Udalak ez du ospakizun publikorik antolatu baina herritarrak Beasaingo bandera balkoietan jartzera gonbidatzen ditu

Beasaingo zaindariaren egunari nortasuna emateko helburuz Beasaingo Udalak herriko elkarteekin batera urtero lantzen duen egitaraua ez da aurten gauzatuko. Covid 19ak eragindako osasun krisiak babes eta segurtasun neurriak zorrotz betetzea eskatzen duenez jende pilaketak eragin ditzaken ekitaldirik ez antolatzea erabaki du Udalak. 

Bertan behera geratu dira Beasaingo Odolkiaren kofradiaren kapituluari dagozkion ekitaldiak, tartean kofradia kide berrien izendapenak. Halaber, Aranealde erretiratuen elkarteak antolatzen dituen omenaldi eta ospakizunak ere. 

Beasaingo bandera balkoietan

Dena den, otsailaren 5a Loinazko San Martin misiolari beasaindarra hil zuteneko data izanik haren omenez jai egun izendatutako eguna da Beasainen. Ekitaldi publikorik antolatu ez denez eta Beasaindarron artean egun seinalatua izaten jarraitzeko asmoz, Udalak herritarrei balkoietan Beasaingo bandera jartzeko gonbitea luzatzen die. 

Bandera, iaz ospatu ez ziren Loinatz jaietan balkoietan jartzeko ekimena berritzailea izan zen eta otsailaren 5ean ere ekimen hau errepikatzeko proposamena egin nahi da Udaletik.

Urrezko aizkolarien saioa publikorik gabe

Kirolak eta musikak bere tartea izan ohi dute egun honetan baina aurten herri kirolei dagokien ekitaldia izango da baina publikorik gabe. Hala ere Udalak kirola eta nortasunarekin zuzenean lotutako kirol jarduera hau bultzatu eta babestu asmoz Beasainera ekarri nahi izan du. 

Otsailaren 6an, larunbata eguerdiko 12:00etan izango da ekitaldia. Egitarauaren arabera urrezko binakako aizkolarien Eusko Label Saria txapelketan Oier Kañamares eta Xuban Kañamares, Luis Txapartegi eta Kepa Peñagarikanoren aurka lehiatuko dira. Urrezko harrijasotzaileen txapelketan zortzi arroako hiru harriekin Beñat Telleria, Hodei Iruretagoiena “Izeta IV” eta Jagoba Otaegi arituko dira nor baino nor eta emakumezkoen harrijasotzean Karmele Gisasola “Zelai III” izango da lanean. Euskal Telebistak ekitaldia grabatuko du bere lehen katetik emititzeko. Euskal Telebistak ekitaldia grabatuko du eta igandean otsailak 7 arratsaldeko 16:00etan emitituko du bere lehen katetik.