Herritarren ardurari deia

Herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea ezinbestekoa da Udalarentzat herria eta herritarren ongizatean eragin zuzena duelako. Ibaiko landarediaren mantenua bere gain hartzen du Udalak baita garbitasunaren ardura ere eta honela ingurumena zaindu eta etorkizuneko Beasain eraiki eta babesteko konpromisoari eusten dio. Gogorarazi behar da ura oinarrizko bizi-ondasun bat dela, gure mendeko ekosistemak sostengatzen dituena eta gure ongizaterako zaindu eta kudeatu behar duguna. Ibaiak ur inguruneak dira eta hauen babesa eta kontserbazioak eragin zuzena du gugan. 

Hortaz, aldiro biltzen den zabor kopurua kontutan izanik, Udalak herritarrak arazo honetaz sentsibilizatzen jarraitu nahi ditu bide batez.