Beasaingo Udalak herriko eragileekin batera kolektibo honen errealitatea ikusarazteko ekitaldi sorta aurkeztu du eta hezkuntza komunitatean zabaltzen duen Beasain Parekide buletinaren berri eman du

Ongizatea eremu eta kolektibo guztietara zabalduz genero aniztasunaren egungo errealitateari erreparatzea ere udal gobernuaren ardura bada eta hori horrela Trans zikloaren laugarren edizioa aurkeztu dute udal ordezkari eta antolatzaileek. Igartza jauregian bildu dira horretarako Leire Artola alkatea, Amets Arrospide berdintasun zinegotzia, Ekaitz Goikoetxea antolatzailea eta Lidia Hernandez Beasain Parekide buletinaren arduraduna.

Alkateak aurkezpenean adierazi duenez, pertsonak helburu hartuta, trans kolektiboaren errealitatea eta egoera ikutarazi eta honen aldeko sentsibilizazioan eta aitortzan pausoak ematen jarraitu behar da, elkarrekiko errespetuzko harremanak sustatu eta genero edo sexuzko diskriminazio mota guztiak albo batera uztea beharrezkoa delako. Honi lotuta, Beasaingo Udalak Daiteke Gizarte aholkularitza enpresarekin herriko hezkuntza zentroetan banatzen hasi zuen Beasain Parekide buletinaren berri ere eman du. Maiatzean buletinaren hirugarren zenbakia kaleratuko du.

Laugarren edizioa 

Beasaingo Udalaren eginkizuna eta konpromisoa ziklo hau sortu zuenetik mantentzen du eta horrela jarraitzen du laugarren honetan ere. Gogoratu behar da iaz burutu behar zela laugarren edizioa baina egitaraua prest eta itxita eduki arren bertan behera utzi behar izan zen Covid 19agatik. Orduko egitarauan hitzartuta zeuden zenbait ekitaldi aurtengo Martxoaren 8ko programazioan txertatu eta gauzatu ahal izan dira. 

Aurten, eta bizi dugun egoerak baldintzatuta bada ere, osasuna babesteko segurtasun eta prebentzio neurriak betez gauzatuko da. Beasaingo eragile eta elkarte guztiekin bezala udalak bere baliabide eta bitartekoak jarri ditu egitarau honen antolaketarako. Egutegian bi data esanguratsu azpimarratuko dira; maiatzaren 17a, LGTBIQ fobiaren aurkako eguna eta ekainaren 28a, LGTBIQ pertsonen eskubideen nazioarteko eguna. Bi egun horietan ekitaldi bereziak egitea aurreikusi da.

Prestatutako egitaraua apiriletik ekainera arte luzatuko da. Hiru ekitaldik osatuko dute zikloa. Ekitaldi guztiak Igartzako jauregian burutuko dira ordu berean, arratsaldeko 19:00etan. Lehena apirilaren 30ean izango da “Mi pequeño gran Samurai” dokumentalaren emanaldia eta ondoren Elaxar Lersundiren solasaldia. Maiatzaren 28an “Transitos” liburuaren gaineko solasaldia burutuko da eta azkenik ekainaren 27an Bertso-trans saioa izango da honako bertsolari hauekin: Alaia Martin, Uxue Alberdi, Maddi Aiestaran, Maider Arregi eta Jon Martin. Gai jartzaile lanak Amaia Agirrek egingo ditu. 

Beasain Parekide buletina

Honekin batera, Udalak ikasturte honetan abian jarri dituen buletinen berri eman du. Joan den urtean, ikastetxeekin eta guraso elkarteekin izandako bileretan agerian geratu zen pandemiaren eraginak ondorioak izango zituela Udalak orain artean  ikastetxeei eta familiei eskaintzen zizkien ekimenetan.  Hori baretu asmoz, Udalak hiru hilabeteko epean ikastetxeei buletin monografikoak eskaintzeko konpromisoa hartu zuen, euren behar eta interesei erantzun asmoz. Buletin horiek  hainbat atal dituzte hitzen definizioak, pertsonaia ospetsuak, jokoak, erabilgarriak izan litezkeen hainbat baliabide… eta baita gaia eta Beasaingo herria uztartzen dituen atala ere. 

Egun, bi buletin jaso dituzte ikastetxeek: lehena azaroak 25 emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren ingurukoa eta bigarrena ipuinak, jolasak, abestiak, filmak… ez sexistak aukeratzeko gakoei buruzkoa. Ziklo honen barne, hirugarrena ere laster eskuratuko dute, maiatzean gai honen inguruan “Hezkuntza afektibo sexuala”.

Buletin hauek ikastetxeentzat ez ezik, familientzat ere erabilgarri izango direla uste du Udalak eta horregatik, guraso elkarteekin elkarlanean euren esku ere jarriko ditu. Horretaz gai, Udaleko webgunean ere jarriko dira edozein herritarrek kontsulta eta erabil ditzan.

Antolatzaile zein udal ordezkariek, herritarrak ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen dituzte beti ere egun indarrean dauden osasun, segurtasun eta babes neurriak betez . 

BeasainTranszikloa