Udako nahiz neguko barazkien eskaintza larunbat honetako azoka berezian

Urriaren 5ean izango da hileko lehen larunbateko bertako produktuen azoka berezia.  Loinazko San Martin plaza azpira gerturatzen direnek, udako produktu batzuk ez ezik negukoak ere erosteko aukera izango dute. Udako produktuen artean, besteak beste, tomatea, piperrak  eta berenjenak izango dira. Negukoen artean, azak, azaloreak eta porruak izango dira. Barazkiez gain, ohi bezala, loreak, eztia, gazta, gozoak, haziak, ogia eta txerrikia ere izango dira. Azokan erosketak egindakoen  guztien artean erosketa poltsak eta zenbait errezeta jasotzen dituen liburuxkak banatuko dira.

Tailerraren atalean, azaroaren 2ko odolki lehiaketa eta dastaketa eguna gerturatzen ari denez, motorrak berotzen hasteko, Iban Mate sukaldariak osagai nagusi odolkia duten pintxoak egingo ditu eta gero horiek dastatzeko aukera izango da.

Azoka girotzeko Loinatz Musika Eskolako trikitilariak eta pandero-joleak izango ditugu 12:00etatik aurrera, ohi bezala.

Larunbat honetako egitaraua hau izango da:

10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.

11:30 Odolki pintxoak egiten ikasteko tailerra Iban Materen eskutik.

12:00   Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta panderojoleek kaleak eta azoka girotuko dituzte. 

 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa  azokan erosketak egindakoen artean.             

 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Hileko lehen larunbateko azoka berezia, duela ia hiru urte  Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen baserritarren lana balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada. Horretarako, azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatzen da hilero.