Merkataritza sektorea biziberritzeko laguntzen osagarri, erakusleihoetan biniloak jarri dira hutsik dauden lokalak berrerabiltzeko deituz

Laguntzak alokairurako kostuaren %50 edo 3.600 euro urteko izan daitezke 

Udalerriko merkataritza eta zerbitzu sektorea suspertzea eta hutsik dauden lokalen berrerabilera bultzatzeko beste ekimen bat burutu du Udalak, tokiko ekonomia aktibatzeko, espazio hutsak betetzeko eta kaleei bizia emateko. Herri bizi bat nahi bada, merkataritza bizi bat behar delako. 

Izan ere, herritarren arteko harremanak ehun soziala indartzen dute eta egunerokotasunaren eta ohituren topalekuak dira dendak, saltokiak eta zerbitzuen arloko bulegoak. 

Arrazoi horiek medio, jendearen arreta erakarri nahian, lokal hutsetako erakusleihoetan binilozko iragarkiak jarri ditu udalak. “Kale bixi, herri bizi” leloa eta Ireki hitzaren bidez, lokal hutsa betetzeko deia egiten du Udalak eta hori errazteko eskaintzen dituen laguntzei buruzko informazioa ematen du, merkataritza sailarekin harremanetan jartzeko bideak adieraziz.

Alokairu gasturako edo erosteko laguntzak

Udalak otsailean onartutako oinarrietan, tokiko merkataritza suspertzeko konpromisoari atxikiz, hiru urtez alokairu gastuak diruz laguntzea eta lokala erosteko ere laguntza ematea jasota utzi zuen.  

Tokiko merkataritza eta ekonomia sustatzeko eta bultzatzeko bideratutako diru laguntzak, udalerrian dauden lokal hutsak berrerabiltzeko helburuari daude lotuta. Funtsean eta bereziki J. M. Iturriotz kalean dauden lokalek izango dute lehentasuna nahiz eta udalerri osora zabalduta dagoen egitasmoa. 

Baldintza nagusiak hauek dira: alokairu kontratua gutxienez 3 urtekoa izan behar da, lehenengo urtean alokairu gastuaren %50, gehienez 300 euro hilean, lagunduko da. Bigarren eta hirugarren urtean aldiz, alokairuaren %40, gehienez ere 200 euro hilean. Establezimendua erosiz gero, diru laguntza katastroko balioaren %4 izango da, gehienez ere 2.000 euro. Honekin batera barruko zein kanpoko errotuluak euskaraz egon beharko dira. Eskaerak Igunean egin daitezke. 

Lokal hutsak 2