Beasaingo emakumeen lanbideak, memoria historikoa, genero identitatea eta ahalduntzea aurtengo ekimenen ardatzak 

Udalak eta herriko emakume taldeek elkarlanean osatutako egitaraua Ixabel Olano plazan aurkeztu dute 

Aurtengo martxoaren 8aren inguruan antolatu den egitarauaren aurkezpenerako tokia Ixabel Olano beasaindarraren omenez bere izena daraman plaza aukeratu dute Udalak eta herriko emakume elkarteek. Esanahi berezi horrekin, ekitaldi sorta eta aurtengo aldarrikapenak azaldu dituzte udal arduradun eta herriko eragileek. 

Beasaingo Udalak emakume eta gizonen arteko berdintasunean pausoak ematen jarraitzeko konpromiso horri hertsiki lotuta jarraitzen duela adierazi du Leire Artola alkateak. Udalen elkartearen (EUDEL) pdf adierazpenarekin (81 KB) bat eginez, pandemiak eta haren kudeaketak baldintzatutako urte honetan, honek bereziki emakumeei eragindako ondorio negatiboetan jarri du azpimarra. 

Alkateak adierazi duenez “pandemiak gure bizitza zein zaurgarria den erakutsi digun honetan, zaintzen ardura emakumeei egokitu zaie; bai etxe barruan eta batez ere krisi sanitario eta sozial  honetan funtsezkoak diren zerbitzu askotan. Are gehiago kolpatu ditu estatus okerrenean modu prekarioan dauden emakumeak”. Horren aurrean, gaineratu du Artolak, “aurrera egiteko erantzunkidetasun handiagoko gizarte eredu baterantz lan egingo dugu gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko”. 

Egitarau zabala eta anitza

Emakumeen Nazioarteko eguna ospatzeko   pdf egitarauan (1.50 MB) barneratu diren ekimenak arlo askotarikoak dira; zine emankizunak, dokumentalak, laburmetraiak, antzerkia, hitzaldiak, liburu aurkezpena… guztiak emakumea dute ardatz eta oinarri. Berdintasun saileko zinegotzia den Amets Arrospideren esanetan, ekimen guztiak hiru gai nagusitan banatzen dira: memoria historikoa, genero identitatea eta herriko emakumeen ahalduntzea. 

Bestalde, Arrospidek pandemiak behartuta gorde behar diren segurtasun eta babes neurriak direla eta, aurtengo martxoaren zortzia desberdina izango dela aipatu du baina, hala ere, aldarrikapenekin jarraitu behar dela. “Ez elkarretaratze eta ez manifestaziorik ez da Udaletik deituko, baina aldarrikapenak egingo ditugu”. 

Martxoaren inguruan antolatutako egitarauan Udal Euskaltegiak, Asmube elkarteak, Trans zikloak, Oriako lamiak eta Goieniz zine klubak parte hartu dute Udalaren laguntzarekin. Udal Euskaltegiak urtero bezala M-lehiaketa abian jarri zuen joan den astean egunero egiten duen galderarekin. Hala ere, egitarauan agertzen diren ekitaldiak martxoaren amaiera arte luzatuko dira; lehena martxoaren 4an izango da; Usurbe antzokian “Entre nosotras” filma eskainiko da (19:00etan). Lilatoi birtuala 5, 6, 7,eta  8an egin ahal izango da. Adierazpen instituzionalaren irakurketa Erauskin plazan burutuko da martxoaren 8an eta 17:30etan Urbieta etxean “Emakumeak fabriketan” hitzaldia eskainiko du Elixabete Garmendia kazetariak. “Woman” dokumentala Usurbe antzokian ikusi ahal izango da martxoaren 10ean, 19:00etan eta “Ama Alu Lur” antzezlana hilaren 19an taularatuko da Usurben 19:00etan.

On line ikusteko aukera hurrengo egunetan  

Martxoaren 11an, 19:00etan,  “Florecica-Joseina Lamberto” dokumentalaren emanaldia izango da eta ondoren hitzaldia egileekin. Martxoaren 25ean Zinegoak-en film laburren proiekzioa eskainiko da 19:00etan hasita Usurben eta martxoaren 30ean azkenik ”Eleonora hija del bosque” liburuaren aurkezpena eta egilearekin hitzaldia egongo da Igartza jauregian 18:00etan hasita. Aipatu “Florecica-Josefina Lamberto” dokumentala on line ikusteko aukera egongo dela12, 13 eta 14an eta berdin Zinegoak-eko laburmetraiak 26 eta 27an. 

Amaitzeko, berdintasun zinegotziak elkarteen arteko lankidetzak duen garrantzia azpimarratu du. Emakumeen Mundu Martxa dela eta, lankidetzan aritu dira herriko bi emakume elkarteak, eta egitarau hau osatzeko ere ezinbestekoa izan da beraien partaidetza. 

Kartelam8 page 0001