Beasaingo XXXV. Odolki dastatzea eta lehiaketa azaroko bertako produktuen azokarekin bat egingo du Erauskin plaza eta Gernika pasealekuan

Azokan orotariko produktuak salgai izango dira eta kandelak eta egurra lantzeko tailerrak antolatu dira 

Argizpi Argazkizale Ekarteak aspaldiko partez, argazki rallya antolatu du egun honetarako

Azaroaren 2an egingo den hileroko bertako produktuen azokak bat egingo du Beasaingo Odolkiaren kofradiak urtero antolatzen duen odolki dastatze eta lehiaketarekin. XXXIV. edizioa izango da larunbat honetan egingo dena eta aurtengo odolkigile onena aukeratuko dute.

Azokan ia 50 postu inguru kokatuko dira eta Erauskin plaza eta Gernika pasealekua hartuko dituzte. Garaian garaiko produktuek izango dute protagonismoa ohi bezala baino hauez gain, azokan hainbat motatako produktu ezberdinak izango dira salgai goizeko bederatzietatik aurrera.

Besteak beste, eztia, hestebeteak, goxoak, kontserbak, gazta, perretxikoak, gatza, barazkiak loreak eta nola ez odolkiak salduko dira. Bestalde, tailer didaktikoaren orduan, kandelak egiteko tailerra eta egurra lantzeko tailerra eskainiko dira. 

Honi lotuta esan, Argizpi Argazkizale Elkarteak egun honetarako argazki rallya antolatu duela. Azkena duela hamarkada bat antolatu zuen eta oraingo hau Herriz Herri 2019 lehiaketarako baliagarria izango da. Informazioa www.argizpi.com helbidean aurkitu daiteke.

Larunbat honetako egitaraua beraz eta Beasaingo XXXV. odolki dastatzea eta lehiaketaren egunari lotuta hauxe izango da egitaraua:

9:00etan Bertako produktuen azokaren irekiera eta Argizpi argazkigintza elkarteak antolatutako argazki rallya hasiko da

11:30ean XXXV. Beasaingo Odolki dastatzea eta lehiaketaren hasiera

13:00an Odolki lehiaketako sariak banatzea

Hileko lehen larunbateko azoka berezia, duela ia bi urte Udal gobernuak martxan jarritako egitasmo berria da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada. Horretarako azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatzen da hilero.